Literatura

Pausanias, mitoaren geografo

Makina bat bidaiatutako gizona izan zen Pausanias, eta luze eta zabal idatzi zuena bidaia horietan ikusitakoen gainean. Halarik ere, nahiko ezezaguna da gehienentzat.

Mizenasko Lehoien Atea. Pausaniasen idatziei esker aurkitu zuen hiri hori Heinrich Schliemann arkeologoak. ANDREAS TREPTE.
2021eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Noizbait Greziako monumenturen bat bisitatzeko aukera izan duenak egingo zuen topo, beharbada, Pausaniasen izenarekin, haren testuen pasarteak sarriak izaten baitira tenplu, santutegi eta orotariko aurkikuntza arkeologikoei buruzko esplikazio paneletan. Historiak, ordea, ez du tradizio greko-latinoko idazle gailenen artean gogoratzen, eta idazle gisa nahiko ezezaguna da gehienentzat.

Pausaniasek K.o. II. mendean egin zuen bizialdia, eta Marko Aurelio enperadorearen erreinaldian ondu zuen bere opus handia, Hellados Periegesis (Greziaren deskripzioa). Bake garaiak ziren Erromatar Inperioan, eta Pausaniasek lasai eta franko bidaiatzeko aukera izan zuen Mediterraneoaren luze-zabalean. Garai hartan, periferiako Grezia (uharteak eta Asia Txikiaren mendebaldea, nagusiki) loraldi betean sartua zegoen, eta Grezia kontinentala, berriz, gain behera etorri samarrik, antzinate klasikoaren aparrak aurreko milurtekoan utzita. Kultura helenikoak, baina, bizi-bizirik zirauen orduko enperadore erromatarren artean (Hadriano, Antonino...), eta neurri batean lilura giro horrek hartaratuta ondu zuen Pausaniasek bere Greziaren deskripzioa; lan gehienbat geografikoa da, izenburuan ikus daitekeenez, baina antzinate klasikoaren (eta are antzinakoagoaren) miresmenak gainezkatua.

Liburuak Grezia kontinentaleko zortzi eskualde deskribatzen ditu hamar liburukitan: Atika, Megara, Korinto, Argolida, Peloponeso, Beozia, Fozida eta Lokrida. Azken finean bidaia gida mardul bat da, xehetasun handiz eta arras metodikoki deskribatzen dituena Pausaniasek bisitatutako eskualde, hiri eta txoko guztiak; leku bakoitzean xehe-xehe aletzen ditu bisitatu beharrekoak, eta jarraibide zehatzak ematen ditu, bai erreferentzia ugari ere, leku batetik bestera ibiltzeko. Tokian tokiko monumentu esanguratsuak interesatzen zaizkio bereziki, batez ere kutsu erlijiosoa dutenak, eta zenbat eta zaharragoak, orduan eta hobeto. Pausaniasi lan osoan nabaritzen zaio zehatz jarduteko intentzioa, eta horrek, hein batean, bigarren mailan utzi ditu obraren asmo literarioak, zeinak, adituen arabera idazkera jantzi eta landu bat hartzen duten arren, erdipurdiko idazle batenak baitira. Greziako deskripzioa ez da bidaia literatura, baizik eta gehiago gida turistiko bat.

Nolanahi ere, Pausaniasen zehaztasunak mesede handia egin die Aro Modernoko arkeologoei. Nahiz eta XIX. mendean ez ziren askorik fidatzen harekin, gerora, batik bat XX. mendean, makina bat indusketa egin dira Pausaniasen deskripzioei segituta, eta hark aipatutako monumentu ugari ere identifikatu dira. Pausaniasen itzultzaile Maria Cruz Herrerok dioenez, gaur egun frogatua dago ezen, kontraesanik izaten baldin bada Pausaniasen testuaren eta aditu modernoen artean, Pausaniasek berak izaten duela arrazoia jeneralean. Esate baterako, haren idatziei jarraikiz aurkitu zuen Heinrich Schliemannek Mizenasko hiria. Beste alde batetik, askotan hari esker jakiten dute arkeologoek nola izena duen eraikin jakin batek, edo zer jainko gurtzen den santutegi jakin batean.

Lekuak eta mitoak

Pausaniasen deskribapenek bi alde nagusi izaten dituzte: batetik, leku fisikoen eta monumentuen deskribapenak daude, bidean barrena begiz ikusten eta deskribatzen dituenak. Bestetik, ordea, badira istorioak, historiak, mitoak ere, deskribapen horien edergarri eta osagarri. Hainbat iturri eta lekukoren bidez jaso zituen, askotan bertatik bertara, leku bakoitzeko elezaharrak eta pasarte historikoak, zeinak nahasi egiten baitira, ezinbestez, askotan ezin bereizteraino. Adituek kontraesanak aurkitu dituzte horietan; badirudi Pausaniasek, historiaz-eta mintzo delarik, galdu egiten duela toki fisikoak deskribatzeko orduan erakusten duen zehaztasuna. Argi eta garbi dago intentzioa ez zela mitografia edo historiografia lan bat egitea, ezpada kolorez beztitzea gida turistiko batean idor samarrak gera zitezkeen deskribapenak.

Edonola ere, Greziaren deskripzioa-k ukaezina du mitoa eta lekua batzeko bertutea. Mitologiaz mintzatzean, erraza izaten da oharkabean bada ere abstrakziora jo eta «aspaldi batean, leku urrun-urrun batean» irudikatzea istorioak, inon-ez eta inoiz-ez batean, alegia, ahaztuta ezen mitologia bat kultura bati lotua dela ezinbestean, eta bai askotan leku jakin bati ere. Leku horiek aipatu arren, arreta ia guztia kontatzen den mitoan ezartzeak erdi ahaztuta uzten du mitologiaren atze-oihal hori, ganduaren atzean taxugabe. Pausaniasek, berriz, atentzioa geografia fisikoan jartzen duenez beti, eta hari eransten, informazio osagarri modura, lekuan lekuko historiaren eta kondairen pasarteak, horiek guztiak leku fisikoan bertan gorpuztuta geratzen dira, eta irudi du Pausanias bertatik bertara hasten dela, esate baterako, Korintoko istmoa hatzarekin seinalatzen, eta kontatzen nola Poseidon eta Helios jainkoak, itsasoa eta eguzkia, alegia, liskarrean aritu ziren, nor izango istmoaren jabe. Briareo hekatonkiroak (ehun esku zituzten erraldoiak), epaile lanetan, erabaki omen zuen Poseidonena izango zela istmoa, eta Heliosena, berriz, Korintoko akropolia.

Nahiz eta Pausaniasen lana gehiago estimatzen den arkeologiarako zehaztasunagatik ezen ez bere balio literarioagatik, Greziaren deskripzioa-k (inork «geografia kulturala» kategorian sartuak) aukera ematen du bestelako ertz batetik erreparatzeko antzinateko historiari eta mitologiari, kontakizunak leku egiten diren ertzetik, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.