Bertsolaritza

Txapeldunak ez du hutsik egin

Julio Sotok irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa, eta finalean izango da aurten ere. Saioa Alkaiza eta Josu Sanjurjo sailkatu dira segidan

Julio Soto irabazlea kantuan, atzo, Berriozarko finalaurrekoan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Hodei Iruretagoiena.
Berriozar
2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Bosgarren txapela jantzi zuen Julio Soto Ezkurdiak 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketan, eta hautagai nagusietako bat izango da aurten ere. Atzo Berriozarren Sotok irabazi ondoren, oraingoz, aurreko finalean buruz buru aritu ziren bi bertsolariek dute ziurtatua finaleko lekua: Eneko Lazkozek eta Sotok berak —520,5 puntu bildu zituen atzo—.

Sotoren ondoren, bigarren eta hirugarren egin dute Saioa Alkaiza Guallarrek (480 puntu) eta Josu Sanjurjo Alzurik (474,5), eta puntuazioak ikusita, aukera handiak dituzte biek Iruñeko finalean aritzeko. Izan ere, Altsasuko lehen finalerdian baino puntu gehiago lortu zituzten atzo. Lehenengo hiruren atzetik, halaxe geratu zen sailkapena: Alazne Untxalo Erregerena (428,5), Mikel Lasarte Cia (422) eta Patxi Castillo Graciarena (414,5).

Zortziko handian, kuadrillako batek minbizia duela eta, elkartasun keinu gisa, ilea erabat moztea erabaki dute Sanjurjok eta Untxalok. «Horrela behintzat erranen zaio badela gainditzeko gai/ polit ez dakit egongo garen, baina indartsu behintzat bai», hasi du lehenak ofizioa, eta ilea moztearen metafora baliatuz zabaldu du bidea Untxalok: «Elkarri moztu diogu ilea, eta elkarrekin hazi/ sinbolikoki nahi dugulako bizitza berritik hasi».

Adinean gora egindako bi lagun dira Castillo eta Lasarte, bakarrik bizi direnak. Garbi dute ez dutela zahar egoitza batean bukatu nahi. «Halare hemen baserri hontan nahi dut hiltzen naizen arte/ zahar etxean sartu ezkero bizitza kentzen didate», hasi da Castillo, eta seme-alabak ekarri ditu gaira bigarrenean: «Zainduko al naute bere garaian nik egin nuen antzera». Lasarte, bide beretik: «Esaten dute: 'Onena duzu, aitona, zahar etxea'/ baina ederki kostako zaie ni hemendik ateratzea».

Zortziko txikian hitz joko politak utzi zituen Sotok, piano ikaslearen rolean. Sanjurjo irakasleak, laugarren astez jarraian, etxerako lan bera errepikatzeko esan dio. «Laugarrengo aldikotz etxera Vivaldi/ autoestima altxatzeko onena biba hi», bota du lehena Sotok, eta «nahiz bost hatzetan dauden sola eta doa/ behar dut teklatu bat luzexeagoa», bigarrenean. Irakaslearen agindua, berriz, «diziplina ta lana, hori da musika». Bide beretik eman dio errematea Sanjurjok: «Hasi zaitez lanean nahiz ez den justua/ edo bertzeen gisan jo zazu txistua.»

Ariketa horretan egin zuen lanik osoena Lasartek, Alkaizarekin batera. Dantza latinoen klase batera joan da bikotea, eta Lasartek segidan hartu du erritmoa. Alkaiza, berriz, geldirik dago. Testuingurua ondo baliatu du Lasartek: «Aditu erritmoa alaitu bizitza/ hau dantza dugu eta ez bertsolaritza». Ezinaren arrazoia eman dio Alkaizak, umoretsu: «Saltsa eta batxata ni penaz beteta/ bi ezker oinekin jaio nintzen noizbait eta». Egoki erantzun dio lagunak: «Saltsan zu ez zabiltza modu seguruan/ baina saltsa galanta daukazu buruan». Lasarteren hasierako bertsoa baliatuz biribildu du ofizioa Alkaizak: «Hobe joaten banaiz gaur oholtzarantza/ maite dudana baita mingainaren dantza».

Hamarreko txikian, Untxalok eta Alkaizak egindakoa izan zen ofiziorik aipagarriena. Ahizpak dira, eta medikuak haien 88 urteko aitari gomendatu dio egunean erretzen duen zigarro bakarra uzteko. Untxalok medikuari kasu egitea nahi du; Alkaizak, berriz, ez. Hara azken horren argudioa: «Ducados beltza baita haren argi printza/ sua kea txinparta alaitzeko grisa/ biziorik ezean zer dugu bizitza». Untxalok, berriz, kontrako bidetik: «Kearekin bizitza badoa ta ihes/ proposatu zaiogun, Saioa, mesedez/ pattarra utzi zuen ta hau zergatik ez?».

Beldurrak eta zalantzak

Beldurren inguruan jarri zieten bakarkako gaia: «Ustez gaindituak zenituen beldurrak itzuli zaizkizu». Hiru bertsoen haria ondo lotuta, saio sinesgarria osatu du Alkaizak. «Mamuak bueltatu zaizkit zer nahi duzu esatea/ ez baita gauza samurra depresioa izatea». Bigarrena, ariketa horretan erakutsitako erraztasun eta jarioaren erakusle: «Azkarregi joan egin zen nire bizitzaren trena/ senarra ta seme-alabak hitz batean daukat dena/ zurrunegia zait baina hautatutako eskema/ eta barne desordenen eragile da ordena/ neronek garraiatzen dut barnean daukadan pena/ ze egin ahal dut malko betez baldin badaukat barrena/ ta nere burua bada nere etsairik handiena».

Gizon homosexual baten roletik jo du Sotok bakarkakoan, guraso izateko bideen inguruko zalantzak aletuz: «Baina balantzan jarri ostean mesede eta kalteak/ nire beldurrez ezetz izan zen, ta egin genitun pakeak/ baina berriro ikaratu nau guraso ez izateak». Zalantzak aipatu dizkio bikotekideari, hirugarrenean: «Momentuz behintzat ahaztu nahi nuke egin gutxinez ahalegin/ ze adoptatzeko bidexka hori, nahiz eta eman atsegin/ ziurtasunik izan ezean, beldurrez ezin da egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.