Albistea entzun

Lurdes Lekuona. Arabako Herri Inauteriak-eko kidea

«Berreskuratu eta mantenduko diren inauteriak herriak sortutakoak dira»

Lekuonak «tximeletak» sentitzen ditu sabelean inauterietako egunetan. Herrietakoak ditu maite, eta adierazi du transmisioa eta herri ekimena beharrezkoak direla ohiturak mantentzeko.
ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2021eko otsailak 21

Inauterizalea da Lurdes Lekuona (Gasteiz, 1958), batez ere Zalduondoko (Araba) ohiturak ezagutu zituenetik. Hain zuzen, Arabako Herri Inauteriak elkartea sortu zuten bertan, kultur ondarea berreskuratzeko eta memorian mantentzeko asmoz, eta elkarteko kideetako bat da. Haren ustez, herri ekimena egon behar da inauterien oinarrian, eta, ingurura ere egokitu behar dira.

Gaur zortzi inauterietako igandea izan zen; egun garrantzitsua. Ospatu al zenuen?

Ez, eta bi sentimendu izan nituen. Batetik, pena sentitu nuen, ezin izan dugulako inauteririk ospatu, eta, bestetik, ardura. Egoera honetan erabakia ondo hartuta dagoen sentsazioa daukat.

Izan ere, inauterien zalea zara. Zer dela eta?

Batetik, Zalduondora joaten hasi nintzen orain dela 35 urte inguru, nire bikotekidearen familiak etxe bat erosi zuelako han. Inauteriak ezagutu nituen; oso garrantzitsuak dira herriarentzat, barne-barnetik bizi dituzte, eta herria batzen duen elementuetako bat da. Bestetik, bizitza pertsonalean ere garrantzitsuak dira. Bikotekidearen inauterietan hasi nintzen, nire alaba ere jai horietako astearte batean jaio zen, eta nire iloba igande batean. Nola ez naiz izango inauterizalea halako bizipenekin!

Eta ba al daukazu txikitako oroitzapenik?

Gasteizen inauteriak ospatzen hasi zireneko oroitzapena dut gogoan, baina ordurako gaztea nintzen. Ez naiz inoiz desfilezalea izan, baina kuadrillakoak ateratzen ginen mozorrotuta.

Beraz, herri inauteriak nahiago dituzu.

Bai, eta, gainera, Arabako Herri Inauteriak elkartea sortu genuen, lurraldeko inauteririk ezagunenak batuta: Illarduia, Egino, Andoin, Salcedo, Kuartango, Kanpezu eta Zalduondo. Helburua inauteriak ezagutaraztea zen, eta berreskuratzeko asmotan zebiltzan herriei laguntzea, ahal izanez gero, gure esperientziatik. Izan ere, aipaturiko herrietan ere berreskuratze prozesuak egin ziren. Areago, museo bat ere egin genuen. Zalduondoko XVI. mendeko Lazarraga jauregian dago, eta igandeetan irekitzen da.

Ba al dago loturarik elkarren artean?

Badaude elementu komun batzuk. Gehienetan, pertsonaia nagusi bat dago: Markitos, Porretero, Toribio, lastozko gizona eta Arrianoko atsoa. Pertsonaia maltzurra izan ohi da, eta harekin akabatzen da herri inauteri askotan. Zalduondoko kasuan, esate baterako, Markitos herrian gertatzen diren txar guztien erruduna da, eta sutara kondenatzen da. Pertsonaiez gain, erabiltzen den materialak ere baditu antzekotasunak: makilak, zakuak, lurra, lastoa, sardeak... Hein batean, herri inauterietan inguruan zuten materiala erabiltzen zuten, eta orain ere horrela egiten saiatzen gara. Hala ere, modernizatu behar izan ditugu gauza batzuk. Errituak eta ohiturak mantentzea garrantzitsua da, baina baita gaurkotzea ere; eboluzio bat dago.

Eta, oro har, beste leku batzuetako inauteriekin ba al dago antzekotasunik?

Ziripot ikusiz gero, eta, ondoren, gure pertsonaietako batzuk, berdintsuak dira, batez ere aurrez aipaturiko elementuen erabilerarengatik. Eta berdin gertatzen da kanpokoekin ere. Guadalajarako [Espainia] inauterietan, adibidez, beltzez margotzen dute aurpegia, sarritan loreak erabiltzen dituzte, eta beste hainbat gauza. Materiala ezberdina izan daiteke, baina leku bakoitzeko inguruneko elementuek duten garrantziak berdina izaten jarraitzen du.

Eta noizkoak dira inauterien lehen erreferentziak?

Arabako kasuan, Zalduondon, adibidez, 1798koa da lehenengoa. Dokumentu bat dago non alkateak agindu bat eman zuen gazte batzuk atxilotzeko, dantzaldi batean «ekintza lizun bat» egiten aritzeagatik. Dokumentu hori idatzita dago, eta, beraz, badakigu data horretan jada inauteriak ospatzen zirela, baina ez dakigu noiztik. Halere, jakinekoa da oso antzinakoak direla: erromatarrek ospatzen zituzten, eta baita lehenagokoek ere. Udaberriaren etorrerarekin uztartzen zituzten.

Hori da inauterien identitatea?

Lehen udaberriarekin erlazionatzen zen: lurraren esnatzea irudikatzen zen, negua pasatu eta gero. Elementu oso sinbolikoak daude. Hor bada hartzaren figura ere. Herri askotan erabiltzen dute, nolabait, hibernazioa pasatu eta gero udaberria datorrela adierazteko. Eta berdin suarekin eta errautsarekin ere. Garbitasunaren, purifikazioaren elementu gisa erabiltzen zen. Lurra ere botatzeko joera bazegoen, emankorragoa izan zedin. Azken batean, garai berri bat heltzear dela adierazten dute inauteriek jatorrian.

Hala ere, inauteriek ere etenak izan zituzten, hala nola 36ko gerrarekin batera.

Lehenago ere utzi zituzten bertan behera, beste arrazoi batzuk zirela medio, baina, azkenekoz, frankismoarekin batera debekatu zituzten. Horretarako, dekretu bat atera zuten, eta bertan zehazten zen inauteri guztiak debekatuko zirela, gerra garaia ez zelako ospatzeko momentua. Leku batzuetan, ordea, mantendu zuten ohitura, egun batzuk aurreratuta. Kuartangon, adibidez, Santa Ageda egunarekin batera egiten hasi ziren.

Baina zer dago debeku horren atzean?

Frankismoari jaiak ez zitzaizkion batere gustatzen, batez ere herriak egiten zituenak. Gainera, inauteriek badute transgresio puntu bat, kritika egitea delako oinarrietako bat. Betidanik kritikatu izan da, hala nola Eliza, boterea. Eta ez zeuden prest kritika minimo bat ere onartzeko. Halere, aitzakia izan zen jendeak ezin zuela jai bat egin beste batzuk frontean zeuden bitartean. Hala dago jasota 1937ko dokumentu batean.

Gaur egun, herri inauterietan mantentzen da kritika puntua. Zer kritikatuko zenuke?

Sermoi bat egiten da kritikarako. Kasu honetan, horretarako aukera izango banu, botere politikoak kritikatuko nituzke. COVID-19aren kudeaketarekin folioak idazteko aukera ere izango genuke! Gauza batzuk ondo egin direla aitortu behar da, baina beste batzuk gaizki, hala nola txertoak ez zegozkienek hartzea.

Orain nagusitzen diren inauteriak kritikatuko al zenituzke?

Inauterietan lotsa galtzen da, sarritan, aurpegia ikusten ez delako. Baina baditut hainbat kezka mozorroekin, adibidez. Katalogoetan ageri diren mozorroak sexistak dira, eta hausnarketa bat egin beharra dago. Inauteriak apurtzaileak eta urratzaileak direla diogu, baina, orain, badute komertzializazioaren puntu hori, kontsumoaren barnean sartuta daude. Gainera, hiri inauterien kasuan, gehienetan, udalak antolatutakoak izaten dira, eta jendeak nahiz eta konpartsetan parte hartu, antolaketa bertikala izaten da. Hori herri inauterietan ez da horrela izaten.

Halere, hirietan badira herri inauterien aldeko saiakerak ere; esaterako, Gasteizko Alde Zaharrean.

Nire ustez, berreskuratu eta mantenduko diren inauteriak herriak sortutakoak izango dira, eta, hirietan horretarako aukera ere egongo da. Izan ere, uste dut herri inauterien espiritua mantentzeko behar dela festa eta ohitura hori barrutik sentitzea, eta jendea antolatzea; ezin da izan goitik prestatutako jai bat. Herri ekimena behar da, indarra eta inplikazioa sektore gehienetan: umeena, gazteena eta helduena. Eta baita sormena ere. Pertsonaiak birsor daitezke, hala nola mitologikoak, betiere ezagutzen eta erabiltzen diren kultur elementuak oinarri hartuta.

Zer egin beharko litzateke hori bermatzeko?

Transmisioa da garrantzitsuena. Guk ikasi dugu besteek kontatu digutelako, eta besteek ikasi dute beraien aurrekoek azaldu dietelako. Eta berreskuratu zuten memoria zutelako, bazekitelako gazte garaietan jai bat egiten zutela. Transmisio hori garrantzitsua da inauterietan zein kultur arlo guztietan. Horrek huts eginez gero, ohitura horiek ez dira mantenduko. Inplikazioa behar da.

Gazteen aldetik, adibidez?

Zalduondon, esaterako, inauterietan artalde bat egoten da; ardien talde bat. Hor parte hartu ahal izateko, gutxienez 16 urte eduki behar dituzu, eta gazteak zain egoten dira noiz beteko. Sarbide erritu bat bezalakoa da, eta hor badago aurrera begirako inplikazio bat ere.

Garrantzitsua al da ondare hori mantentzea?

Erabat. Kultur ondarea mantentzea eta memorian iltzatzea garrantzitsua da, baina baita gauza berriak sortzea ere. Gasteizko Alde Zaharreko kasuan, adibidez, helburua gure kultura zabaltzea eta belaunaldi gazteagoek hura ezagutzea bada, oso positiboa da. Horrez gain, bada beste kontu bat ere: herri eta hiri inauteriek elkarbizi behar dute; ezin dira banatu.

Spiderman eta lastozko pertsonaia bat elkarren alboan?

Hori da gure bizimodua, azken batean; nahastu egiten dugu. Planteamendu ezberdinak daude, eta batzuek ez dituzte kanpoko mozorroak onartzen. Hala ere, nik uste dut elkarbizitza baldin badugu helburu, inauterietan ere hala izan behar dela. Gure errituak mantendu egin behar dira, ezbairik gabe, eta ez da posible Markitos Spiderman balitz bezala azaltzea, baina ikusleek hala mozorrotu nahi izanez gero, ez dago arazorik.

Komunitateak egiten ditu inauteriak berezi, beraz?

Inauteriak ez dira soilik jai bat, ez da soilik egun bat, aurrez ere lan egin behar baita, eta hori komunean egiten da. Komunitateak egiten duen jai bat da, eta herria batzen du. Tximeletak sentitzen ditut sabelean egun horietan, eta musika entzun orduko oilo narrua jartzen zait. Harro sentitzen naiz: ikusten dut kultur ondare hori mantentzen dela, transmisioa ondo egin dela eta gazte pila bat daudela bultzatzen eta gozatzen. Nahiz eta lana izan, egun goxoa izaten da, eta asko gozatzen da. Zain egoten naiz datozen urteetarako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©GUILLAUME FAUVEAU

«Galtzagorriak behar ditugu. Indar hori, euskaldunak, galtzagorriak gara»

Ainize Madariaga

Libe Goñi Garatek eta euskarak gorputz bakarra osatzen dute. Seaskako lehen andereñoa izan denak bizia eman du bere artatzen eta transmititzen. Olentzero, taloak, kantua eta dantzak ere zabaltzen aritu zen. Orain, reiki irakaslea da.
Ilaski Serranok eta Saioa Martijak Martxoaren 8ari buruzko <em>Ahoz aho</em> berezia prestatu dute bihar arratsalderako. ©ETB

Martxoaren 8ari lotutako makina bat saio izango da ikusgai egunotan

Urtzi Urkizu

ETB1en 'Ahoz aho' berezia egingo dute bihar. Hamaika telebistan emakume arrazializatuen inguruan arituko dira bihar, 22:00etan

Bi pertsona, animaliei begira, Zumas behatokitik. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Hezeguneko sinergia

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Landareek eta hegaztiek bat egiten dute Gasteizko Salburua parkean, eta bizia ematen diote hezeguneari. Ataria interpretazio zentroak natur ibilbideak eskaintzen ditu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna