Estepan Aldamiz-Etxebarria. Kazetaria

«Topiko bat da telebista kontrolatuta dagoela»

«Droga» izan da Aldamiz-Etxebarriarentzat Euskal Telebista. Hasieratik, ereduak apurtzen ibili da, eta haren naturaltasunak harrapatu ditu ikusle asko. Lehen egunetik erretiroa hartu arte beti askatasunez, etxean balego bezala, aritu dela aitortu du.

Zihara Jainaga Larrinaga.
Mungia
2019ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Bizitzan zorte handia eduki izanaren sentsazioa du Estepan Aldamiz-Etxebarria kazetariak. Euskal telebistaren sortzaile eta ikur nagusietako bat izandakoak erretiroa hartu berri du. Atzera begiratuta sufrimendu une asko bizi izan baditu ere, pribilegio handi bat eduki izanaren sentsazioa nabarmendu du: momentu historiko batean, kazetari euskaldun gutxi zeuden garaian, Euskal Herriari ekarpen garrantzitsua egin izanaren pribilegioa, hain zuzen. Zeruko Argia-n hasi zen kazetari gisa, eta Euskal Telebistan ia lau hamarkada egin ditu. Orain, autokarabanak ematen dion aukera baliatuta, denbora batean aske sentitu nahiko luke, lasaitasuna dastatu, eta berriz errutinan erortzea saihestu.

Kazetari batek ofizioarekiko lotura noizbait galtzen al du?

Kazetari bat ez da inoiz kazetaritzatik edo kuriositatetik erretiratzen; pertsonalki, gertatuko balitzait, hilko nintzateke.

Eta berriro jaioko bazina, kazetaritza aukeratuko zenuke?

Kazetaritzak gauza on asko eman dizkit. Baina, matematiketan trakets samarra nintzelako; bestela,arkitektoa ere izango nintzen.

Hondeamakina bat omen duzu. Hor al dago arkitekto frustratua?

Baliteke. 30 urteren ondoren saldu dut induskagailua. Etxearen gehiena nik, nire eskuekin, egina dago.

Elkarrizketetan, jaiotza urtea galdetzen zaie elkarrizketatuei. Zintzotasunez erantzutera ausartzen al zara?

Ausartu, bai, baina jadanik klasiko bat bihurtu den sekretu bat da nire adina.

Wikipedian begiratu beharko da orduan.

[Barreak] Aurrekoan, etxera etorri ziren bi umek 33 urte nituela esan zidaten, eta oso pozik utzi ninduten. Batere presarik ez dut urteak pasatzeko.

Adina zalantzan utziz, Venezuelan jaio zinela kontu jakina da.

Hala da, hango Euskal Etxean elkar ezagutu zuten gurasoek. Amaren aldetik, erbesteratzearen ondorioz joan ziren. Aita, bestalde, oso gazterik lan bila joana zen.

Venezuelako zein irudi gogoratzen duzu?

Argazki asko ditut buruan; ikastolan, esaterako. Euskal Etxeko ikastolara joaten ginen, eta hantxe egoten zen andereño Arantxa Mujika.

Zer eman dizu Venezuelak?

Euskal Herrian askotan faltan den kolorea eta umorea. Egun asko sufritzen ari den herrialdea da Venezuela, eta hango irudi tristea dugu, baina venezuelarra oso alaia da. Une oro de guachafita dabiltza; hau da, edozein gauzari txistea ateratzen edo buelta ematen ibiltzen dira.

5 urte zenituela, itsasontziz egin zenuten hamar eguneko bidaia Venezuelatik Bartzelonara. Nola oroitzen duzu?

Xehetasun asko ditut gogoan: egiten ziren salbamendu probak, adibidez. Edota nola denek itsasora begiratzen zuten, izurdeak zeudelako; baina ni ordurako bistaz nahiko laburra nintzen, eta ez nuen izurderik ikusten.

Itsasontzi hori Venezuelara bueltan erre egin zen.

Anai-arreboi hurrengo lauzpabost urteetan inpresio handia egin zigun notizia izan zen. Etxean, argazkiak gordetzen ditugu La Guyanako [Venezuela] moilatik nola itsasoratu zuten transatlantiko klasiko hura.

Santo Tomas ikastolako lehen belaunaldiko ikaslea izan zinen, klandestinitatean ikasi zenuen.

Donostian, Santo Tomas ikastolaren aurretik, andereño Karmele Esnalen ikastolan ibili ginen. Artzain Oneko pisu batean zegoen lehen ikastola hura. Karmeleren etxeko egongelan biltzen ginen, 30 ume inguru.

Zertara jolasten zineten?

Bista laburra neukalako agian, ez nuen ondo asmatzen nora bota baloia,eta ez nintzen batere futbolzalea. Denbora buztinezko ur presak egiten pasatzen nuen, Foru pasealekuan. Arkitekturarekin zerikusia zuen jolas hark ere.

Xabier Zalduak, ikastolako lagun kuttun eta ostean EITBn lankide izandakoak, esan izan du lider sena bazenuela txikitan. Gidari izateko jaio zinen?

Gidari, ez dakit; baina atzean ibiltzeko, ez behintzat.

Madrilen egin zenituen kazetaritza ikasketak baina azkar itzuli zinen Euskal Herrira.

Ikasten nengoen bitartean, Zeruko Argia-ren eraldaketan parte hartu nuen, eta geroago deitu ninduten Deia-tik.

Zer eman zizun unibertsitateak?

Kazetaritzaren unibertsitate ikasketak beti ikusi ditut hala moduz. Gaur egun ere bai oraindik; oso kritikoa naiz horretan. Kazetaritza ofizioak egiten du, eta politena egunero gai desberdin bat topatzea, norbait desberdina ezagutzea edo norbaitekin ustekabean aurkitzea da. Nahiago dut karrerarik egin ez, baina asko irakurri eta kuriositatea duen kazetaria, deitzen ez dioten lekuetan sudurra sartzeko gogoa duena, alegia.

Zer behar du kazetari batek?

Jakin-mina, ausardia, kontatzeko gaitasuna lantzea, eta, batez ere, enpatia. Ikus-entzuleak ez badu feeling-a hartzen eta jarraitzen, paso egingo du. Zappinga ere horretarako dago egun.

Ezaugarri horiek betetzen zenituelako deitu zintuzten euskal telebista publikoa sortzen laguntzeko?

Deia-n Amatiño [Luis Aranberri] zegoen, eta bera izan zen, Ramon Labaienekin batera, Euskal Telebistaren sortzailea. Amatiñok telebistara joateko deitu ninduenean, ez nion sinetsi. 1982. urtea zen, frankismoa trantsizioan, eta, garai hartan, ez zitzaigun okurritzen ere Euskal Telebista posible zenik.

Hanburgora (Alemania) bidali zintuzteten telebista nola egiten zen ikastera.

Hasieran, ez geneukan telebista egiteko ideiarik. Hamburg Studiok, kazetarien prestakuntzan aritzen zen telebistaren inguruko enpresak, munduko herrialde askorekin egiten zituen negozioak. Beraien espezialitatea telebista berritzaileago bat sorrarazteazen. EITBren hasieran, elementu berritzaileak egon ziren, gero asko aplikatu ez direnak.

Zer dela eta?

Eskema zaharretara egokitzeko joera dago, TVEren eskemetara, hain zuzen. Hala ere, batzuk aplikatu izan dira, eta, horregatik,EITBk urte hauetan irauteko eta aurrera egiteko aukera eduki du.

Urte haietatik aldatu dira gauzak, baina han ikasitakoek ere iraun dute, hortaz.

Sakonean, badago Hanburgon erakutsi ziguten espiritu bat hor nonbait oraindik ere. Halabeharrez, Hanburgon teknologia berriekin kazetaritzara aldaketa izugarri bat zetorrela aurreikusten zuten. Iradokizun hori, baina, konplitzeaz gain, gainditu ere egin da denborarekin.

Bakarrik edo programa izan zen zure lehen bakarkako lana telebistan. Nola sortu zen programaegiteko ideia?

Alemanian eredu batzuk zeudela ikusi zuen norbaitek, eta egitea proposatu zidaten. Hala ere, lehenbiziko egunean, dardarka jarri nintzen kamera aurrean. Gehienez ere ikasturte baterako izango zen esperientziak 11 urte iraun zuen. Halaber, telebistako programarik merkeena zen.

Programa haren falta sumatzen duzu?

Pertsonalki, ez. EITBk egiten ez duen esparrua beste telebistek hartuko dute. Berriz egin beharko litzatekeela uste dut, ordu guztiak hartu beharko liratekeela iruditzen zait.

Gau eremua berreskuratzea ez litzateke arriskua?

Inolaz ere ez. Horrelako espazio batek beti du lekua, behar dena da jendearekin ondo sintonizatuko duen pertsona bat bilatzea, etaahalegin hori guri dagokigu. Igerilekura botatzen ez dena ez da bustitzen.

Plato biziak, mugimendua zutenak erabiltzen zenituen.

EITBn, garai batean, oso zaila zen eredua aldatzea eta freskotasuna ekartzea. Beti ibili gara ikuslearengana hurbiltzeko modu-nahian murritz. Nire intuizioa zen platoek irekiak behar zutela izan; platoan askatasuna izatea oso erakargarria da.

Tarteka, atzera begiratzen duzuedo nostalgikoa zara?

Nostalgikoa, ez zentzu txarrean. Historia oso garrantzitsua da, historiarik ez duenak ez daki zer daukan. Nire etxean, asko abestu izan da, eta pena ematen dit egun kanta zati bat abesten hasi eta nire inguruan jendeak ez jakitea zertaz ari naizen.

Orduko trasteak asko aldatu dira. Nola moldatzen zara egungo teknologia berriekin?

Ondo. Are gehiago, telebistan erredakzioko lehen ordenagailu eramangarria nik eduki nuen.

Eta sare sozialak?

Ez naiz oso erabiltzaile ona. Alferra naiz horretarako, eta prebentzio pixka bat badut; nahiago dut paisaia bati begira egon ordu erdi, denbora hori sakelakora begira ematea baino.

36 urteren ostean, zaila izango da aukeratzen, baina ba al duzu momenturik bereziki gogoan?

Momentu asko ditut oso politak. Firin-Faran-eko lehen garaiak, adibidez; programa egiteaz gain,gozatu egiten genuen denok. Horrez gain, erredakzioan, hainbat ordu ematen genituen albistegiak nola izan beharko luketen asmatu nahian.

Baina urte gogorrak ere bizi izan dituzu kazetari gisa. Gatazka urteak, iritziak emateko zailak. Oro har, askatasuna izan duzu?

Topiko bat da telebista kontrolatua dagoela. Ni %99,9 askatasunez ibili naiz. Askotan, askatasun gehiegi ere izan dut. Kazetaritzan, garrantzitsuena zuzena, arteza eta zintzoa izatea da. Objektibotasunarena, bereziki Opuseko unibertsitatetik saldu den gezur handi bat da. Objektibotasunik ez dago; objektiboa ez da ezer.

Telebista gezur bat da?

Ez da gezurra, ezta egia ere; erdibide bat da.

EITBko albistegiak sarritan kritikatu izan dira.

Ingurukoekin alderatuz, gureak aski albistegi onak dira. Intentzioa oso garbia da telebista askotan, baina uste dut borondate hobeko intentzioa dagoela gurean.

Zein da EITBren intentzioa?

Intentzio partekatuak daude, kazetari bakoitzak bere marka ematen dio albisteari, eta, horretan,oso presio gutxi dute kazetariek. Topiko eta ezjakintasun asko dago tartean; baina albistegi onak egiten ditugula iruditzen zait.

Etorkizunean, zeri egin beharko diote aurre kazetariek?

Medioen kontzentrazioa arazo handi bat da, badago beldur ikuspegi bat. Nire esperantza da sareek eta teknologia berriek beste eremu bat zabaldu dutela dagoeneko, eta hor dagoela askatasunerako giltza. Arrisku asko daude, baina askatasuna beti arriskua da.

Eta ETBk, hiru hamarkadatan lan handia egin ondoren, zer norabide hartu beharko luke?

Euskal Telebistan aldaketa handiak etorriko direlakoan nago: arintasuna, eraginkortasuna.Euskadi Irratia eredu da, eta EITB osora zabaldu beharko litzateke. Uste dut badagoela ardura hori zuzendaritzan.

Hasieran amets bat zena hutsetik hasten ikusi zenuen, eta nola eraiki den ikusi duzu. Zer eman dizu kazetaritzak?

Proiektu batean aitzindari izatea, gauza berri bat sortu eta martxan jartzea. Esperimentatzea gauzarik eta politena da. Errutinak aspertu egiten nau. Alemaniarrek esan ziguten telebista lehen egunean ilusioa dela, bigarrenean etsipena, eta hirugarrenetik aurrera errutina dela; eta egia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.