Korsikeraz ari den korrika

Korrika korsikarra abiatu da goizean: A Currilingua. Korsikeraren alde jendea bilduz, egun bakarrekoa antolatu dute, «poliki» hasteko. Helduendako murgiltze zentro bat ireki nahiko lukete.

Korrika hartu dute eredu A Currilingua abiatzeko. Lekukoa hiru buruko adarra dute, mezurik gabea. PARLEMU CORSU!.
Ainize Madariaga
2021eko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Goiz honetan, 07:00etan abiatu da A Currilingua Borgutik (Korsika) eta ideia du 19:00etan heltzeko Sulinzararat. Korsikaren ipar-ekialdea eta hego- ekialdearen arteko ardatza josiko dute korrikalariek. Parlemu Corsu kolektiboa da lehen aldi honen antolatzailea, zeinaren barruan ehun bat kultur elkarte juntatzen baita eta 800dik gora bazkide baititu herrialde osoan. Denaren errateko, Euskal Herriko Korrika du inspirazio iturri: «2008 inguruan Korrika ikusten izan ginen, eta ideia hori atxiki genuen. Kontzeptu bera errepikatu nahi dugu. Ez genekien nola egin; espero dut ongi aterako dela!», erran du Micheli Leccia Parlemu Corsu kolektiboko lehendakariak.

Esportazioaren prozeduran zuhur jokatzea deliberatu dute: lehen aldia denez, ez dute irla osoa kurrituko. Egun bakarreko ibilbidea hautatu dute: 90 kilometro. «Helburua dugu denek parte har dezaten korsikeraren alde. Horregatik, zortzi minutu aurreikusi ditugu kilometroka; gisa horretan, oinez ere ibil daiteke lasterka egin ezin duena. Poliki hasi nahi dugu, aurtengoaren xedea da kontzeptua ezagutaraztea, bertzeak bertze une azkarrak bilduko dituen filmari esker. Eta saretzea». Horregatik hautatu dute Bastia eta Porti Vechju hirien arteko ibilbidea, Korsikako herritar gehien bertan kokatua baita; beraz, hor dago mugimendu gehien, eta ez baita «maldatsuegia». Orografia ikusirik, ordokiak balio handia du Korsikan. Bastia baino lehentxeago partituko dira, preseski, Bastiako saihesbidea saihesteko.

90 kilometroek badute zentzu sinbolikoa: «90 kilometro hautatu ditugu, zenbaki borobila, zeren eta Erdi Aroan Korsika 90 pievetan banatua baitzen. Ontsalaz, eliza baten inguruan antolatua, eta ibar batek mugatzen zuen herriak ziren. Oraino baliatzen da. Hala, aurten 90 kilometro kurrituko baditugu ere, ideia da 90 pievetaraino heltzeko, hots, Korsika osora hedatzea. Ez dugu nahi hizkuntzaren katea hauts dadin, transmisioak ez dezan ukan etenik sekula», argitu du Lecciak.

Lekuan lekuko lekukoa

Korrikak bezalatsu, A Currilinguak ere lekukoa garraiatuko du bururik buru. Alta, ez du itxura bera; korsikarra hiru buruko adarra baita, eta ez du mezurik garraiatzen, non ez den A Currilingua. Lekukoa eramanen dute kilometroa erosi duten entitateek: familia, adiskide taldea, lankide taldea, herriko etxe batek, unibertsitate batek, partikular batek, enpresa batek, komertzio batek... Sindikatu eta alderdi politikorik ez dute onartzen. Alabaina, gutienez 90 korrikalari behar dituzte 90 kilometroak lasterkatzeko.

Ikusmira sortu du kilometroz kilometro begi guziak ukanen dituen korsikeraren kateak: «Ez dugu publizitaterik egin, urtarriletik aitzina jendea deitzen hasi gara. Eta ikusi dugu harrera oso ona zuela, eta maiatzean egin genuen prentsaurrekoan kasik kilometro guziak salduak genituen!».

Kilometro bedera 100 euroan saldu dute, baina gehiago eman nahi zuenak hala egiteko parada ukan du.

128 erosle zituzten artikulu hau idazterakoan, beraz, gutienez 128 lasterkari. Haatik, kilometro bera batek baino gehiagok eros dezakeenez, ulertzen da zergatik hamar «hutsune» dituen: «Kilometro guziez lekukoa eskuz aldatuko da; aldiz, gehiago lasterka egin nahi duenak egin dezake. Kilometro bakarra eros daiteke, ez gehiago. Lasterkariak kilometroa erosi duen entitatea ordezkatuko du. Alta, hutsuneak baditugu zeren eta kilometro bera batek baino gehiagok eros dezake. Horregatik, 128 lasterkari baldin baditugu ere, hamar kilometro hutsik ditugu. Baina katea ez dugu etengo: antolatzaileen autoan lasterkariak ukanen baititugu hutsune horien betetzeko!», xehatu du Lecciak umoretsu. Kilometro bakoitzak bere bizkarrekoa ukanen du, zeina Parlemu Corsuren logotipoak eta kilometroaren zenbakiak apainduko baitute. Azken unean erantsiko diote kilometroa lasterkatuko duen entitatearen izena. Hamabi motozalek inguratuko dute A Currilingua, eta ibilbide osoa jarraituko duen auto batean suhiltzaile eta mediku bana izanen dira, zer gerta ere.

Sinbolikoa sinbiosirako

Leccia oroitzen da 2007an kolektiboa sortu zelarik berritasuna ekarri zutela. Baziren lehenagotik ere politika eta kulturaren inguruko elkarteak, baina haiek «bertze zerbait» ziren: politikatik urrun. Hala, orotariko jendeak parte hartzen du Parlemu Corsu kolektiboan, eskuindarrek ere bai. Antolatzen dituzten animazio konkretu guziek badute puntu amankomuna: korsikera, hitzaldiak, ondareari lotu irteerak, museoetarako bisitak, mendi ateraldiak... «Demostrazio lana egin dugu, zeren eta geroztik toki batzuetan segitu baitute korsikeraz egiten. Gure aldarrikapena argiki azaltzen ditugu beti: koofizialtasuna. Gure ekintzak beti koloretsuak eta alaiak izaten dira, ezohikoak herri honen egin moldean. Betiere, erakusteko bakarrik ez dugula lortuko, indarrak elkartu behar ditugula».

Horiek hola, A Currilinguak bilduko dituen 9.000 euroak urrats berri batera daramate kolektiboa: haiek beraiek sortzekotan baitira helduendako korsikerazko murgiltze zentro bat. Gogoan dute ere filmak korsikerarat ekartzeaz arduratzen den elkartea laguntzea, edo korsikerazko web irrati baten sortzen akuilatzea... «Betiere, diru hori baliatuko dugu korsikeraren garatzeko, eta proiektu horiek garestiak izaten dira». Preseski, kasualitatea azpimarratu du: aurten lehen aldikoz sortu baita korsikerazko murgiltze eskola, elkarte batek kudeatua. Badute hori ere laguntzeko ideia.

Urtez urte A Currilingua indartu eta zabaltzeko ideia dute: hedaduran eta maneran. Korsika osoa lasterkatzeaz gain, zaldiz, bizikletaz edo itsas belaz egiteko parada ere landuko baitute, baita diasporaraino ere.

Xehetasun guziak ikusteko: parlemucorsu.corsica.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.