Bide luzea eginda ere, aurrera

Maddalen Arzallus Antiak irabazi du Xilabako bigarren finalerdia, Bardozen, eta Donibane Lohizuneko finalean izango da. Miren Artetxe eta Xumai Murua sailkatu dira haren atzetik

Maddalen Arzallus, atzo, Bardozeko saioan. GUILLAUME FAUVEAU.
Hodei Iruretagoiena.
Bardoze
2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Hendaiatik Donibane Lohizunera (Lapurdi) tarte handirik ez den arren, batetik bestera heltzeko autoa hartuta «bide luzea» egin duela kantatuz hasi du saioa Maddalen Arzallus Antiak. Kanporaketan Muskilditik (Zuberoa) pasatuta, finalerdian Bardozen (Nafarroa Beherea) kalatzea baino, aurrera egitea nahiago zuela esanez bota du hasierako agurra, eta halaxe egin du azkenean. Berak irabazi du Xilaba Bertsolari Txapelketako bigarren finalerdia, 513,5 puntu eskuratuta, eta Donibane Lohizunen izango da hilaren 23an. Datorren larunbatean izango da azken finalerdia, Izpuran.

Kasik berrehun lagunek bete dute Bardozeko Ezker Pareta, eta saio bizia osatu dute bertsolariek, Pantxika Solozarno gai jartzailearen esanetara. Arzallusen ondoren, Miren Artetxek egin du bigarren, 500,5 punturekin, eta haien atzetik sailkatu dira Xumai Murua (488,5), Ramuntxo Christy (481,5), Iker Altuna (468) eta Irati Alcantarilla (461,5). Saio parekatua izan da oro har, baina, ofizioak hutsik egin gabe osatu ondoren, Arzallusek koska bat gora egin du kartzelako ariketan.

Elkarrizketa hunkigarriarekin osatu dute zortziko handiko ariketa Christyk eta biek, elkarren aurka baino, elkarri bidea irekiz. Duela hamar urte harremana moztu zuten haurrideen rolean jarrita, aitaren hilobian egin dute topo. «Sentimenduak elkartu gaitu, aitak hala nahiko zuen/ eta gaur antxu ahantzia dut zerrek banatu gintuen», hasi da Arzallus, eta «zerotik hastearekin» ados dela esanez jarraitu dio Christyk. Haren erantzuna, bigarrenean: «Utzi ezazu zure lorea harri hortan eroria/ bi lorerekin ederragoa da aitaren hilobia».

Umorez heldu diote gaiari Muruak eta Artetxek. Erosketak egiten ari direla, ordaintzeko unean ilara luzeak direla eta, zalantzan dira autoordainketa kutxa erabili edo ez. Jabeen helburua langileei ez ordaintzea dela esan ondoren, lapurretarako proposamena egin dio Artetxek lagunari: «Goazen makina aldera biak, astiro baina seguru/ hori bai, Xumai, horra bagoaz zerbait lapurtu behar dugu». Hark, hala ere, nahiago izan du ilaran itxaron: «Baina ikusten dut lerro luze hau gaur guri zaigu pasako/ makina hori orain nola den guk biok ulertzerako».

Bizi aritu dira bertsolariak zortziko txikiko ariketan, eta ahalegina eskertu dute entzuleek. Christyk eta Altunak egin dute lehen ofizioa: jatetxe ospetsu batera gonbidatu du lehenak bigarrena, baina gustua galdua zuela aitortu dio Altunak. «Imajinatzeko» eskatu dio Christyk lagunari, eta menuari begiratzeko ondoren: «Irakurri izena, hortxe dena dago/ ez du izenak baino gustu gehiago». Ezin gozatu duela, «baina bai, bai, maitea, oso ona dago», esanez erantzun dio Altunak. Christyk ez du atzera egin: «A, ta ez dautzut erran, zuk duzu pagatzen/ segur naiz sentituko duzula pasatzen».

Aurrekoek ezarritako langari ongi eutsi diote Alcantarillak eta Muruak ere. Bikotekide truke batera gonbidatu dituzte lagunek; pozik da Alcantarilla, kopeta belztuta Murua. Gogor egin dio hasieratik Alcantarillak: «Ezagutu nahi ditut hemengo ta hango/ zu baino okerragoak ez dira izango». «Ez nuen uste nik», erantzun dio Muruak: «Honen beharra hain goiz etorriko zenik». Lagunak, ordea, erruki handirik gabe jarraitu du berean: «Aukeratu zintudan, ta beraz barkatu/ bikoterikan gabe ezin baitzen sartu».

Hamarreko txikian, Artetxe ironiaz. Altuna bizi den uhartean sumendi bat piztu da, eta etxea galdu du. Artetxe turistak sumendiaren ikuspuntu ederrena non den galdetu dio: «Pena beranduegi iritsi naizela/ eta laba gorria marroindua dela». Haserre hartu du Altunak: «Ze hemen familiak ari dira apurtzen / gasta ezazu dirua horiek laguntzen». Artetxek, berriz, lehengo bidetik: «Nahiz ta portretak baino, paisaiak nahiago/ argazkirako oraindik aukera bat dago/ jartzazu aurpegia, pixkat tristeago».

Begirada aldatzeaz

Kartzelakoan, lehen bi sailkatuak nabarmendu dira gaia emanda: «Gaur itsu bat lagundu duzu bidearen zeharkatzen. Harekin hizketan egon ondoren, sekulako indarra sentitu duzu». Errima estuekin, baina goitik beherako etorria behartu gabe bota du lehen bertsoa Arzallusek: «Zer baliosa azken ordu hau edo azken segundua/ nik ere beste modu batera ikus nezake mundua». Halaxe biribildu du bigarrena: «Berak argitu dit nere baitan itsu zen alaitasuna».

Itsuarengatik hasieran «pena» sentitu arren, dotore irudikatu du Artetxek: «Ta elkarrizketak bidaiarazi dit nere baitan barrena/ ta orain indar bat ikus dezaket, lehen ikusten ez nuena». Jasotako lezioa azalduz biribildu du ariketa: «Nahiz ta itxura itsusia izan, munduak penaz ta beste/ mundua ezin da aldatu, baina begirada alda daiteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.