Musika

'Udako hotel' bateko testigantzak

Aimee Mannek 'Queens of The Summer Hotel' diskoa egin du, Susannah Kaysenen 'Girl, interrupted' memoria liburuan oinarrituta. Buruko gaitzetarako erietxe bateko egoiliar eta medikuak bihurtu ditu kantuen protagonista

Mental Illness aurreko diskoan ere heldu zion buruko gaitzen gaiari Aimee Mannek. BERRIA.
mikel lizarralde
2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
1993an, Girl, interrupted liburua argitaratu zuen Susannah Kaysenek, 1960ko hamarkadan —artean nerabea zela— buruko gaitz batengatik Massachusettsko (AEB) McLean erietxean egin zuen egonaldiaren esperientziak kontatzen zituena. Kaysenen memoriak zinemara eraman zituen James Mangoldek 1999an, Wynona Ryder protagonista zela; eta, orain dela hiru urte, liburua oholtzara eramateko erabakia hartu zuten Barbara Broccoli eta Frederick Zollo ekoizleek. Musikal formatuan. Orduan eskatu zioten Aimee Mann abeslariari (Richmond, AEB, 1960) eszenaratzearentzako kantuak idatz zitzala.

Ez zen ausazko erabakia izan. Mannek askotan hitz egin du depresioarekin eta antsietatearekin izan dituen borroken inguruan, eta, hain zuzen ere, bere azken-aurreko diskoak (Mental Illness, 2017) gai hori bera zuen oinarri. Gaia ondo ezagutzen zuen, eta, liburua irakurrita, berehala ekin zion kantuak idazteari, modu «konpultsibo batean», aitortu duenez: «Inoiz idatzi gabea nintzen hain azkar eta hain modu sutsuan. Material oso interesgarria aurkitu nuen, eta, jakina, oso pertsonala». Musikariak aitortu du bera ere harritu zela kantuak bizkor sortzeko izan zuen ahalmenarekin. «Urgentzia sentsazio bat izan nuen, nahiz eta ez jakin zergatik. Sukar bat bezalakoa izan zen. Kanturen bat edo beste egun bakarrean idatzi nuen».

Pandemia iristearekin batera, ordea, musikalaren ideia stand-by egoeran gelditu zen, eta Mannek kantuak grabatzea erabaki zuen. «Hainbeste kantu nituenez, sentitu nuen grabatu behar nituela. Gero ikusiko dugu musikalera doazen ala ez». Emaitza Queens of the Summer Hotel da, eta Anne Sexton poetak McLean ospitalea definitzeko erabilitako hitzei (Udako hotela) egiten die erreferentzia izenburuak.

Pertsonaiak lehen planoan

Liburua irakurri ahala, Mann pasarteak azpimarratzen hasi zen, eta iruditu zitzaion egokia izan zitekeela pertsonaietan zentratzea buruko gaitzen gaiari heltzeko. «Nire ideia zen pertsonaia bakoitzak bere abestia izatea, eta bakoitzaren kontakizunarekin istorio osoa kontatzea edo gai orokorraz hitz egitea».

Hala, Mexikon bizi izan zen, eta anfetamina zainetik sartzen zuen pertsonaia baten ahotsetik abesten du In Mexico-n; bere buruari su eman zionaren historia kontatzen du Burn It Out-en; Sylvia Plath eta Robert Lowell poetak erietxe berean egon zirela gogorarazten duRobert Lowell and Sylvia Plath kantuan; New Yorkerako bidaia bat oroitzen duen egoiliarraren ikuspuntutik abesten du At the Frick Museum-en; eta Give Me Fifteen-en, berriz, ordu laurdenean diagnostikoak egiteko gai den medikuaren larruan jartzen da, ironiari uko egin gabe.

Mann 1980ko hamarkadan hasi zen musika munduan, 'Til Tuesday taldearekin, eta, Whatever (1993) diskoarekin bakarka hasi zenez geroztik, hamargarren diskoa da aurten argitaratu duena. Horietako askotan, Paul Bryan ekoizle, konpositore eta moldatzailea izan du kolaboratzaile estu, eta oraingoan ere bien artean ehundu dute diskoa osatzen duten hamabost piezen soinu landu eta dotorea.

Izan ere, proiektuaren jatorria antzematen da kantuetan, pianoaren eta orkestra moldaketen nagusitasunari esker, musikal baten piezen traza hartzen baitute sarritan. Bryanek eta Mannek adierazia dute 1960ko hamarkadaren aurreko musikan izan dutela erreferentzia nagusia, eta kantuen konponketak egiteko ere ikusizko erreferentziak izan dituela jakinarazi du Bryanek. Hala, mediku nartzisista eta misogino batek kantatzen duen Give Me Fifteen-en, hari konponketa «maniakoak» sartu zituen, eta At the Frick Museum-en, berriz, museo huts batean oin puntetan ibiltzen ari den pertsona baten pausoak irudikatu nahi izan zituen. «Moldatzaile gisa, oso dibertigarria izan zen kantu hauei arropak janztea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.