Literatura

Hilketa politikoa: teorian eta praktikan

Aldous Huxleyren 'Bai mundu berria' euskaraz argitaratu zela 50 urte dira. Beste bat da, ordea, idazle ingelesaren nobelarik konplexuena eta anbizio handikoena: 'Point Counter Point', intriga paraleloekin eta argumentuen kontrapuntuaz.

Aldoux Huxley, 1930ean. DOROTHY WILDING / LONDRESKO NATIONAL PORTRAIT GALLERY.
Gorka Arrese.
2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Edorta Jimenezen Azken fusila (1993) nobela gogoangarrian Aldous Huxleyren Point Counter Point (1928) eleberria aipaturik dator dozena bat bider. Irakurlea apur bat liluratuta geratuko da, harrituta beharbada, baldin eta Huxleyren liburua irakurrita ez badauka edo haren entzuterik inoiz izan ez badu.

Azken fusila nobelaren hirugarren kapituluan, Point Counter Point eleberriaren ingelesezko edizio bat iritsi zaio postaz Onofre pertsonaia nagusiari, guardia zibil bat hil duen eta ihesi joan den Juan adiskideak urrutitik bidalia. Onofre ingelesezko liburu hori irakurtzen hasiko da orduan, eta ondoren kapitulu askotan agertuko da, ia amaierara arte.

Azkenfusila kontakizunean hilketa politiko garrantzitsu bat burutzeko asmoa izango dute protagonistek. Beste era batean, Point Counter Point eleberrian, kontu eta korapilo ugariren ostean, hilketa politiko bat izango da bukaeran.

Aldous Huxley (1894-1963) idazle ingelesaren nobelarik ezagunena Bai mundu berria (Brave New World) zientzia fikziozkoa da, 1932an argitaratua. Estatu Mundiala izeneko gizarte bat azaltzen du 2540. urtean, zientzia eta efizientzia oinarritzat dituena. Haurrak klonazio eta inkubazio bitartez sortzen dira, eta gizartean izango duten mailaren eta perfekzioaren arabera hartzen dituzte era bateko edo besteko gai kimikoak eta hormonak. Aurten, hain zuzen, 50 urte dira euskaraz plazaratu zuela Lur argitaletxeak, Xabier Amurizak itzulirik.

Baina distopia hura idatzi aurretikoa da Point Counter Point, Huxleyren eleberri luzeena, egituraz konplexuena eta anbizio handikoena. Frantsesez Contrepoint, espainieraz Contrapunto, alemanez Kontrapunkt des Lebens, 600 orrialdekoa da. Londresen argitaratu zen, 1928an, eta Lehen Mundu Gerraren ostean hiri hartako gizarte burgesaren kritika egiten du.

Pertsonaietako batzuk

Askotarikoak dira harrotzen dituen gaiak: politika, jabetza, industria, zientzia, aurrerabidea, iraultza, literatura, biologia, familia, lagunartea, gizarte klaseak, gaixotasuna, amodioa, heriotza, desira, hilketa eta abar. Asko dira pertsonaiak ere, Huxleyren oso antzekoa den Philip Quarles delako baten bidez aurkeztuak, denak dohakabeak, nola edo hala.

Idazlea da Quarles. Elinor Bidlakerekin ezkonduta dago; honek maite du hura, baina Everard Webley politikari faxistarekin sexu jolasetan ibiliko da.

Legebiltzarrean bost urte egin ditu Webleyk: «Nahikoa denbora izan da konturatzeko orain Legebiltzarrak ez duela ezertarako balio. Ingalaterra ekintza zuzenez besterik ez da salbatzen ahal. Salbatu eta gero hasiko gara berriz Legebiltzarrari buruz pentsatzen». Webley zaldi zuri baten gainean agertu da Hyde Parken egindako mitin jendetsu batean.

Mark Rampion pintorea eta intelektuala da. Esan ohi da Huxleyren adiskide D.H. Lawrence idazlearen moduko bat dela. Gizarte modernoaren kritika zorrotza egiten du. Adibidez: «Industriaren aurrerapenak superprodukzioa dakar, merkatu berriez jabetzeko premia, nazioen arteko etsaigoa, gerra. Aurrerabide mekanikoek espezializazioa eta lanaren estandarizazioa dakarte, handizka prestatutako dibertimendu kolektiboa ugaritzea, sorkuntza gaitasuna ahultzea».

John Bidlake pintore heldua eta famatua da, Elinorren eta Walterren aita. Maldan behera doa, gero eta okerrago.

Walter Bidlake kazetaria eta idazlea da. Lucy Tantamountekin txoratuta dago. Nancy Cunard poetarengan inspiratutako pertsonaia da Lucy.

Lord Edward Tantamount, Lucyren aita, aristokrata da. Ikerketa zientifikoak maite ditu. Harentzat lan egiten du Frank Illidge biologo gazteak.

Komunista da Illidge. «Gorroto ditut aberatsak!», esaten du. «Denak hiltzea gustatuko litzaidake!». Maurice Spandrell poetak arrapostu eman dio: «Egunen batean zeure hitza betearaziko dizut. Gizonak ehizatzera gonbidatuko zaitut».

Spandrell nihilista da, bere gisara. «Dinamitaren aldeko dinamita: horra, nire kredoa». Illidgeren ideia ezkertiarrei iseka egiten die: «Alde txiki bat izaten da beti teoriaren eta praktikaren artean». Illidge hilketa politikoaren alde mintzatu zitzaionez gero, Spandrelli buruan sartu zaio Webley faxista akabatzea. Eta nobelaren amaieran hilketaren lekukoa izatera eramango du Illidge.

Ideien nobela

Huxleyk kontakizun hau idaztean izan zituen asmoak Quarles pertsonaiaren bitartez tantaka agertzen ditu nobelan barrena, eta zehazki XXII. kapituluan. Ideien nobela bat izan dadin nahi du; horrenbestez, pertsonaia bakoitzak bere ideien bozeramailea izan beharra dauka, eta ideien araberakoak izango dira haien portaerak. Quarlesen iritziz, «ideiak adierazi behar dituzten pertsonaiak eszenetan sartzeko premia da ideien nobelaren akats behinena». Behartua eta artifiziala izateko arriskua ez da txikia.

Herrialde guztietan toki onak badira, baina bihotzak Huxleyri esan zion ez ahanzteko Miarritze (Lapurdi). Kontrapuntua eleberrian zeharka aipatzen du, XXI. kapituluan: Miarritzeko neska ikuskizunaren 400. emanaldia izatekoa da Gaiety antzokian. Bai mundu berria eleberrian XV.ean ageri da: «Miarritzera joateko asmoa zeukaten Helmholtzen lau plazako deportikopteroan».

Aldous Huxley 1963ko azaroaren 22an hil zen, Kaliforniako Los Angelesen. Egun hartan bertan, Texasko Dallasen, John Fitzgerald Kennedy AEBetako presidentea tiroz hil zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.