Musika

Desamodioaren gozotasuna

Zigilu pertsonala daramate Matthew Sweeten power pop doinuek, duela 40 urte hasi zuen bide beretik jarraituta. Bilboko WOP jaialdian ariko da larunbatean.

Matthew Sweet, artxiboko irudi batean. BERRIA.
Andoni Imaz.
2018ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Gozoa da izozkia, atsegina, zaporetsua, gustura jatekoa. Gehiegi hartuz gero, ordea, normala da buruko minak jota amaitzea. Antzekoa gerta dakioke inori power poparekin. Melodia gozoak eta adinean aurrera doazen gizonen erantzunik gabeko amodio istorioak astun bilaka daitezke bat baino gehiagorentzat. 54 urterekin, estilo horretan murgilduta jarraitzen du Matthew Sweet musikariak, baina urteekin lortu du izaera propioa eraiki eta, erabateko arrakastarik lortu gabe ere, ibilbide trinkoa osatzea. Hamahirugarren diskoa argitaratu du aurten: Tomorrow's Daughter.

Arriskurik hartu gabe, baina amarrurik erabili gabe, sortu du lan berria, 40 urteko ibilbidean lortutako pop soinuaren barruan estilo gehiago lantzen eta lehen akordetik emozioetara heltzen. «Gaztetan, gehien miresten nituen artistak ziren beti haien musika egiteko bideak topatzen zituztenak», esan zuen Sweetek azken diskoa aurkeztu zuenean. Hala egin du hark bere bidea, diskoetxe handien saretik kanpo, AEBetako eszena independentearen ahots bereizgarrietako bat bilakatu arte.

Betiko bidetik jarraitu arren, hainbat estilo nahastu ditu lan berrian. Country-rock espiritua duen I Belong to You kantak irekitzen du diskoa, eta gitarra soinu antzekoetara itzultzen da Passerby-n, diskoa pieza lasai batekin ixteko. Tartean dago Something Someone balada gisako abesti geldoa, Val McCallumen gitarrak gidatuta.

Letra introspektiboek janzten dute lan osoa, Something Someone kantako «I'm still open for the chance it might be real» itxaropentsuarekin edota Show Me-ko ezinezko maitasun istorioarekin. McCallum gitarra jotzailearekin egindako kolaborazioak solo laburrak ekarri dizkie abesti askori, ahotsaren melodiak daramalako protagonismo nagusia.

Formatu sinplean grabatu du diskoa. Erritmo solidoa daramate oinarrian abestiek, gitarra erritmikoa jotzen du Sweetek, eta taldekide eta kolaboratzaileen esku utzi du melodia daramana. Abesti trinkoak lortu ditu horrela, txistuka kantatzeko moduko doinuekin, denbora erdira egindako kantak eta musikariaren power pop zigilua daramatenak tartekatuta. Lady Frankenstein eta Now Was the Future gisako abesti atseginak kasu.

Sony Recordsekin argitaratu zuen Inside (1986) bakarkako lehen lana, kritika on samarrekin baina arrakasta handirik lortu gabe. A&M Recordsekin atera zuen bigarrena, Earth (1989), antzeko erantzunarekin. Ez ziren garai onak musikariarentzat: konpainia handiek haren lanean interesa izateari utzi ziotela zirudien, eta banandu egin zen emaztearengandik.

Une horretan eman zuen, baina, bere ibilbideko lehen jauzi nabarmena. 1990eko hamarkadan sartzearekin batera argitaratu zuen Girlfriend (1991), musikariaren lehen arrakasta komertziala izango zena. Diskoak eta, batez ere, izen bereko abestiak zein bideoklipak ezagutzera eman zuten Sweeten musika. Dibortzioaren «antidotoa» izan zen lana harentzat, desamodioari egindako kantek lagundu baitzioten pertsonalki eta musikalki aurrera egiten. Musikariaren power pop erreferentziak nabari zitezkeen gitarra hots kartsuetan. Television rock taldeko Richard Lloyd gitarristak hartu zuen parte diskoan, besteak beste.

90eko hamarkadan jo zuen goia Sweetek. Lau disko argitaratu zituen Girlfriend-en ondoren: Altered Beast (1993), 100% Fun (1995), Blue Sky on Mars (1997) eta In Reverse (1999). Rock soinua gogortu zuen aurrena, eta rock alternatibora igaro zen ondoren, new wave-era eta psikodeliara ere hurbilduta. Guztiaren gainetik, ordea, pop-rock melodiak egiteko gaitasuna gailendu zen Sweeten lanean. Girlfriend eta Sick of Myself singleekin eman zuen jakitera bere lana hamarkada horretan, baina ordutik findu egin du abestien sorkuntza, The Beatles, Big Star eta Byrds taldeen eraginarekin, besteak beste. Musikari eta ekoizle handiak izan ditu inguruan disko guztietan, hala nola, Mick Fleetwood, Pete Thomas, Brendan O'Brien eta Fred Maher. Horiek guztiek lortu dute emozioz betetako lan bat sortzea bestearen atzetik, Tomorrow's Daughter-era iritsi arte.

Aurrekoaren segida

Iaz kaleratutako Tomorrow Forever diskoaren jarraipena da aurtengoa, Sweetek emozionaltasunean sakontzen duen lana, haren sentsibilitate melodikoa biltzen duten hamabi kantaz osatua. Nebraska sorterrira itzuli zen 2013an, eta bertako inspirazio sortzailearen emaitza dira bi diskoak. Etxeko estudioan sartu eta 38 abesti sortu zituen. Horietako hamazazpi bildu zituen Tomorrow Forever-en, eta, diskoak izan zuen harrera onak bultzatuta, gainontzeko hamabiak ere argitaratzea erabaki zuen musikariak. «Grabatutako piezak elkartu nituenean, Tomorrow's Daughter osatzen duten hamabi abestiak elkarren segidan jarri, eta zentzua hartu zuten niretzat», esan zuen Sweetek.

Nebraskan, Lincoln hiriburuan, ikasle zela hasi zen musika sortzen, eta unibertsitatera joan zenean, Athensen, Georgian, hiriko underground musika eszenaren parte bilakatu zen, Oh-OK taldearen partaide zela, eta R.E.M. taldeko Michael Stiperekin elkarlanean egindako lanengatik, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.