Bertsolaritza

Lekuek badu bere lekua

547,5 punturekin, Etxahun Lekue nagusitu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoan, Galdakaon. Aitor Bizkarra eta Xabat Galletebeitia sailkatu dira segidan

Etxahun Lekue bertsolaria, atzo, Galdakaon jokatutako Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoan. GORKA RUBIO / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Galdakao
2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Aurreneko txapela jantzi zuen Etxahun Lekue Etxebarriak 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan, eta hautagai nagusietako bat izango da aurten ere. Atzo Galdakaon 547,5 punturekin irabazi ondoren, oraingoz bi bertsolarik daukate ziurtatuta finaleko lekua: Gorka Pagonabarragak eta Lekuek berak. Kanpoaldeko hotzak eta euriak ez zuen kikildu entzulea, eta bertsolariak oholtzaratu orduko bertsozaleek epeldua zuten barruko giroa. Datorren larunbatean jokatuko da hirugarren eta azken finalaurrekoa, Larrabetzun.

Lekueren ondoren, bigarren eta hirugarren egin dute, hurrenez hurren, Aitor Bizkarra Ruizek (541,5) eta Xabat Galletebeitia Abaroak (524,5), eta, puntuazioak ikusita, aukera handia dute biek Bilboko finalean aritzeko. Izan ere, Etxebarriko lehen finalerdian baino puntu gehiago lortu zituzten atzoko lehen lau sailkatuek. Lehenengo hiruren atzetik, honela geratu zen sailkapena: Aitor Etxebarriazarraga Gabiola (520,5), Oihana Bartra Arenas (504) eta Josune Aramendi Perez (463,5).

Saio puntuagarria hasita, gogoetarako baliatu zuten bertsolariek zortziko nagusiko ariketa. Oihana Bartra eta Etxahun Lekue erretiroa laster hartuko duten bi lagunen larruan jarri zituen Igor Menika gai emaileak. Honela amaitu zuen lehenengo bertsoaldia Bartrak: «Denbora barik ibili gara/ gure beharrak tarteko,/ ta orain eukiko dogu astia/ nahi doguna egiteko». Penaz erantzun zion Lekuek: «Ta dodazan lagun guztiak/ fabrika honetan dodaz».

Zortziko txikiko bertsoaldiak berotu zuen ordura arteko epela. Udaltzaina zen Galletebeitia, eta, dei bat jaso ondoren, kale edanean zebilen gazte talde batengana gerturatzerakoan, bere alaba Bartrarekin egin zuen topo. Bizi hasi zen Galletebeitia: «Kontainer gainean hor/ musikaz zein artez/ mesedez, pixkatxo bat/ kontenitu zaitez». Arin erantzun zion Bartrak segidan: «Ta beti izan zaitut/ bizi adibide,/ beti esan didazu/ dantzatzeko libre». Entzuleen barre algara artean, honela bukatu zuen bertsoaldia Bartrak: «Guay-ana egin behar dut/ lagunen aurrean».

Umorez heldu zioten gaiari Lekuek eta Aramendik ere. Duela gutxi elkarrekin bizitzera joandako bikotea osatzen zuten bi bertsolariek. Eta Aramendi etxe osoa margolanez betetzen ari zen. Honela hasi zen Lekue: «Oin zalantza bat dekot, /zalantza sakona:/ ze koloretakoa zen/ kuartuko horma?». Margonalen inguruan eztabaidatzen ibili eta gero, ondorio batera iritsi zen Lekue: «Ni naz minimalista/ ta zu barrokoa./ Igual inposible da / gure artekoa». Fin itxi zuen ofizioa Aramendik: «Gu bion panorama/ hori bai koadroa».

Hamarreko txikiko ariketan ere ale politak utzi zituzten bertsolariek. Lekuek hainbat hilabete igaro ondoren terapia psikologikoan, paziente berri batekin egin zuen topo kontsultan. Aholku batekin abiatu zuen bertsoaldia Lekuek: «Ez eduki presarik/ hau luzerako da». Etxebarriazarragak mesfidati erantzun zion: «Ni gizon isila naz/ ta mesfidatia,/ baina zabaltzekoa da/ nire erabakia». Etxebarriazarragak lau hilabeteko epean hobekuntzarik nabaritu zuen galdetzerakoan, berriz, zera erantzun zion Lekuek: «Galdera horri baietz/ erantzun beharko,/ baina sendagaiari/ denbora zor dako».

«Zenbat geratzen den galdetu dizu; ez duzu jakin zer erantzun». Hari ezberdin bati egin zion tira bertsolari bakoitzak, gaijartzaileak emandako bakarkako ariketa josteko. Leuzemia duen alabaren aitatzat jarri zuen bere burua Lekuek: «Zenbat falta da, aita?/ galdetu deust hala,/ destinu petrala./ Erantzunik ez dotzet/ emon berehala,/ baina ederto dakit/ gitxiegi dala». Zenbat falta den baino gehiago, zer egingo duten galdetzeko esan zion aitak alabari bigarren bertsoaldian, eta honela abiatu zuen hirugarrena: «Baina hurreratu jat/ belarri albora,/ baina zenbat falta da?/ Berriz bere aproba./ Bizipenetan neurtu/ gura dot denbora». Publikoaren txalo zaparrada artean amaitu zuen bertsoaldia: «Beti maiteko zaitut,/ ta beti asko da».

Bigarren sailkatuak ere antzeko gaia hartu zuen hizpide. Alboko esklerosi amiotrofiko gaitza duen aitaren azalean jarri zen Bizkarra: «ELA da oso gaixo zantarra,/ asko daude bere menpe:/ gurpil aulkira, gero hobira/ joaten da hainbat jende». Hirugarren bertsoaldian biribildu zuen lana: «Jada pentsatzen nago hasia/ bidea dela eutanasia/ hil nahi ta ezin hiltzea/ ez dalako bizitzea».

Datorren larunbatean jokatuko da hirugarren eta azken finalaurrekoa, Larrabetzuko (Bizkaia) frontoian, arratsaldeko bostetan. Orduan erabakiko da zer zortzi bertsolari sailkatuko diren Bilboko finalerako. Abenduaren 18an jokatuko da, eta han erabakiko da nork jantziko duen txapela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.