Albistea entzun

Orwell, berridatzia

George Orwell hil zela 73 urte igaro diren honetan, 'Abereen etxaldea'-ren egilea ingeles literaturaren erreferenteetako bat da oraindik ere. Biografia batek haren argi-ilunak ekarri ditu azalera.
George Orwell, Bigarren Mundu Gerran, BBCrako lanean aritu zenean.
George Orwell, Bigarren Mundu Gerran, BBCrako lanean aritu zenean. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Lizarralde -

2023ko ekainak 4

Laudatua bezain kritikatua, George Orwellen figura (Motihari, India, 1903-Londres, 1950) eztabaida iturri da oraindik ere. Asko idatzi da idazleari buruz, haren pentsamendua eta bizitza behin baino gehiagotan aletu dira, eta badira haren hogeitik gora biografia argitaratuak. Horietako azkena da Orwell: The New Life, D.J. Taylorrek idatzi eta ingelesez aurten kaleratu dutena.

Hau ez da Taylor Orwellen bizitzara gerturatu den lehendabiziko aldia. Izan ere, 2003. urtean publikatu zuen 1984 nobelaren egilearen gaineko bere lehenengo biografia (Orwell: The Life), eta, hogei urte pasatu ondoren, material berria eskuetan —batez ere, azkeneko urteetan azalduz joan diren eskutitzak, baina baita lagunekin eta garai zailenetan hura ezagutu zutenei egindako elkarrizketak ere—, hura berridazteko beharra sentitu du. Alde horretatik, liburu berriak ez du proposatzen informazio berri horien gehikuntza hutsa, ezpada Orwell izan zen pertsonaren eta idazlearen berrikuspen bat. 13 urte zituela irakurri zuen aurrenekoz Orwellen lan bat Taylorrek, eta, orduz geroztik, haren lanaren jarraitzaile eta miresle izan da: «Bera da nire plazera; XX. mendeko beste titan bat ere hurbiltzen ez zaion idazlea». Alde horretatik, Taylorrek Orwellen erretratu gizatiar bat osatu du, haren bizitzaren argi-ilunak azaleratuz, bere bizitza —eta pentsamendua— kontraesanez betea egon zela agerian utziz.

Taylorren biografian, pisu nabarmena hartzen du Orwellek Espainiako gerran bizitakoak. 1936ko ekainean, frankistak matxinatu baino hilabete lehenago, Eileen O'Shaughnessy idazlearekin ezkondu zen, eta urte bereko abenduan Kataluniarako bidea hartu zuen emaztearekin, Europan zabaltzen ari zen faxismoari aurre egiteko helburuarekin. Ordurako sozialismora gerturatzen hasia zegoen Orwell, baina, Taylorrek dioenez, artean bere ideia politikoak ez zeuden erabat formatuta. Bidean Henry Millerrekin afaldu zuen Parisen, eta Tropic of Cancer-en egileak esan zion gerrara borrokara joateko beharra sentitzea «ergelkeria» zela, eta gauza bera gertatzen zela «faxismoa borrokatzeko eta demokrazia defendatzeko» ideiekin.

Bartzelonan boluntario errepublikano gisa igaro zituen sei hilabeteak, ordea, ezinbestekoak izan ziren Orwellentzat bere ideia politikoetan sakontzeko. Zauritu egin zuten, eta, gainera, indar errepublikano barneko borrokak bertatik bizi izan zituen. POUM milizia troskistan integratuta —haiekin hasi ziren borrokan ILP Ingalaterrako Alderdi Laborista Independenteko kideak—, 1937ko maiatzean Bartzelonan izandako istiluen ondoren, POUM faxisten kolaboratzailetzat jo zuen PSUC alderdi komunistak, eta Errepublikako gobernuak legez kanpokotzat jo zuen.

Taylorren iritziz, horrek guztiak eraman zuen Orwell bere jarrera politiko antiautoritarioa finkatzera. Idazleak berak honako hau adierazi zuen orduan: «Sozialismoan sinesten dut, lehen egin ez dudana». Beste ondorio bat ere izan zuen Katalunian gertatutakoak. Handik aurrera gogo biziz gorrotatuko zuen estalinismoa. Hori guztia bere lehenengo liburu politiko garrantzitsuan islatuko zuen: Homage to Catalonia (1938, Omenaldia Kataluniari).

Homofobiaren orbaina

Taylorrek Orwellen pentsamenduaren beste alderdi batzuetan ere jartzen du arreta, eta, aurretik ere kontu ezagunak izan arren, nabarmentzen du kanpora begira sozialismoaren eta autoritarismoaren kontra sutsu jokatzen bazuen bera ere autoritarioa izan zitekeela. Gainera, ez zituen inoiz ezkutatu bere jarrera homofoboak. «Ez naiz [Wystan Hugh] Auden eta [Stephen] Spender bezala modan dauden maritxu horietako bat», adierazi zuen.

Antisemitismoak ere zeharkatzen ditu bere lehenengo lanak, eta Parisen eta Londresen igaro zuen garaia jasotzen duen Down and Out in Paris and London (1933) ez-fikziozko lanean pertsonaia negatibo guztiak juduak dira. Gerora, ordea, Bigarren Mundu Gerra amaituta, holokaustoaren testigantzak eta irudiak mundu osora zabaldu zirenean, Ingalaterran hazten sumatzen zuen antisemitismoa salatu zuen Antisemitism in Britain saiakeran.

Bigarren Mundu Gerra amaituta eta ordurako gaixo, totalitarismoak berriro ere jopuntuan jarri zituzten bi nobela argitaratu zituen Orwellek, biak ala biak XX. mendeko lan ezagun eta goraipatuenetakoak bilakatu direnak: Abereen etxaldea eta 1984.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

1 ©JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Hogei urtez galdutzat jotako Artozkiko artelan batzuk 'solidarioen' eskuetan dira

Ainhoa Sarasola

Herria Itoizko urtegitik defendatzeko, erakusketa bat egin zuten 2003an, baina etxeak suntsitzeaz bat galdu zen obren arrastoa. «Modu anonimoan» helarazi dizkiete orain haietako batzuk. Bihar emango dituzte azalpen gehiago, Iruñean

Jaione Camborda zinemagileak Claire Denis epaimahaiko buruaren eskuetatik jaso zuen Urrezko Maskorra. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Jaione Cambordaren 'O corno'-k irabazi du 71. Urrezko Maskorra

Ainhoa Sarasola - Mikel Lizarralde

Emakumeak protagonista dituen lanarekin, Donostiako 71. Zinemaldiaren sari nagusia eskuratu du zinemagile donostiarrak. Isabella Eklof suediarraren 'Kalak'-ek Epaimahaiaren Sari Berezia jaso du
Carolina Markowiczen <em>Pedágio</em> filmaren irudi bat. ©DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.