Kanpaien sinfonia

Heldu den astean 50 urte beteko ditu Mike Oldfield musikari gaztea mundu osoan ezagun egin zuen 'Tubular Bells' diskoak. Urtemuga ospatzeko, hainbat formatutan berrargitaratuko dute.

Mike Oldfield, 1973an, Tubular Bells aurkezteko kontzertu batean. BERRIA.
mikel lizarralde
2023ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
The Boys in the Band eta The French Connection filmekin 1970eko hamarkadan Hollywooden lekua hartzen ari zen belaunaldi berriko izen nagusietakoa bihurtuta, William Friedkin zinema zuzendaria bere pelikula berria izango zena, The Exorcist, ari zen prestatzen 1973an. Hainbat musikari ezagunekin ari zen soinu bandaz hitz egiten, eta baita eztabaidatzen ere —besteak beste, Lalo Schifrinekin eta Bernard Hermannekin—, baina ez ziren ados jartzen, eta, azkenean, zinemagileak erabaki zuen Krzysztof Penderecki eta Anton Webern konpositoreen zenbait musika pasarte erabiltzea filmeko trantsizio pasarteetan. Musikaren bilaketa horretan, baina, eta Brahmsen Sehaska kanta-ren antza izango zuen melodia baten bila ari zela, musikari ingeles gazte batek konposatu eta hilabete gutxi batzuk lehenago argitaratutako disko batekin eta haren hasierako pasarteekin topo egin zuen Friedkin. Ez zuen zalantzarik izan; hura izango zen Megan gaztetxoaren deabru posesioari buruzko filmaren leitmotiv musikala. Musika haren egilea Mike Oldfield zen, eta diskoa, berriz, Tubular Bells. Aste honetan 50 urte beteko ditu rock progresibo instrumentalaren ikur bilakatzera iritsi zen eta new age musikaren nolabaiteko aitzindaritzat ere jotzen den diskoa.

Tubular Bells Mike Oldfielden (Reading, Ingalaterra, 1953) bakarkako lehenengo diskoa izan zen, baina ordurako ibilbide sendoa egina zuen musika munduan musikari gazteak. 15 urte besterik ez zituela, The Sallyangie folk taldea sortu zuen bere arreba Sallyrekin, eta disko bat ere grabatu zuten elkarrekin: Children of the Sun (1969). Gainera, Kevin Ayersek (Soft Machine) bere bakarkako proiektua laguntzeko sortutako The Whole World taldeko partaide ere izan zen bi diskotan: Shooting at the Moon (1970) eta Whatevershebringswesing (1971).

Ordurako, berriz, Oldfieldek bere lanaren kontrol erabatekoa izan nahi zuen, eta Ayersek berak utzitako magnetofono batean hasi zen «esperimentatzen», sinfonia bat egiteko asmoarekin. Folketik eta rocketik zetorren arren, musikari klasiko eta garaikideak zituen gustuko: «Konpositore klasikoak entzuten nituen, Ravel, Bartok, Stravinski, baita abangoardiakoak ere, Hans-Joachim Roedelius, kasurako. Baina Stevie Wonder eta Led Zeppelin ere hor zeuden», azaldu zuen orain dela urte batzuk.

Zaletasun horien eraginpean grabatu zuen Tubular Bells izango zenaren lehenengo maketa, eta hainbat diskoetxetara bidali zuen. Bi pieza instrumental luzek osatzen zuten, eta orduan rock progresiboa bere une gorenera iristen ari zen arren, ez zuen erantzun positiborik jaso diskografiken aldetik. Halako batean, baina, maketa Tom Newman ekoizlearen belarrietara iritsi zen, eta hark Richard Branson enpresaria konbentzitu zuen The Manor landetxean eraikitako grabazio estudiora gonbidatu zezan Oldfield. Bransonek ordurako hainbat disko denda zituen, eta zigilu bat sortzeko ideia zebilkion bueltaka buruan. Newmanek gerora aitortu zuenez, «liluratuta» gelditu zen Tubular Bells-en maketa hura entzun zuenean: «Momentu hartan bertan pentsatu nuen mundu osoak entzun beharreko lana zela. Mike erabateko jenioa zen, baina ezezko borobilak ari zen jasotzen. Orduan erabaki genuen gure zigilu propioa sortu behar genuela diskoa kaleratzeko».

Ideien garapena

Tubular Bells gerora The Exorcist-en behin eta berriro azalduko zen melodia ezagunarekin hasten da, baina bestelako musika ideia ugari doaz lotzen diskoa osatzen duten bi konposizio luzeetan: Part One eta Part Two. Ia erabat instrumentala da, eta ez dago kantu gisa definitu daitekeen piezarik —nahiz eta Branson saiatu zen gutxienez abesti ortodoxo bat sar zezan Oldfield konbentzitzen—, eta ahots bakarrak korukoak dira. Nolanahi ere, zeremonia-maisu baten (Vivian Stanshall) boza ere entzuten da Part One-en amaiera aldera, konposiziora batzen ari diren musika tresnak aurkezten.

Tubular Bells-ek ikaragarrizko arrakasta lortu zuen argitaratu zuten istantean, bai kritikarien aldetik, bai publikoaren aldetik. Hain zuzen ere, 279 astez egon zen Erresuma Batuko diskorik salduenen zerrendan, eta 4,5 milioi ale banatu zituen berehala.

Hurrengo urteetan, Oldfieldek segitu zuen rock sinfoniak garatzen, baina folkari eta musika zeltari ere egin zien leku segidako diskoetan: Hergest Ridge (1974), Ommadawn (1975), Incantations (1978). Nolanahi ere, egitura konplexuko konposizioei eutsi arren, popak ere bere lekua bilatu zuen Oldfielden buruan, eta, 1980ko hamarkada hastearekin batera, bide horretatik iritsi zitzaion arrakasta Family Man (1982) eta, batik bat, Moonlight Shadow (1983) kantuekin.

Tubular Bells-ek segitzen du izaten, hala ere, Oldfielden lanik goraipatuena, eta behin baino gehiagotan jo du harengana. 1992an Tubular Bells II argitaratu zuen, eta gerora iritsiko ziren Tubular Bells III (1998) eta Tubular Bells 2003 (2003).

Aurten, berriz, lehen disko hark 50 urte betetzen dituela eta, albuma edizio berezi batean berrargitaratuko dute heldu den ostiralean. Halakoetan ohiko bihurtu den bezala, argitalpenak hainbat adar izango ditu. Binilozko formatuan, jatorrizko diskoa bilduko duen LPa eta bestelako bitxikeriak jasoko dituen beste disko bat aterako dituzte. Azken horretan, besteak besteak, 2017an Oldfieldek grabatutako Tubular Bells 4 Intro azalduko da. CD eta Blu-ray formatuetan izango du beste bizitza bat Tubular Bells-ek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.