Sanferminak Iruñean

Eta isiltasuna egin da

Sanferminen egun handian, prozesioak gero eta jende gehiago erakartzen du. Festei izena ematen dien santuaren irudiak urteroko osteratxoa egin du Alde Zaharrean.

Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Curia kalean gora, kabildoa katedralean utzi aurretik. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2018ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Suziria jaurti denetik dena da burrunba, dena da kolorea. Eta San Fermin egunean, jaien egun handian, ekuazio hori biderkatu egiten da. Jendearen marmarra kalean, txistularien doinu errepikakorra, kilikien kolpe leunak umeen buruetan, erraldoien jirabira koloretsuak eta pausoen soinua lurrean, Pamplonesaren musika dotorea, kalean itxaroten denbora daramatenen esku zartadak, San Fermin eramaileen bastoi kolpeak zoruan, inguruneari erreparatu gabe parrandan jarraitzen dutenen orroa, bataren agurra, bestearen animoa, Iruñeko zeruak abiada bizian zeharkatzen dituzten enaren txio alaiak... Eta, bat-batean, dena gelditzen da. Ahoz aho, isiltzeko eskaerak. Esan eta egin. Eta isiltasuna egin da.

Bizpahiru segundo gehienez iraun du, eta ozen, bozgorailuetatik, abesbatza baten ahotsak goratu dira. «San Fermin loriatsu, abestera gatoz...», diote gazteleraz. Une horren zain denbora eman dute Zapateria kalean zain dauden ehunka eta ehunka pertsonak. Zenbaitek irrikaz eta miresmenez ere bizi dute. Negar malkoak ere antzematen dira zenbaiten begietan. Fedearen indarra batzuentzat, erritual sozial baten antzezpena besteentzat. Ezin uka, ordea, sentipena transmititzen duela, eta, akaso, sentipen horrek doinu bat du, jotarena, San Ferminen jotarena.

Uztailaren 7an Zapateria kalean kantatu ohi den jota ezaguna gizon-emakumeek abesten dute, baina baita kanpaiek ere. Hiriko San Miguel elizak, adibidez, halaxe eman dio ongietorria egunari. Eta kanpaiek ere protagonismoa dute egun handian: Alde Zaharreko hiru elizetan, Erdi Aroan defentsarako eta kulturako erabiltzen ziren eraikin horietan, kanpandorreek izena dute, eta uztailaren 7an jo eta ke aritzen dira hango kanpaiak, alaitasunez, jo eta ke.

Ia bost orduz

Prozesioa ekintza berezia da sanferminetan, eta uztailaren 7ko goizean protagonismoa partekatzen du lehen entzierroarekin batera. Luzea da oso, ia bost ordu irauten du, eta hainbat urrats ditu, bere uneak. Lehenik, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak udaletxera jotzen du, eta han udalbatza hartu ondoren, Katedralerantz jotzen dute. Aurreko hiru urteetan gertatu bezala, zinegotzien artean, Aranzadiko eta Ezkerrako hautetsiak ez dira joan. EH Bilduk askatasuna ematen die ordezkariei, eta Patri Perales eta Maider Beloki ez dira bertaratu.

Katedralean, kabildoa eta hiriko hainbat erlijio elkarteetako ordezkariak hartu ostean, Alde Zaharreko beste puntan dagoen San Lorenzo elizara jo du segizioak, eta bertan hartu dute San Ferminen irudia. Ordurako, elizaren inguruak zein ibilbideko kale bazterrak adin guztietako jendez beteta daude. San Lorenzoko elizako kanpaiek agurtu dute San Fermin, eta, ondoren, hainbat aldiz gelditu da irudia ibilbidean, batek jota bat eta besteak beste kantu bat abestu baitio.

Beste une hunkigarrietako bat San Zernin elizaren parean gertatu da. Lore eskaintza egin diote irudiari han, kondairaren arabera, kristau eta gotzain egin zen erromatarrak lehen iruindarra bataiatu zuen putzuaren parean. Alta, Roldan Jimenok eta beste historialari batzuek ukatu egiten dute San Fermin existitu zela eta Iruñeko gotzain izan zela. Prozesioak tradizio luzea du. Jatorria XII. mendean dago; XVI. mende inguruan, berriz, garai hartako elementu herrikoiak harturik eta jendea harritzeko asmoz, prozesio moduan integratu zuten hasierako tradizio hura.

Baina, gaur egun, ez du galdu jendea harritzeko gaitasuna. Ikusle kopurua handitzen ari denez urtetik urtera, prozesioa ere asko luzatzen da denboran, eta, adibidez, eguerdiko mezara ordu laurden berandu iritsi da. Mezan ez da izan Joseba Asiron. Elizatik atera, eta nabarmendu du «giro apartarekin» hasi direla festak, eta ohiko gertaerez gain ez dela aparteko ezustekorik izan. Berdin jarraitzeko itxaropena azaldu du.

Mezaren ostean, Curian, zenbaitek aurpegiratu diote Asironi ikurrina jarri ez izana. 14:30ean amaitu da prozesioa. Festak aurrera jarraitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.