Ahomentan

BI POLITIKARI, BI BIDE

Bata, herrigintzatik; bestea, hautetsi karguetatik. Biak dira Ipar Euskal Herriko politikagintzako protagonista. Biek adin berdintsua dute, eta biak gaztetatik dira politikoki engaiatu, baina biek, gogoeta ezberdinak sakonduz, arras desberdinki bizi izan dute eta bizi dute beren engaiamendua.

Frantxua Maitia eta Jakes Bortairu, Errobi bazterrean. ARGAZKIAK: NORA ARBELBIDE LETE/ ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Erretretaz zenbait hitz partekatuz hasi dute solasa. Jakes Bortairuk lau urteren buruan du. 21. Korrika iragan eta hartzekoa duela nabarmendu du, erdi nostalgia puntu batekin. Maitiak orain dela zortzi urte hartu zuela gogoratu du, irakasle gisa aritu ondoren. Azkenetako bat izan zela «55 urtetan partitzeko eskubidea ukan» zuena. Hautetsi sozialista gisa, berriz, oraindik lanean dihardu. Abenduan, kargu politikorik gabe geldituko da, haatik. Eskualdeko hauteskundeak izanen dira orduan. Eta militante sozialistek ez dute aurkeztuko duten zerrendarako hautatu. Abendutik landa zer eginen duen ez du deus salatu nahi izan Maitiak, irri ttipi batekin: «Ez dizut orain erranen zer egin gogo dudan».

Segur dena da gogoa ez dutela erretretan biek. Bereziki, Ipar Euskal Herriko antolaketa instituzionala aldatzekotan dela. Frantziako lurralde antolaketaren legea aldatu berri dutela. Eta, ondorioz, Ipar Euskal Herriko egituraketa instituzionalaren berrantolaketaz bozkatuko dute udal kontseilariek heldu den urtean. Ipar Euskal Herriko elkargo bakarra gauzatu ahalko dute orduan. Eta hori dute hobesten bi protagonistek, hain zuzen. Biak prentsa aitzinean agertu dira berriki horretaz mintzatzeko. Jakes Bortairu, Batera herritarren plataformaren izenean. Herriz herri herritarrak eta hautetsiak konbentzitzeko kanpaina aurkezteko: «Herritarrak behar dira informatu, inplikatu, konbentzitu. Egia da ez dela egitura sinpleena eta demokratikoena, baina urrats bat da». Lehen aldiz Ipar Euskal Herriak bere osotasunean ezagutza instituzional bat ukaiteko aukera, Bortairuren iritziz. MaitiaHautetsien Kontseiluko bulegoko presidenteorde gisa da agertu prentsaren aitzinean. Hautetsien Kontseiluak elkargo bakarraren azterketa sakontzearen alde bozkatu duela azaltzeko: «Ideia ona da, eta hori segitu behar da. Lehenbiziko aldia da Estatua eta hemengo hautetsien mugimenduak gurutzatzen direla eta alde agertzen direla egitura bati buruz. Horretaz absolutuki baliatu behar dugu». Biak ados ideiarekin, beraz, baina, ez, haatik, ikuspegi eta arrazoi berengatik. Bataren eta bestearen ikuspuntu horiek zein diren, justuki horretaz hitz egiteko solasa onartu dute biek.Zein diren haien politika egiteko manerak, nola ikusten duten lurraldea, bake prozesua.

Frantxua Maitia, hauteskundez hauteskunde gauzatu duzu nolazpait zure politika; aldiz, zurea, Jakes Bortairu, herrigintzatik izan da gehiago, ezta?

FRANTXUA MAITIA (F.M.): Ez baitu galdegin.

JAKES BORTAIRU (J.B.): Aurkeztu, bai. Herri hauteskundeetan, eta baita kantonamenduetakoetan ere, behin. Baina kargurik ez, sekula.

F.M.: Egia da ni hauteskundez hauteskunde ibili naizela. Egin ditut nik ene bizian, eta zuzenean hautagai izanez, 20 ateraldi. Eta 10 aldiz irabazi dut. 10 aldiz galdu.

Zergatik egin hauteskundeen hautua?

F.M.: Mekanika bat da. Batak bestea ekartzen du, eta ez zara aise ateratzen ahal, non ez zaituzten kanporatzen.

Droga bat bilaka daiteke?

F.M: Ez, droga bat ez. Baina zure ingurumena horrela azkartzen da. Eta, gero, zure lagunek pentsatzen dute zu zarela hoberena hauteskundeetara aurkezteko. Eta, urguilu poxi bat baitu pertsona bakoitzak, egiten du: «Hori pentsatzen baldin badute, nire eginbidea diat hauteskundeetara aurkeztea».

Zure ustez, politika egiteko manera egokiena da?

F.M.: Ez dakit...

20 aldiz presentatu bazara, nonbait horretan sinesten duzulako izan da, ezta?

F.M.: Lehenik karguak ukan baititut. Auzapez izatera lortzen duzularik, bigarren kargu bat ukaitea xerkatzen duzu, eta hauteskundeetara aurkezten zara. Eta, gero, biga egin ondoren, hirugarren bat egitera lagunek puxatzen zaituzte. Anartean, bertze hauteskunde batzuk ere gertatzen dira… eta horrela joaten da.

Alde batean herrigintza, bestean hautetsiak? Nola ikusten duzue hori?

F.M.: Biak behar dira. Nik sindikalismoa praktikatu dut irakaskuntza munduan. Manifestaldi askotan parte hartu izana dut. Baina, diferentzia bat bada. Sindikatuek beren ikuspuntua zabaltzen dute. Eta, gero, alderdi politikoek dute edo baieztatzen, edo ezeztatzen. Baina sindikalismoak behar du bere independentzia.

J.B.: Lehenik bada hor politikaz dugun ikuspegia. Zertarako engaiatzen den politikan. Azken finean, hauteskundeetara aurkeztu, manifestaldiak antolatu, herri mugimenduak sustatu... horiek guztiak medioak dira, helburu batzuei begira.

Zure ibilbide politikoa ez da Frantxua Maitiarena bezalakoa.

J.B.: Engaiatzen eta militatzenhasi nintzen abertzale mugimenduan, Iparraldean. Ezker abertzalean, konkretuki. Hor, proiektu politiko argia zen. Euskal Herriaren burujabetza lortu, independentzia, eta jendartea sakonki aldatu, herri xumearen interesak lehenetsiz. Eta proiektu horren arabera definitzen ziren eta dira estrategiak. Estrategia horren barruan, abertzale mugimenduan etapa desberdinak izan dira Iparraldean.

Hauteskundeetara aurkeztea ez da beti izan abertzaleen hautua.

J.B.: Hasieran, hauteskundeekiko mesfidantza handia bazen. 68ko uholdeak gogoeta eta aztarna anitz utzi zituen. Ni politikan sartu nintzelarik, hortik 5 urtera izan zen. Oraino kritika biziki zorrotzak egiten ziren sistema parlamentarioari begira. Hori baitzen, azken finean, oposizioa integratzeko medio bat, jendartea aldatu aitzin, proiektu iraultzaileak indargabetzeko. Beraz, hauteskundeak boikotatu behar ziren, Elections pieges a con [Hauteskundeak, pitoarentzako zepoak] lelo famatuak dioen bezala. Horrek bazuen, eta badu, egiaren parte bat.

Zertan izan daitezke tranpa hauteskundeak?

J.B.: Protesta mugimenduak xurgatzeko gaitasun handia badu sistema politikoak. Ugari dira herri mugimendutik ateratako liderrak hauteskundeetara aurkeztu eta azken finean sisteman integratu direnak, beren eskakizunak bazter utzirik.

Baina hauteskundeetara aurkeztu zarete.

J.B.: Hauteskundeak ere borroka eremu bat direla onarturik. Horretan ere konfrontazio politikoa behar baita. Besteen proiektu politikoak kritikatu behar dira, eta gure proiektu politikoa aurkeztu behar dugu. Lehen fase batean, hauteskundeak ikusi dira eztabaida foro gisa. Goazen, ez irabazteko baitezpada, baina gure ideiak defenditzera. Eta, gero, mugimendua azkartu den ber, emaitzak handituz joan direlarik, bigarren fase bati buruz pentsatzen hasi da. Aurkeztu, irabazteko ere. Botere gune batzuetan sartu, kargu politiko batzuk hartu, herriko etxetan edo beste...

Aldarrikapenak bazter batean uzteko arriskua hartuz, justuki?

J.B.: Nire ustez, bakoitzak bere proiektua definituz geroz, leial izanez bere funtsezko helburuei, estrategia bat eraikitzerakoan, tresna desberdinak behar dira uztartu. Hauteskundeetan parte hartzea eta kargu batzuk hartzea izan daiteke, eta bada, ildo bat. Baina, nahi bada estrategia bururaino eraman, eta ez baztertu errealismoaren izenean-edo, herri mugimendu eta dinamika indartsu bat atxiki behar da, kontrapisua izateko.

Baina kontrapisu hori ez da beti.

J.B.: Politika, maleruski, profesionalizatu da. Jendearen aldetik desinteres handia ekartzen du horrek. Abstentzio handia. Hauteskunde batetik bestera pertsona berak itzulikatzen dira. Nahiz eta ezkerretik eskuinera pasa. Politika denen afera da, eta absolutuki behar da sustatu jendearen parte hartzea. Gaur egun, klase politikoan ez da gehiago lehen atzematen zen aniztasun soziologikoa. Eta hori kalterako da.

Frantxua Maitia, zer diozu horretaz?

F.M.: Profesionalak badirela. Erran nahi baita beren bizian hori baizik ez dutela egiten. Nik, ez dut ene burua profesional gisa sentitu, nihauren lana bainuen eta egiten bainuen. Militante gisa ikusi ditut nire hautetsi karguak. Baina mugimendu sozialean ere gauza bera gertatzen da. Sindikatuen buruei ere, epe bat bururatu ondoren, arduran segi dezaten galdegiten diete lagunek. Eta Jakes Bortairu ez da azken urte hauetan agertu den pertsona bat. Bera ere bere mugimendu sozialetan beti aitzin doa. Ez du egin nik egin dudan bezala, hautetsi munduan, baina bere mugimenduetan gauza bera egin du.

Frantxua Maitia, Akitania-Euskadiren barruan ari zara eragiten. Berriki, diru laguntzen banaketaz arduratu zarete. Hor, konkretuki aritu zara proiektu batzuei diru laguntzak onartzen, eta besteei ukatzen; eta, horren bidez, nonbait, Euskal Herriarentzat ere erabakigarri izan daitezkeen hautuak egiten.

F.M.: Hori da politikarien lana. Hautuen egitea. Bistan da, denentzat dirua balitz… baina erran nezake halere hautuak egin beharko liratekeela. Ez dira proiektu guztiak egokiak. Irizpideak behar dira. Eta horiei begira behar dira hautuak egin.

Justuki, horrelakoetan zu zein izpirituekin ari zara lanean?

F.M.: Lehenik, bertzeekin finkatzen ditugu irizpideak. Finkatzen da, halaber, zeri eman behar den lehentasuna. Eman dezagun, kulturari, ekonomiari, irakaskuntzari. Eta, gero, nire partetik hasteko, beti da nola sakontzen diren mugaz bi aldeetako harremanak.Horri ematen diot nik garrantzi handia. Baina bertzeekin ikusirik zer litezkeen irizpideak. Demokraziaren erroak horretan dira. Zerk duen interes publikoari begira garrantzi handiena.

Interes publikoa erraten duzularik, zein interesez ari zara? Zein publiko duzu gogoan?

F.M.: Gai horietan zerk sakontzen dituen bi aldeetako harremanak. Europaren eraikuntzan eta orokorki bi lurraldeetan zerk ematen ahal dien behar diren bultzadak.

Baina ez baitezpada Euskal Herrikoak.

F.M.: Ni, horretan, Akitania eta Euskadiz ari naiz. Eman dezagun, unibertsitateen arteko gaietan. Euskadiko unibertsitateek xerkatzen dituzte proiektuak Bordeleko unibertsitatearekin. Azkarrago delako, Paueko unibertsitateari konparatuz geroz. Edo, eman dezagun, medikuntzan. Ez dugu guk, hemen, Iparraldean, unibertsitaterik gai horiek aztertzeko.

Zure eremua Bordele-Bilbo da?

F.M.: Bordele-Bilbo. Eta ikusiz dinamika handi bat badela hemen Iparraldearen eta Hegoaldearen artean. Erran nezake departamendu honetan, Pirinio Atlantikoetan, kooperazio horretako hiru laurden Iparraldeak hartzen duela. Baina ez da baztertu behar beste laurdena. Hark ere interesak ekartzen baititu, bai guri, bai Euskadiri. Elkarrekin egiten den lan bat da.

Zure mapa ez da Euskal Herria.

F.M.: Ez, hori ez da batere Euskal Herri bateratu baten eraikuntzaren bidea. Nire bidea da nazionalismotik ateratzea, kooperazioak ezarriz. Elkarlanak bultzatuz.

Nazionalismotik?

F.M.: Pentsa genezake, Iparraldea eta Hegoaldea baizik ez bagenu gure eremua, nazionalismoa sustatzen har gintezkeela. Nire helburuak zabalagoak dira.

Jakes Bortairu, berriz, ez zara espiritu berarekin, ezta? Zure mapa zazpi probintziena da, ezta? Zuk nola ikusten duzu hori?

J.B.: Hor, badira elementu asko aipatzekoak. Lehena, herritarren zerga nola partekatzen den. Eta, horretarako, badira instituzioak. Dauden bezalakoak direnak gaurko egunean. Aldatuko direnak ondoko hilabeteetan, agian. Beraz, lan hori batzuek egin behar dute. Eta hor dira kargu politikoak, hauteskundeen bitartez hautatuak izan diren pertsonak.

Eta gizartetik nola eragin?

J.B.: Delako Euskal Herri proiektu hori eraikitzen hasteko, jendarteko mugimendu horiek badute zer egin egunerokotasunean. Arloz arlo, garraioetan, osasungintzan, hainbat gauzetan baditugu uztartzen ahal diren gauza batzuk. Hautu politiko bat da hori. Ez da nehoren kontra egitea, baizik eta zerbaiten alde. Legitimoa da erabat.

Eta instituzioetan?

J.B.: Berdin, instituzioetan jadanik bada mugaz gaindiko kooperazio arlo franko. Nire ustez, horiek azkartu behar dira. Ahantzi gabeUdalbiltzaren moduko ekimenak, ahal bezainbat ikuspegi orokorra izatea saiatzen direnak. Kontuan hartuz ere egoera desberdinak direla Iparraldean eta Hegoaldean, bai politikoki, bai sozialki, bai mentalki. Bakoitzak badu bere historia, eta hori guztia uztartzeak denbora pixka bat behar du.

Nola ikusten duzu helburu zabalagoen kontu hori?

J.B.: Euskal Herriaren mailan pentsatzeak ez du erran nahi ahanzten dugula auzoak nola diren, ahanzten dugula Europa nolakoa den. Eta, memento honetan gertatzen ari denarekin, Grezian gertatzen dena gertatzen ari dela, ohartzen gara zer puntutaraino herrien borondatea mugatua eta mespretxatua izaten ahal den, finantza munduaren eta kapitalismoaren interes batzuen menpe.

Bada eguneroko politikan eragitea, eta bada, halaber, Euskal Herri honetan bake prozesuaren gaia.Sozialista zara, Frantxua Maitia. Frantzian, sozialistak dira boterean. Ekainean, Bake Konferentzia iragan zen Parisen. Hortik laster, atxiloketak izan dira Ortzaizen. Nola ikusten duzu hori?

F.M.: ETAren problema hori bukatua izan dadin, horrekin biziki ados naiz. Uste dut aterabide elkarrizketatu bat behar litekeela horretatik ateratzeko. Baina garbiki erraten dut, era berean, joan den asteko atxiloketei begira: hor xerkatua zen ETAko kide bat, akusatua dena polizia bat erail izanaz. Krimen horiek behar dute beren zigorra. Normal ikusten dut estatu batek terrorismoaren aurka egitea behar diren lanak. Bi gobernuek diote, espainolak eta frantsesak, ez dutela behin ere euskaldunei gerlarik egin. Eta hala da. Ez dute euskaldunei gerlarik egin. Baina terrorismoari bai.

Eta, beraz, zer egin?

F.M.: Horiek erran ondoren, hemen sortzen diren galderak, direnak, presoak hurbiltzearena, eri direnak presondegietatik kanpo uztearena, horiekin ados naiz. Behar dugu, hemen, gauza horietatik atera. Bukatu. ETAk beharko ditu nonbait dituen armak plazaratu. Nola egin behar dira gauza horiek? Horretako dut galdegiten gobernuek nonbait hurbil daitezen eta aterabide elkarrizketatu bat atzeman.

Joan den astean atxilotu eta geroztik aske utzi duten Graxi Etxebeherek errana izan du: «Hitz egitekotan, pertsonak behar dira bi aldeetan». Zer diozu horretaz?

F.M.: Badakit.

Bi aldeetan norbait izateko hori hori nola egiten da?

F.M.: Badakit. Gauza zaila da, bistan da. 50 urtez hemen izan dela borroka armatua, eta, beraz, horretarik ateratzeko, lehen lehenik ikusi behar da… badu lau urte ez dela atentaturik izan. Seinale biziki ona. Pentsu dut anitzentzat zaila izan dela gauza horien uztea. Eta partikularki preso anitz oraino baita gure presondegietan. Baina, hala ere, lehen lehenik defendatu zuzenbide estatua.

Zuk zer diozu horretaz, Jakes Bortairu?

J.B.: Lehenik, hor bada gatazkaren definizioa edo gatazkaren kontakizuna. Horretan ados izatea nik uste zaila izanen da.

Nola analizatzen duzu egoera?

J.B.: Ukatzen baldin bada arazo politiko bat badela eta arazo bakarra bortizkeria izan dela, orduan ez da ezer egitekorik. Eta hori da Espainiaren jarrera. Eta, maleruski, Frantziak segitzen du. Pentsatzen dute armen arazoa sinplea dela. Militante guztiak banan banan harrapatuko dituztela eta arma guziak horrela bilduko dituztela. Beraz, ez da ezer negoziatzeko. Hori bide txarra da, nik uste. Horrela ez da ezer konpontzen. Horrela ereiten dira biharko eta etziko gatazka iturriak. Eta hori biziki larria da. Nehork ez du nahi gure ondorengoek berriz ere bizi dezaten horrelako egoera bat, nik uste.

Zure iritziz, gatazka bat bada.

J.B.: Gatazka politikoa bazen eta bada. Ukapen eta zapalkuntza politiko bat maila askotakoa. Gerla ere izan da. Espainiako gerla gogoan dugu. Espainiak gerla egin dio Euskal Herriari modu gordin batez. Milaka jende erail, presondegiratu. Gerla izan da Euskal Herriaren aurka.

F.M.: Lehenik, Errepublikaren kontra, e.

J.B.: Bai, baina baita Euskal Herriaren kontra ere. Frantses estatuan beste prozesu bat izan da. Ez da konparatzen ahal, baina beste zapalkuntza indartsu bat izan da.

Gatazkaren kontakizuna adostea zaila den neurrian, zer egin?

J.B.: Badira adibide batzuk. Irlandan, adibidez, horrelako zerbait gertatu da. Beraz, badakigu gauzak nola egiten ahal diren. Irlandan, funtsezko arazo politikoa ez da oraindik konpondua. Oraino, jendea ez da ados Irlanda batua behar den edo ez. Baina gatazka armatuaren ondorioak konponduak izan dira, parte batez bederen, eta adostu dituzte prozedura demokratiko batzuk beren arteko desadostasun horiek kudeatzeko. Eta hori da bake prozesu bat.

Nola hori?

J.B.: Gatazka bortitz baten egoeratik gatazka demokratiko batera pasatzea. Gatazka beti bada, jendea ez da ados. Hori da demokrazia. Konfrontazio demokratikoa. Atzeman behar dira molde demokratikoak eta adostuak desadostasun politiko horiek ahal bezain ongi kudeatzeko.

Frantziak ere esperientzia badu: Kanakyn, adibidez.

J.B.: Badaki horren egiten; badu horren esperientzia. Beharko luke hautsi Espainiarekin duen menpekotasun ideologiko-politiko hori. Nolaz ez duen gaitasunik, Euskal Herriari dagokionez, jarrera autonomo baten izateko? Parisko Konferentzian Joxek erran duen bezala [Pierre Joxe Barne ministro ohia], gatazka armatutik ateratzeko konponketa bat behar dela aitortzeko, preso, biktima, desarmatzea eta hori guzia modu ordenatuan kudeatuz.

Gerra zikinaren biktima batzuei kalte ordainak ukatu dizkiete.Frantxua Maitia, duela 30 urte, GALen garaian, jada hautetsi zinen. Zer diozu garai hartaz?

F.M.: Memento haietan gerla bat izan zela ezin ukatua da.

Beraz, gerla bat, izan, izan da?

F.M.: Bai, baina, orduan, nola izendatzen ahal ziren? ETA talde armatu izendatzen zuten gobernuek. Eta GAL berdin, talde armatu. Baina hori ez da herrien arteko gerla baten modukoa.

Zuretzat, gatazka politikorik ez da?

F.M.: Ez da gauza bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.