Literatura

Historia nola kontatzen den

J. M. Coetzeeren 'The Narrative of Jacobus Coetzee' kontakizunak agerian jartzen du nolako eragina duen historiografiak ikuspuntu jakin batzuk balioesteko orduan.

J. M. Coetzee idazlea, joan den urtean, Moral tales liburua aurkezteko solasaldi batean, Madrilen. J.P.GANDUL / EFE.
2019ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Hitz bakarra beharko balitz J. M. Coetzeeren (Cape Town, Hego Afrika, 1940) The Narrative of Jacobus Coetzee (Jacobus Coetzeeren testigantza, 1974) deskribatzeko, asaldagarri litzateke hitz hori. 50 orritara iristen ez den eta Dusklands liburuaren barruan argitaratu zen kontakizun horrek Hego Afrikara garamatza, herbeheretar jatorriko kolonoak —afrikanerrak, garai hartan boeresaten zietenak— beren presentzia eta agintea lurraldean zabaltzen ari ziren garaian. Protagonista, Jacobus Coetzee, elefanteak ehizatzeko helburuarekin abiatuko da orain arte esploratu ez den eremu batera, baina bidaiak ustekabeak ekarriko ditu, eta, haien harira, kolonoen bizimoduaren gainean gogoeta egitera bultzatuko du protagonista.

Bizimodu gogorra dela diosku, aberrian izango lituzketen abantaila teknologikoak faltan baitituzte, eta, ondorioz, bere hainbat herrikidek tokiko hottentot-en antzera —khoikhoi indigenak izendatzeko erabilitako mespretxuzko hitza— bizitzen amaitu dute. Hala ere, azpimarratzen du alde nabaria dagoela tokikoen eta kolonoen artean, bizimodu aldaketa batek suntsitu ezin dezakeena. «Hottentotengandik banatzen gaituen amildegia kristautasuna da. Gu kristauak gara, xede bat duen jendea». Xede horrek eraman ditu, hain zuzen, zibilizaziotik at dagoen lurraldera, hura hobetu ahal izateko. Jacobusek aitortzen du zenbait indigena bataiatu egiten direla, baina benetako fedeak bultzatuta baino gehiago, kolonoen begikotasuna irabaztearren egiten dutelahori. Izan ere, indigenak gizaki fidagaitzak dira, trikimailuetara oso emanak baitira.

Emakumeentzat, holandar zein indigena, hitz gogorragoak ditu esploratzaile afrikanerrak. Lehenengoak jabetza moduan deskribatzen ditu, «haragi zuriko hainbat kilo» ez ezik «hainbat lursail, abelburu, eta zerbitzari» irabazarazten dizkiotelako haiekin ezkontzen den gizonari, baita «aita, ama, neba eta ahizpa armada bat ere». Ondorioz, «askatasuna galtzen duzu. Neska batekin lotuz gero, harreman sistema bati lotzen diozu zeure burua». Emakume indigenak, ordea, baliorik gabekoak iruditzen zaizkio, ez dutelako eskaintzeko ezta erreklamatzeko ezer. Horregatik, hainbat gizon holandarrek nahiago dute emakume indigena bat amorante hartu eta ezkongabe jarraitu, «erabili eta bota» egin ditzaketelako nahieran.

Elefanterik ez du harrapatuko Jacobusek; bai, ordea, sukar ikaragarri bat, Namakuen lurraldera heldu eta berehala. Hiru egun eldarnioak jota igaroko ditu, inguruan gertatzen dena ulertzeko ezgai, baina, indigenekiko dituen usteek bultzatuta, gaixotasunean laguntza eman dioten namakuatarrak eta haiekin bat egin duten bere zerbitzari indigenak bere ahultasunaren lepotik barre egiten ari direla iruditzen zaio. Oraindik indar guztiak berreskuratu gabe dituela, bueltako bidea hartzea erabakitzen du, zerbitzari bakarraren laguntzarekin —beste hiruk namakuatarrekin geratzea erabakitzen dute—. Bidea luzea da, eta apenas duten jakirik Jacobusek eta zerbitzariak. Azken hori bidean geratuko da; afrikanerra, mendeku goseak adoretuta, ahulduta baina onik helduko da etxera.

Handik hilabete batzuetara, armada txiki baten laguntzarekin itzuliko da Jacobus namakuatarren lurraldera, eta haiek guztiak akabatuko ditu, heldu, zahar zein ume. Bere eta bere aberrikideen aburuz, indigena batek gizon zuri bati egindako iraina odolarekin bakarrik ordain daiteke.

Historia eta fikzioa

XVII. mendeko izen bereko esploratzailearengan oinarriturik dago Jacobus Coetzee, idazlearen urrutiko ahaidea hura, eta namakua jendearen lurraldera 1760an egindako espedizioaren inguruan afrikaner gobernadoreari hark emandako lekukotza du oinarri The Narrative of Jacobus Coetzee-k. Testigantza horren transkripzioa zein S. J. Coetzee editore eta historialariak —idazlearen aitak— Jacobusen lekukotzaren lehen argitalpenari idatzitako hitzaurrea biltzen ditu argitalpenak, lehenago azaldutako istorioarekin batera. Azken hori eta bi testu historikoak, ordea, ezin ezberdinagoak dira. Batek Jacobusen ekintza deitoragarriak modu gordinean azaltzen ditu, eta beste biek, aldiz, apainduta azaltzen dituzte ekintza berberak: batean kolonialismoaren krudelkeria dena, beraz, besteetan zibilizazioaren garaipen moduan goraipatzen da.

Baina hementxe dago koxka: espedizioari buruzko istorioa zein S. J. Coetzeeren hitzaurrea fikziozkoak dira. 1760ko lekukotzaren transkripzioa da dokumentu guztietatik benetakoa den bakarra; benetakoa bai, baina ez dago horregatik fikzioaren trikimailuetatik aske. Hiru testuak bata bestearen atzetik irakurrita, agerian geratzen da zer eragin duen historiak edo, zehatzago esanda, historiografiak ikuspuntu jakin batzuk balioetsi eta datu fidagarri moduan sortzeari begira.

Kasu honetan, afrikaner nazionalismoaren indartzea eta afrikaner kulturaren gorentzea ahalbidetu zuen mundu ikuskera ofizialtzeko prozesua azalarazten du Jacobus Coetzeeren espedizioaren narrazio hirukoitzak, baita inplikazioa ere. Hortik The Narrative of Jacobus Coetzee-ri hasiera ematen dion aipua, Flauberten Bouvard et Pecuchet (1881) lan satirikotik harturik dagoena: «Garrantzitsuena historiaren filosofia da». Hots, filosofia edo historia barruko legea ezartzen duen ikusmolde meta-historiko batek gidatzen du historiaren idazketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.