Literatura

Gazte dirdiratsuak

Bright Young People mugimendua gazte kultura hedonistaren adierazpidea izan zen 1920ko hamarraldian, Europa osoan hedatu ahala Erresuma Batuan ere loratu zena.

Nancy Cunard eta Brenda Dean Paul izan ziren Bright Young People mugimenduko kiderik ezagunenetako bi. BERRIA.
2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Bright Young People 1920ko hamarkadan Europan zabaldu zen gazte kultura hedonistaren adierazpidea izan zen. Gizarte berri horrek bohemia, gau jendaila eta goi klaseak nahasten zituen. Horiek osatu zuten Bright Young People, urte haietako Erresuma Batuko gazteen kultura ikusgarri bezain iheskorra. Hamarraldi haren hasieran, halaber, masa gizartea hedatu zen Europan. Hala, AEBetara begiratzen zuen Erresuma Batuan, emakumeek ahalduntze prozesua abiatu zuten, eta Jende Distiratsu eta Gaztea mugimenduaren lema gobernatu zuten, gizarte tradizionalaren ohiturak iraultzeko kontrolik gabeko droga kontsumoaren, jazz musikaren, sexu frenesiaren eta eskandaluzko parranden bitartez. Brenda Dean Paul eta Nancy Cunard mugimendu horren goi klaseko ordezkari suminkor eta zital bilakatu ziren.

Lehen Mundu Gerraren ondotik, AEBen eragina kontinente zaharreko zirrikitu guztietatik hasi zen sartzen: haien hedabideek eta gazte kulturak gerraosteko bakea moldatu zuten. Europarako bidea hartu zuen migrazio berriak, gainera, bizitu egin zuen prozesu hori: idazleak, musikariak eta bohemioak Europan finkatu ziren, batez ere Parisen, Frantziako hiriburuko gau giroko festa basatiek erakarrita. Dolarrak liberaren aurrean erakusten zuen indar monetarioak ere zerikusi handia izan zuen migrazio hori gerta zedin.

Berlinen kasua antzekoa zen: munduko sexu hiriburua zen garai hartan. Berlingo eskaintza oso zabala zen; besteak beste, kabaret zantarrak, aldizkari erotikoak eta topaketetarako klubak zeuden. Kaleak lesbianen gizarte klubez, trabestien saloiz eta prostituzio etxez josita zeuden. Mutil nerabe asko ere prostituitzen ziren, homosexual britainiarren eta estatubatuarren gozamenerako.

Erresuma Batuak ere norabide bera hartu zuen. AEBetako kultura kontsumista erabat errotu zen gazteen artean, eta modernitate horren abangoardian emakumeak kokatu ziren. Sufragistek bozkatzeko eskubide partziala lortu zuten, eta antisorgailuak zabaltzen hasi ziren. Gerrako ahaleginaren ondorioz, emakumeek independentzia handiagoa lortu zuten. Gatazka belikoan, gainera, gizon asko zendu ziren; hortaz, miloi bat emakume gehiago zegoen. Emakumeak jada ez ziren berehala ezkontzen.

Olgetan, ordena irauli

Kinka horretan loratu zen Bright Young People mugimendua. Daily Mail egunkariak 1924. urteko uztailean aipatu zuen estreinakoz gazte hedonisten fenomenoa. Deskribapen hau jaso zuten albistearen goiburuan: «Arrastoei jarraitzea, goi mailako gizartearen jolas berria, zeina Londresen gertatzen den gauerdian, 50 auto, Jende Gaztea eta Distiratsua».

Talde txiki hori goi klaseko eta erdiko klaseko neska gazte batzuek zuzendu zuten —haietariko askok harreman gatazkatsuak zituzten gurasoekin—. Itxuraz oso arruntak ziruditen, baina sakonean aldaketa soziala bilatzen zuten jolasen zaleak ziren, tartean, altxorra bilatzeko aztarna jolasarenak. Mozorroak eta txantxak ere oso ohikoak ziren haien artean. «Londres dotoreena menderatu duen mugimendua da». Gazte taldeak sekulako oihartzuna izan zuen egunkarietan. Sasoi hartako prentsan sinatutako txutxu-mutxuen zutabe klasikoa sortu zen, eta gazte kaskarinak eta haien festak zutabegile zorrotzenen jomuga bilakatu ziren.

Festa haietan, nerabeak eta 30 urtetik gertu zeudenak nahasten ziren, tartean Nancy Cunard kazetari eta editorea eta Harry Crosby bon vivant eta poeta, zeintzuek ez zuten lanik egiten, dirudunak baitziren. Nagusiak izanagatik ere, gerrak nerabezaroa hondatu zien. Hala, festa haien bidez, nerabezaro galdua berreskuratu zuten. Gaztetasunak ez zuen zerikusirik adinarekin: aldarte bat zen.

Bright Young Peoplek ondutako festetan, gizarte maila guztietako ordezkariak biltzen ziren, Poliziaren harridurarako. Klaseen arteko mugak hausteko, ezinbestekoak ziren musika —eta dantza— eta alkohola —eta bestelako drogak—. Hori guztia sexu eldarnioaren hordialdian gertatzen zen; ez zegoen orgiarik gabeko festarik. Festa tematikoen jarraitzaile sutsuak ziren —taldeko kide eta idazle ezagun Evelyn Waughek zoraldi horren nondik norakoak bildu zituen Decline and Fall (1928) eta Vile Bodies (1930) eleberrietan—.

Halere, etxe oneko neska hedonista horien bihurrikeriak behe klaseko neskek egin izan balituzte, atxilotu egingo zituzten. Teenage: The Prehistory of Youth Culture: 1875-1945 liburuan, hau da, teen kulturaren biblian Jon Savage adituak idatzitako hitzak argigarriak dira mugimenduaren goi klaseko jatorriaren garrantzia azaltzeko: «1926ko greba orokorrean, parrandazale haietako asko gobernuaren aldeko eskirol aritu ziren, eta oinarrizko zerbitzuak martxan mantendu zituzten. Greba amaitu zenean, maiatzaren erdialdera, langile mugimendua txikituta zegoen belaunaldi batentzat».

Leherketaren ekarpena antzua izan zen, baina nabarmen hedatu zen gazteria burgesaren artean. Hala, berez sortutako eztanda hutsalkeria bilakatu zen. «[Mugimendua] Bi arrazoirengatik hil zen: publizitatea eta gizarte septizemia. [...] Festak sarriago egiten ziren, baina originaltasun eta dibertsio falta nabarmena zen, alkohol orgia masiboak bihurtu ziren arte, zeintzuetara erdi lotan eta etsita, nekatuegi zeuden aitzindari batzuk bertaratzen ziren», Brenda Dean Paulen hitzetan. Hartara, errutina narkotizatuak bat-batekotasun bizizalea irentsi zuen.

Drogazaletasun aristokrata

Brenda Dean Paul Londresko familia aristokratiko batean jaio zen, 1907an. Gaztetatik aktore izan nahi zuen. Amets horren atzetik, Berlinera joan zen 20 urte zituela, baina hiriburuko gau giroak sorgindu zuen. 1920an, Parisen izan zen, eta, abortu baten eraginez, morfina hartu zuen ospitalean; haur galtzetik ez omen zen inoiz suspertu. Heroinaren eta kokainaren plazerak ere Parisen dastatu zituen estreinakoz.

Londresera itzuli zenean, Bright Young People mugimenduan militatu zuen. Haren janzteko estiloa klase guztietako emakumeek miresten zuten —Interneten historiako lehenengo it girl-a dela esaten da—. 1931. urtean, ama hil zitzaion, eta, ondorioz, gehiago hondoratu zen estupefazienteen zuloan. Bi urte geroago, kartzelatu egin zuten iruzur egiteagatik eta drogak edukitzeagatik. Espetxean nabarmen argaldu zen: bulimia zuen, eta 35 kilo baino ez.

Dean Paul garaiko hizki-mizkien kronisten jomugan izan zen: «goi klaseko drogazalea» izendatu zuten. Michael Wishart pintoreak esan zuen festa batean ikusi zuela xiringa bat garbitzen loreontzi bateko urarekin. Zurrumurruen albo kalteak. 52 urte zituela hil zen, gaindosiak jota.

Glamour antifaxista

Aita aristokrataren eta ama aberatsaren alaba bakarra izan zen Nancy Cunard britainiarra (1896-1965). Amak, Maud Cunardek, goi klaseko festa jantziak ontzen zituen etxean; beraz, musikariak, idazleak eta artistak ohikoak zitzaizkion Nancyri txikitatik. Hori dela eta, gaztetan piztu zitzaion literatur zaletasuna. Gerra Handiaren ostean, Londresen finkatu zen, bai eta gazte bohemio zurruteroekin nahastu ere. Era berean, poesia idazten hasi zen. 1920. urtean, Parisko gautxori entzutetsu bilakatu zen; sasoi hartako emakumeen eredu ere bihurtu zen bere soineko eta bitxiengatik. Mozkorraldiek eragindako haserrealdiak sona handikoak ziren: Jannet Flanner eta Solita Solano kazetari bikote estatubatuarrarekin biltzen zenean, gizon guztiak kikiltzen zituzten. Tristan Tzara dadaistarekin, Louis Aragon surrealistarekin eta Aldous Huxleyrekin ere harreman oso hurbilekoa izan zuen.

1927an, Hours Press argitaletxea abiatu zuen, eta, urtebete geroago, Henry Crowder jazz musikari afroamerikarrarekin maitemindu zen, Venezian. Ondorioz, AEBetan segregazioaren aurkako kanpainetan ere parte hartu zuen. Espainiako 1936ko gerran ere izan zen berriemaile, eta han ezagutu zuen Pablo Neruda. Bien artean argitaratu zuten Los poetas del mundo defienden el pueblo español antologia. Bigarren Mundu Gerra bukatuta, Frantziara itzuli zen, eta Francoren aurka aritu ziren errefuxiatuei lagundu zien muga pasatzen.

Alkoholismoaren eta urteen poderioz, osasun arazoak izan zituen, hala fisikoak nola mentalak. 1965. urtean hil zen Cunard, Parisen: hoteletik ihes egin zuen, eta kalean aurkitu zuten, konorterik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.