Maddiren eta herriaren drama

'Maddiren trajeria' pastorala estreinatu dute Zugarramurdiko leizeetan. Igan dira oholtzara animalia pertsonifikatuak, eta ameskeriari historiaren gordintasuna josi.

Maddi protagonista —Ameli Harotzarene— orein bilakaturik ageri da erdian, Lamiturriko ura edan ondotik. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainize Madariaga
Zugarramurdi
2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Zonbat urte iragan behar/ ur basek hondeatzeko/ erripak, nabak, arroilak.../ harkaitz hauen higatzeko?», solasean ari da Maddi Lamiturrirako bidean, «neska gazte, emazte, nerabe nahiz haur eli» batekin, pegarrak harturik.

Ezin erreferarik eman Ameli Harotzarenek Maddiren bozetik jalgi dituen bertsoei; higaduraren monumentaltasunari so eginez; burua altxa eta gorape haren pean, edonor sendi daiteke ezdeus: hor datza arroka harroaren supremazia.

Zugarramurdiko (Nafarroa) leizeek handizki batzarri egin diote Maddiren trajeria pastoralaren estreinaldiari. Ezinago hobeki laketu dira pertsonaiak dekoratu salbai hartan: lehentze da pastoral batean animaliak protagonista direla, eta leize batean.

Pantxika Urruti errejentaren manu pean abiatu du kondairak bere xendra: «Lehen aldikoz, animaliak dira protagonista pastoral batean; kontzientziadunak dira, ehiza-orak salbu, haien izaera begiratu baitute. Fikzioa bada ere, egia eta mezu batzuk ateratzen ditugu, ukan dugun askatasunari esker».

Historiaren atzaparrak

XVIII. mendeko Xaretako —Ainhoa, Sara (Lapurdi), Urdazubi eta Zugarramurdi (Nafarroa)— herri batean kokatu du istorioa Gerardo Mungia idazleak.

Alta, errejentarekin batera deliberatu dute historiako zatiak sartzea, hala nola XVI. mendeko Aymeric Picaud edo XVII. mendeko De Lancre. Baina berriagoak ere bai. Demagun, oroitarazi dute 1967an Migel Mari Iturbide 16 urte bertzerik ez zituen zugarramurdiarra nola tirokatu zuen Laputseian Eutiquio Chamorro guardia zibilak, bizkarrez, eta nola oraino erailea ez den zigortua izan. Edo: «Oroit gaitezen kokoek/ Iharra iheslaria/ zigorrik gabe hil zutela.../ Ez dadila ahantz, konpaiak!». Lapurdiko eta Nafarroako lau herrietako bizizaleak euskarak juntaturik, historiako tragedia haiei egin liezaiekeen omenaldi gisakoa da pastorala.

Iraganeko gertakariak oroitarazteak eta ametsetakoak asmatzeak buruhauste franko eman dizkio Urrutiri, hala aitortu du: «Laugarren pastorala dut, eta zailena izan zait, itzuli anitz eman baitizkiot buruari, emozioak publikoarenganaino hel daitezen. Tragedia bat zela erakustea garrantzitsua zitzaidan, baina horren ondoan mezuak eta gauza ederrak ere badaudela».

Historiaren gordinari, beraz,irudimenak josi dizkio alegiazko zatiak. «Mitologiak ematen du nahi dugunaren edo nahi genukeenaren berri, isla bat da», erran du Jose Angel Irigarai poetak, taula gainari adi so. «Egarria hil nahi dut./ Ortziren gomendioan koka./ Agian naiz sekulako/ bidaiaren ate-joka?», galdetzen die oraindik oreindu gabeko Maddik basapiztiei.

Ez da arrapostuen beha egon, Lamiturriko ura edan baitu; «Nasaiki, amets egiteko desiraren asetzeko bezainbat», izkiriatu du Mungiak. Gibela ezinez, sekulakoz da bilakatu egunaz oreina, gauaz berriz Maddi, etxekoen gomendioei bizkarra emanez.

Baladaren melodia

Jeikaldiz jeikaldi, musikak ere bere libertatea landu du, usaiaz kanpoko ukitu errenazentista edota barrokoa sumatzen baitzaio, lagunduz ikuslea barnatzen izaki eta gizakien arteko arteka ñimiñoan.

Ere, gitarra ilki dute oholtzarat, Maddi eta Oreinkoren kantorearen kantatzeko.

Alta, ez du luzaz iraun Maddiren amets egiteko desira aseak, neba ehiztarien ehiza-oren lanjerraz gain, sorgin ehizaren atzaparrak ere usma baitaitezke.

Euskaldunak errotik kapitatu nahi izan zituen De Lancre epaileak publikoaren kolera piztu du: «Ez gordatu eta salatu/ urdanga hori [Maddi], ozarra!/ Logroñon txestaturen du/ Inkisizioaren sugarra!». Antzerkiaren tresnez ausarki baliatu dira urdinak, gaiztakeriaren krudelaren helarazteko, arrakasta handiz.

Bortizkeria kukutu gabe, baina ameskeriaren ilusioa ere ez, oreka dorpea atzeman dute kondairari historiaren uspelak erantsiz. Oreka ere, arizaleen parte hartzeari dagokionez: «Batek izan ezik, den-denek gutienez bertset bat kantatu dugu», erran du Helena Xurio arizaleak. Zuberotar dantzen maila ederrak erakusterat eman du hilabeteetako lanaren funtsa, hutsetik ikasi baitituzte.

Hala, Pazko arrats hartan Maddik bildu zuen dohain hartatik, isuri dira bozkario nahiz samin malko franko, historiaren nahiz kondairaren harkaitzak higatzeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.