Urmuga

Amaiera Hiru Erregeen Mahaian

Urmuga proiektua iritsi da bere amaierara. Hiru Erregeen Mahaiko tontorra baino beherago dagoen Lintzako lepoan egin da azken emanaldia. Arrakastatsua izan da.

Urmugako espedizioa Hiru Erregeen Mahaiko tontorrean, atzo eguerdian. Sagardoarekin egin zuten topa. URMUGA.
Joxemi Saizar.
2020ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Ostiralean ekin diote urmugalariek azken-aurreko etapari: Larrainetik Belaguarakoa. Orain arteko talderik jendetsuena bildu da Larraine mendateko abiapuntuan, tartean Donostiako Orfeoiko abeslari batzuk. Geroago sumatu dute mendizaleek haien presentzia. Filmaketa taldeko gazte batzuk ere badira abioan. Eguraldi ederra dute. Lasai joanda, lehendabizi, Otsogorrigainera igo dira (1.920 metro). Eguzkiak jotzen du, baina haize leunaren laguntzaz, eramangarria da tenperatura. Barazea alde batera utzita, artaldeen konpainiaz, Kartxela (1.979 metro) dute eguneko bigarren gailurra. Holtzarte eta Kakueta arroilak behean ikus daitezke, Zuberoa aldera. Uhaitza ibaia inguruan sortzen da. Pierre Topet Etxahun olerkaria mendi hauetan ezkutatu zen iheska ibili zenean. Beste aldera, Mintxate arroila, Nafarroan, izen bereko eta Ezka ibaiekin, almadiak Mediterraneoraino eramaten zituztenak. Orfeoilariek bigarren kantu saioa egin dute, aurrekoa hamaiketakoa egiteko geldialdian izan baita. Handik aurrera, jaitsiera izan dute. Orduan, berotzen hasi da, eta amaiera aldean aurkitutako iturriak mesede ederra egin die eztarri lehor eta kantinplora hutsei. Binbaleta alboan utzita, Juan Pito tuntun jotzailearen benta ikusten da Arrakogoitin, eta laster irekitzekoa den Belaguako aterpean bukatu dute ibilaldia. Handik Izabako kanpinera jaitsi dira autoz.

Atzokoa izan zen Urmuga bidaiaren azken eguna, Hiru Erregeen Mahaira iristeko (2.446 m), Nafarroako eta Euskal Herriko altuena. Nafarroa, Aragoi eta Bearnoko erregeak beraien arteko arazoak konpontzeko biltzen ziren tokian, hain zuzen.

Belaguako aterpean jendetza elkartu da goizean goiz, eguerdian gailurrean egon ahal izateko. Lintzako aterpean ere egoera berdinean egongo ziren. Banalerroaren etaparik malkarrena da, dudarik gabe. Eskerrak eguraldi ona dagoen. Galtzeko arriskurik ez dago bertan dabilen mendizale kopuruan. AƱelarrako bidea latza da, eta Larrako karsta izugarria da, baina zailtasunik gabe pasatzen da. Hiru Erregeen Mahairako igoeran kontuz ibili behar da. Kasu honetan mahaia hitzak goi lautada esan nahi du. San Frantzisko Xabierren irudi txikia dago tontorrean, Nafarroako patroia. AuƱamendi gertu dago.

Eskultura eta poesia

Urmugaren amaiera ekitaldia Hiru Erregeen Mahaiaren tontorrean egitea ezinezkoa izango zela ikusita, jende kopuruarengatik, beherago Lintzako lepoan egitea erabaki zuten antolatzaileek bezperan. Guillermo Olmoren eskulturaren barruko Nerbioiko ura hustu, eta Harkaitz Canok idatzitako sonetoa irakurri dute. Hainbat musikarik eskainitako saio informala ere egin da: Donostiako Orfeoiko kide batzuk, Et Incarnatus orkestrako beste batzuk, Eneko Dorronsoro trikitilaria... Herri doinu ezagunak izan dira saioaren ardatz. Hemeretzi eguneko ibilaldia, eta tartean izan diren kontzertuen ondoren, une kuttuna izan da amaierakoa. Emanaldia bukatu da hil berria den Joan Mari Torrealdairi Maitea nun zira eskainiz. Handik Lintzako aterperaino egin dute oinez urmugalariek, eta ibilaldi luzeari amaiera eman.

Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatu dute urmugalariek, 360 kilometro baino gehiago hemeretzi egunetan, egunero hogei bat kilometro, zazpi bat ordu oinez batez beste, eta, guztira, 22.000 metroko igoera pilatu dute. Euskal lurraldeko gauza ikusgarrienak bisitatu dituzte: Garobel mendilerroa, Gorbeiako gurutzea, Anbotoko Mari, Aizkorriko ertza, Urbiako eta Aralarko artzainak eta arkuak, Ultzama eta Basaburuko pagadiak, Urkuluko dorrea, Erroldanen istorioa, Iratiko oihana, Holzarte eta Kakuetako zintzurrak, abereak eta ardiak, erromesak, kontrabandistak, putreak hegan... Lasaitasunean ibili dira, presarik gabe, bazterrak ikusten, giro onean, tarteka kantari, naturaren edo musikarien soinua falta zenean. Ibaien isurialdeen arteko mugan, baina herri, bailara, probintzia eta estatuen arteko mugak ere pasatu dituzte bidean.

Eta musikaren atalean, emanaldi bikainak burutu dira egun hauetan Urmugan, mendian eta natura inguruetan, kasu gehienetan lehen aldiz historian zehar. Denak desberdinak. Batzuk formatu handikoak, partaide eta ikusle ugarirekin, arrakastatsuak izan dira, Dima, Lareo, Aizpearro, Baigorri eta Erremendia, adibidez. Beste batzuk formatu txikikoak izan arren (Tologorri, Urbia, Mendibe, Orhi) goi mailakoak izan dira baita ere, giro xamurragoan. Ustekabeko performance pare bat ere izan dira, Urkiola eta Leintz-Gatzagan. Eta ezin ahaztu, noski, azken emanaldia, amaierakoa.

Euskal Herriko lurraldeak, mendebaldea ekialdearekin, iparraldea hegoaldearekin, lotu dituen ekimen honek bere lehen urtean arrakasta lortu duela esan daiteke. Antolatzaile amateurrek lan profesionala burutu dute egitarau oparoa eskainiz, erakunde ofizialen eta enpresa pribatuen babesarekin, eta herrietako udal eta elkarteen laguntzarekin. Nazioa eraikitzeko eta herrigintza sustatzeko egitasmo honek jarraipena merezi du ondorengo urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.