Albistea entzun

«Entzulerik gazteenak erakarri nahi ditugu»

Irulegiko Irratiak 40 urte bete ditu urtarrilean. Urteurren egitasmoak egingo dituzte Nafarroa Behereko 70 herritan, eta irratsaio bereziak emango dituzte irratiko partaide eta kolaboratzaile izandakoekin.
Jojo Bidart Irulegiko Irratiaren estudioan, aste honetan.
Jojo Bidart Irulegiko Irratiaren estudioan, aste honetan. GUILLAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Alex Uriarte Atxikallende -

2022ko otsailak 6

Irrati libreen sorrerarekin jaio zen Nafarroa Behereko Irulegiko Irratia, duela 40 urte, eta Ipar Euskal Herriko euskalgintza inarrostea izan du jomuga hasieratik. Jojo Bidart da sorrera haren alde eta, ostean, irratiaren, kulturaren nahiz euskararen alde lanean ibili diren langileetako bat. Jada ez du irratian aktiboki parte hartzen, baina Irulegiko Irratiaren Elkarteko lehendakaria da. Elkarteak berak ere berrogeigarren urteurrena bete du iragan azaroan.

Irratiaren eta elkartearen 40 urteko ibilbidea omentzeko, Nafarroa Behereko 70 herritan sostengu egitasmoak egingo dituzte, hilaren 19an hasita. Gainera, irratian langile eta kolaboratzaile izandakoekin ere irratsaio bereziak egingo dituzte, eta irratia kalera aterako dute, lau hamarkadako bidean egin duten gisara: herritarrengandik gertu.

Irratiaren sorrerari buruz, Bidartek adierazi du 80ko hamarkadako gobernu sozialistak «haize berriak» ekarri zizkiola irratigintzaren alorrari; hain zuzen, sasoi hartako gobernu aldaketa hura profitatu zuten «Frantziako Estatuaren kudeaketaz haragoko irrati libreen zidorrera sartzeko». Xede argia zuten munduratu berri zen irrati «xume eta eder» hartako aitzindariek: «Iparraldeko euskarari arnasa eta bultzada ematea». Lau hamarkadaren ostean, oraindik helburu berari eusten dio Irulegiko Irratiak, baina urteek emandako eskarmentua «lagun» dute, Bidarten arabera: «Hutsetik abiatutako irratiak, egun, zazpi langile ditu, eta laguntzaile sare zinez errotu bat ehundu dugu».

Urteen poderioak iturri berrietatik edateko modua eman die. Irratiak, gaur-gaurkoz, hiru jatorritatik jasotzen ditu laguntzak: heren bat Frantziako Kultura Ministeriotik; beste bat Euskararen Erakunde Publikotik; eta azken herena herriko etxeetatik eta kolaboratzaileen ekarpenetatik. Azken horrek, Bidartek dioenez, «herritarren eta irratiaren arteko erlazioa egon badagoela» frogatzen du.

40 urteren ondoren, Irulegiko Irratiak «ahal bezain sendoen» eusten dio hastapeneko filosofiari: irrati eskaintza zabala eta parte hartzailea ematea. «Zerbait bada, herritarren komunikazio eta saretze instrumentua da», adierazi du Bidartek. Halaber, ahotan du saretze horren profesionalizazioa, baina, haren ustez, «irratiak ez ditu galdu biziki berezkoak dituen balioak, hots, hurbiltasuna eta konpromisoa».

Antxeta Irratiarekin, Gure Irratiarekin eta Xiberoko Botzarekin batera, Euskal Irratiak federazioa sortu izana ere hizpide du. Batasun hori «tokiko biziaren, euskararen eta herritarren aldeko apustua» izan zela adierazi du, eta datuak ditu eskutan: «Irulegiko Irratia gehien entzuten den katea da Nafarroa Beherean, 24.000 entzule ingururekin; Xiberoko Botza bigarrena da Zuberoan; Gure Irratia Lapurdin zentratua dago, eta bere toki propioa lortu du, eremu hori hain euskalduna izan ez arren, eta irratien arteko konkurrentzia handia izan arren».

Orobat, irrati entzuleen profila ere aztertu dute, kalitatezko eskaintza ontzeko «ezinbestekoa» baita hartzailea ezagutzea, Bidarten hitzetan. Irulegiko Irratiak, haren ustez, bi motatako entzuleak ditu: euskaraz ulertzen eta mintzatzen direnak, batetik; euskara ulertzen dutenak baina komunikatzeko zailtasunak dituztenak, bestetik. «Irratiak biei ala biei herritik eta herrirako eskaintza ematea du xede», azaldu du.

Euskarri arteko jauzia

Teknologia berrien gorakadak euskarri nahiz formatu tradizionalen itxuraldaketa ekarri du. FMa bigarren mailara pasatu da, podcasten eta, funtsean, Interneten mesedetan. Irratiak, beraz, egokitzapen prozesu bati heldu behar izan dio, gaurkotasunaren araketan. «Langileak, egungo korronteetara doitzeko, formatu egin dira», adierazi du Bidartek. Webgunea eta sareko audio eskaintza horren erakusle dira.

Etorkizunera so, kalitateari eustea eta entzulea ahal bezain hurbilen izaten segitzea dute helburu. Belaunaldi arteko zubi lanari ere erreparatzen diote: «Batez ere, entzule gazteenak erakarri nahi ditugu». Era berean, abian jarri duten teknologia berrien erabilera sendotzen jarraitzeko asmoz dabiltza; «sakelakoaren eremua konkistatu behar dugu».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Erlojuak berebiziko garrantzia du gizartean»

Unai Etxenausia

Erlojugilearen ogibidea galtzear dago. Sueskunen ustez, ordua emateko baino askoz gehiagorako balio du erlojuak, eta «arma boteretsu bat» ere izan daiteke batzuetan.
Ezkerretik, Denjah Man eta Betto Snay musikariak, Bilboko San Frantzisko auzoan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU
AEBetako <em>Semafor</em> hedabide digital berriaren azala. ©BERRIA

'Semafor', iritzia eta gertaerak ondo bereizten dituen hedabidea

Urtzi Urkizu

Justin eta Ben Smithek 'Semafor.com' hedabide digitala sortu dute AEBetan. Irakurleei «gardentasuna» eskaini nahi diete

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...