Bederatzi tekla bakarka

Prince zenaren duela mende laurdeneko kasete grabazioa bat disko bihurtuta. Ostiralean plazaratuko dute 'Piano & A Microphone 1983'. Pianoaren laguntza hutsez kantatutako bederatzi pieza ditu.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2018ko irailaren 16a
00:00
Entzun
AEBetako merkatuan printze bihurtzen ari zenekoa da grabazioa. Chanhassengo (Minnessota) bere etxean, Kiowa Trail estudioan, egina. Pianora eseri, eta kasetearen play-ari sakatu ostekoa. 1983ko urtarrilean. For You (1978), Prince (1979), Dirty Mind (1980), Controversy (1981) eta 1999 (1982) argitaratuak eta milaka ale salduak zituen ordurako, funk, dance eta rock doinu nahasketarekin eta aipamen sexualez beteriko hitzekin. Nazioarteko izar bihurtzeko bidean zen Prince (Minneapolis, 1958 - Chanhassen, 2016). Ostiralean merkaturatuko duten diskotik orain artean sareratu dituzten hiru piezetan, izarraren ahotsak egiten du diz-diz, teklatuarekin beste jolas eginez kantuetako doinuekin eta bozarekin.

Piano & A Microphone 1983 izena jarri dio Warner Bros etxeak diskoari. 18 urteko debutetik 57 urteko fentanilo gaindosira bitartean, 100 milioi disko saldu zituen Princek, izugarrizko etekinak emanez. Hil zenean, haren katalogoa eta Paisley Park estudioko sotoetangordetako grabazio guztiak blindatu zituzten. Hala, Princeren sormenaren fruituak argia ikusten ari dira, tantaka, hura hil ostean ere. Horren lekuko da ostiralean merkaturatuko duten diskoa. 35 minutu. R&B, soul, blues eta jazz musika ere maisuki erabiltzen ezagun egin zena bederatzi pieza kantatzen. Lehena, 17 Days. Pieza horiWhen Doves Cry singleko B aldean eman zuen argitara Princek, 1984an. Urte berean argitaratu zuen Purple Rain diskoa, eta izen bereko kantu mitikoaren bertsio biluzia ere entzun daiteke disko berrian. Purple Rain prestatzen ari zen garaikoa da grabazioa, hain zuzen ere.

Hartan ez beste disko batzuetan ezagutarazi zituen aleak ere entzun daitezke Piano & A Microphone 1983-n, baina: 1999 diskoan argitaratu zuen International Lover; Sign o' the Times (1987) lanean grabatu zuen Strange Relationship; eta Joni Mitchellen A Case of You ezagunaren bertsioa, argitara One Nite Alone... (2002) albumean eman zuena.

1983ko grabazioaren benetako harribitxiak, baina, lau kanta dira. Wednesday, Cold Cofee & Cocaine eta Why The Butterflies abesti argitaragabeak, batez ere. «Zerbait berriaren bila dabilen Prince bat ageri da hor. Argigarria eta pertsonala da erabat. Maite dut estilo hori. Uste dut When Doves Cry-ren jatorria hor dagoela. Harremanen, familiaren azterketa hori, eta tximeletak... Grabazio horretan haren bihotza taupaka entzun dezaket ia-ia», adierazi du Lisa Colemanek, 1980ko hamarkadan Princerekin aritu zen The Revolution taldeko kideak.

Mary Don't You Weep esklabo kanta ezagunaren bertsioa ere, diskoan jaso gabe utzi zuen Princek. Piano & A Microphone 1983 -n entzun daitekeen laugarren harribitxia da. Lan horrek argia ikusi baino lehenago zabaldu da erabat abestia, hala ere, zinemaren bitartez, AEBetan abuztuaren 10ean estreinatu zen BlacKkKlansman filmeko musikaren parte baita. Spike Lee zinemagilearen azken lana da hori, eta filmaren trailer luze bat ere egin du, kanta osorik erabiliz. «Film honetarako kantu hori eduki nezan nahi zuen Princek. Azalpen gehiagorik ez da behar. Esan dezatela nahi dutena», adierazi du zuzendariak.

Eskubideak ika-mika iturri

2016ko apirilaren 21ean hil zenetik, Princen lanen kudeaketa ika-mika iturri izan da behin baino gehiagotan. Diskoetxe handiak borroka betean sartu ziren berehala, argitaratu gabeko materiala merkaturatzeko eskubideengatik. Auzitegietaraino ere heldu izan dira halako zenbait gatazka. Iaz, esaterako, Ian Boxill soinu ingeniariaren aurkako salaketajarri zuten Princeren oinordekoek, artistak 2006an grabatutako abestiekin, baimenik gabe, Deliverance diskoa plazaratu zuelako. Diskoa merkatutik kentzea ere lortu zuten. Egun, Troy Carterrek kudeatzen du Princerenondarea, Atom Factory konpainiaren bitartez. Piano & A Microphone 1983 diskoak oinordekoen bedeinkazioarekin ikusiko du argia.

Urtea bukatzerako, berriz, musikariaren memoria liburua iragarri dute. Random House etxearen Spiegel & Grauk argitaratuko du, eta musikariak berak eskuz idatzi zituen 50 orrialde izango ditu abiapuntu. Izenburua ere jarri zion: The Beautiful Ones.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.