Marc Marce. 'Regió7' egunkariko zuzendaria

«Ordainpeko edukiak izango dira etorkizuna»

'Regió7' egunkaria 40. urteurrena ospatzen ari da. Informazio orokorra lantzen du; baita tokiko informazioa ere, Bages, Bergueda, Cerdaña, Goi Urgel, Solsones, Behe Llobregat eta Moyanes eskualdeetan.

MARTA PICH.
urtzi urkizu
2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
1984an hasi zen Regió7-n idazten Marc Marce kazetaria (Manresa, Katalunia, 1963), eta 2006. urtetik da egunkariko zuzendaria.

Nola ari zarete ospatzen komunikabidearen 40. urteurrena?

Batetik, aste honetan Manresako Kursaal antzokian ekitaldi bat egin dugu. 800 herritar etorri ziren, eta musika, artea eta performanceak izan genituen. David Bowieren Heroes abestiarekin bukatu genuen, gure lana nahiko heroikoa baita. Bestetik, gehigarri bat prestatzen ari gara Sant Jordi egunerako [apirilaren 23a]. Eta erakusketa ibiltari bat ere prestatu dugu.

Ez da erraza 40 urte betetzea komunikazioaren mundu konplexuan.

Ez. Gainera, gure hedabidea oso baliabide urriekin hasi zen; lehen etapan, bi astetik behin argitaratzen zen aldizkari bat zen. Urteekin, asteko zazpi egunetan argitaratzen den egunkari bat bihurtu zen. Tokiko albisteez gain, Katalunia osoko eta munduko berriak ematen ditugu. 35.000 irakurle ditugu paperean, eta Interneten 24.000 erabiltzaile egunero. Krisialdi ekonomikoa eta aldaketa teknologikoak gainditu ditugu. Orain itxaropentsu gaude, eremu digital berrian aurrera egiteko prest.

Interneten hazteko aukerak ikusten dituzue?

Bi urtez aritu gara erredakzioaren integrazio digitalean lanean: parterik zailena egin dugu jada. Gure erredakzioak orain aldi batera egiten du lan Interneterako zein papererako. Kazetariek buruan dute eduki orok bertsio bat izango dutela webean: lehenago, bitartean edo ondoren. Egun, doan jartzen ditugu eduki guztiak, baina konbentzituta nago ordainpeko edukiak izango direla etorkizuna; diru iturri garrantzitsua izango dira. Lehenbizi handiek egin beharko dute hori, eta gero, txikiek.

Paperak jarraituko al du?

Paperezko egunkariak etorkizuna du; ez dakidana da noiz arte. Argi dagoena da ez dela amaituko ez datorren urtean, ez bi urte barru ere. The New York Times-ek 2010ean iragarri zuen ez zuela paperezko ediziorik egingo 2014an, eta 2019an paperezko 500.000 harpidedun dituzte.

Prensa Iberica komunikazio taldeak Regió7 erosi zuen 2006an. El Periódico erostekotan da orain. Eragingo al dizue horrek?

Prozesua hor dago, baina ez dute erosketa oraindik bukatu. Erosketa gauzatzen bada, Prensa Ibericak hegazkin-ontzi bat izango du; kazeta probintzialak bakarrik izan ordez, egunkari indartsu batere izango luke estatuko bi hiri handietako batean.

Generalitatearen ikerketa baten arabera, katalanezko egunkariek irakurle gehiago dituzte gaztelaniazkoek baino.

La Vanguardia-k eta El Periódico-k katalanezko bertsioak atera zituztenean, egoera irauli egin zen. Katalanezko prentsa gehiago saltzen da orain, eta arrazoi logiko bat dago hor; irratiko kontsumoa gehienbat katalanez da. Telebistan gaztelaniazko kontsumoa da nagusi, baina liderra TV3 da. Katalanak normalizazio maila bat hartu du. Eta egoerak, behintzat, itxaropenerako bidea ematen du. Katalana normalizatua eta nagusi izatea da xedea. Lor daiteke.

Regió7 egunkariak zer eragin sozial du Bages, Bergueda eta Solsones eskualdeetan?

Merkatu sartze handia dugu, Kataluniako handienetakoa. Prestatu dugun gehigarrirako, kalera atera gara, eta hamar herritar elkarrizketatu ditugu. Denek aitortu digute noizbait atera izan direla egunkarian. Gure egunkaria jendearen egunerokoan dago.

Hori da tokiko prentsaren abantailetako bat, ezta?

Bai, jendea gertutik ukitzen duten gaiez hitz egiten duzulako. Arazoa da jende askok gertatu denaren pertzepzio bat duela, eta, ez badu bat egiten zehatz-mehatz egunkariak ateratzen duenarekin, uste du kazeta nahastu egin dela. Bestalde, pertsonen buruko mapa gaur egun ez da soilik bizi den lurraldekoa. Jendea lurraldez gaindiko munduetan bizi da, sareetan. Horrek berekin ekar dezake tokiko prentsak interesa galtzea.

Zein da gakoa irakurleen fideltasuna lortzeko?

Interesatzen zaizkien gaien inguruan hitz egitea. Senti dezatela egunkaria gauzak gertatzen diren tokietan dagoela. Horrela, irakurleari ideia bat eragiten dio: «Egunkaria ni bizi naizen tokian dago. Gainera, sumatzen dudan baina guztiz ondo ez dakidan hori kontatzen dit».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.