Sanferminak

Kantuetan gorpuztu da festa

Euskal Herri osoko ehunka kantuzale bildu ditu Sanferminetan Kantari egitasmoak Iruñean, Orreaga elkarteak antolatuta. Euskarak festetan izan behar duen tokia aldarrikatu dute

Euskal Herri osoko kantuzaleak biltzen ditu urtero Sanferminetan Kantari egitasmoak. Irudian, parte hartzaileak San Saturnino kalean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
«Agur jaunaaak...», abesten hasi orduko moztu dute. «Tssst! Zuzendariak eman behar du sarrera! Ni naiz zuzendaria! Itxaron nik esan arte», esan dio aginte makila daraman gizonak aldez aurretik kantuan hasi denari. Barre egin dute ingurukoek. Zuzendariak keinua egin du makilarekin, eta orduan bai. Bat, bi, hiru: «Agur jaunak, jaunak agur...», hasi dira denak batera. Ehunka pertsona Iruñeko udaletxearen atzealdean, kantari, inguruan dabiltzan turisten harridurarako.

Sanferminetan Kantari kantu-jira ez da festen egitarau ofizialean ageri, baina jendetza erakartzen du urtero. Atzo, 500 bat lagun elkartu ziren kalejiraren ostean San Jose plazan egiten duten bazkarian. Goizeko kantaldian, baina, askoz gehiago izan ziren: 2.000-3.000 inguru, unearen arabera.

Orreaga fundazioko antolatzaileek eta parte hartzaileek ere ez dute oso argi duela zenbat urte hasi ziren sanferminetako giroa euskal kantu tradizionalekin goxatzen. «Gutxienez hamar-hamabost bat urte izanen dira, behintzat!», bota du Rafa Miranda faltzestarrak. «Hori besterik ez? Baietz hamazazpi edo hemezortzi izan», erantzun dio Gasteiz Kantuz-en elastikoa daraman beste batek [BERRIAren hemerotekaren arabera, 16. aldia izan da aurtengoa, izurriagatik bertan behera gelditutako azken bi urteak zenbatu gabe].

Argi dagoena da urtetik urtera gero eta jendetza handiagoa erakartzen duela sanferminetako emanaldiak, Euskal Herri osoko kantuzaleak elkartzen baitira Iruñean: iruindarrez gainera, Miarritzeko, Gernikako, Tolosako, Bilboko, Sakanako, Baionako eta Gasteizko taldeak batu ohi dira festara, besteak beste.

Miranda bera ari da kantuen hitzak biltzen dituen liburuxka parte hartzaileen artean banatzen. Ilara luzea sortu da berehala, aleren bat eskuratu ahal izateko. Denak prest direnean, zuzendariak bozgorailutik iragarri du Agur jaunak izanen dela eguneko lehen kantua. Eztarriak berotuta, Ikusi mendizaleak-en bertsio indartsu batek burrunba egin du udaletxearen atzealdeko Donejakue plazan, eta, horren ostean, Gontzal Mendibilen Bagare abestu dute.

Dozena bat musikarik lagunduta —txistulariak, txirulariak, soinujoleak eta gaiteroak—, San Domingo aldapan gora egin dute parte hartzaileek, udaletxearen pareraino. Han egin dute lehen geldialdia. Aurreko legealdian, Iruñeko alkatea balkoietako batera atera ohi zen, kantuak entzun eta parte hartzaileak agurtzeko. Aurten, itxita daude udaletxeko leiho guztiak, eta, alkatearen txaloen faltan, turista eta parrandazaleenak jaso dituzte kantariek. Isil-isilik, Baldorba, Erribera... Errepertorio luzea eskaini dute Iruñeko Alde Zaharrean.

Kantu ibiltariak

San Domingo atzean utzita, San Saturnino karrikara abiatu da segizioa, eta, handik, ohiko ibilbidea egin dute: Kale Nagusia, Eslava, San Frantzisko plaza eta Zapateria zeharkatu ostean, udaletxeko plazan amaitu dute kantujira. Handik, katedralaren ingurumarietara abiatu dira gehienak, San Jose plazan bazkaria egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.