Sailburuak

2016ko azaroaren 25a
00:00
Entzun

Iñigo Urkullu



Lehendakaria

Alonsotegi, 1961. EAJ. Bigarren legealdia du lehendakari gisa. Oraingoan, PSE-EErekin gobernatuko du, koalizioan. Aurreko agintaldian onartu diren legeen artean daude Udal Legea, Etxebizitzarena eta Fracking-arena. Azken biak, EAJren babesik gabe.

Josu Erkoreka



Gobernantza Publikoa eta Autogobernua

Bermeo, 1960. EAJ. Gobernuko zutabe nagusitzat jotzen dute askok. Jaurlaritzaren ahotsa izango da bigarrenez. Madrilen diputatu izana da. Estatutu berri bat Espainiako Gobernuarekin negoziatzekotan, haren sailaren ardura litzateke.

Arantxa Tapia



Ekonomia Garapena eta Azpiegitura

Astigarraga, 1963. EAJ. Industria ingeniaria da, eta sailburu izango da beste lau urtez. Krisi garaian, ekonomiaren atzeralditik hazkunderako bidea egin du, eta legealdi honetan industria indartzea izango du lehentasun nagusietako bat.

Beatriz Artolazabal



Enplegua eta Gizarte Politikak

Gasteiz, 1970. EAJ. Lanbide berritu eta eraginkorrago bihurtzea, eta langabezia murriztea izango ditu erronka. Arabako Aldundiko Gizarte Zerbitzuen diputatu da, eta aurretik Osakidetzako ekonomia eta finantza zuzendari izandakoa.

Iñaki Arriola



Ingurumena, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza

Eibar, 1961. PSE-EE. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburu izan zen Patxi Lopezen gobernuan. Bizitza profesionala politikan garatu du 1983tik. Aurreko legealdian onartu zen Etxebizitza Legea garatu beharko du.

Pedro Maria Azpiazu



Ogasuna eta Ekonomia

Bilbo, 1957. EAJ. Orain arte, Espainiako Kongresuan diputatu izan da. Ekonomialaria da, eta aditua finantza, aurrekontu eta zerga politikan. Hurrengo legealdian, kontzertu ekonomikoa eta kupoaren legea negoziatzea izango du egiteko garrantzitsuenen artean.

Cristina Uriarte



Hezkuntza

Bilbo, 1961. EAJ. Hezkuntza komunitatearen eskariei erantzun eta hezkuntza lege propioa onartzea izango du egitekoa. Kimikako doktore da, eta aurreko legealdian izan du lehen esperientzia ardura politiko batean. Aurrez, arlo akademikoan egin du ibilbide profesionala.

Jon Darpon



Osasuna

Bilbo, 1959. EAJ. Karguan jarraituko du. Segida emango die aurreko legealdian onartu dituzten hainbat plangintzari. Gobernura sartu aurretik, IMQ osasun pribatuko zentroetako zuzendari izan zen. Osakidetzako murrizketengatik kritikatu dute sindikatuek.

Jose A. Retortillo



Turismoa, Komertzioa eta Kontsumoa

Zurich, 1965. PSE-EE. Politologoa da, eta hainbat hedabidetako eztabaidetan ohiko parte hartzailea. Politika zientzietako irakasle da EHUn, eta akademian ikerlari lanetan ibilia ere bada; besteak beste, Euskobarometroaren sorreran.

Bingen Zupiria



Kultura eta Hizkuntza Politika

Hernani, 1961. EAJ. Ardanza lehendakariaren prentsa arduradun eta ETBko zuzendari izan da, eta Deia egunkaria gidatu du orain arte. Euskal filologiako lizentziaduna da. EITB taldearen eraberritzea izango du erronka nagusien artean.

Estefania Beltran de Heredia



Segurtasuna

Uribarri Harana, 1960. EAJ. Berriz izango da karguan. Trebakuntzaz landa ingeniaria da, eta Ertzaintzaren berritze prozesua gidatu du azken lau urteetan. Sindikatuen kritikak izan ditu, eta Espainiako Gobernuaren helegiteen oztopoak.

Maria Jesus San Jose



Lana eta Justizia

Sestao, 1966. PSE-EE. Jaurlaritzaren Idazkaritzako zuzendaria izan zen Patxi Lopezen gobernuan. Zuzenbide lizentziaduna da. Gizarte elkarrizketaren mahaian, sindikatu guztien eta patronalaren arteko elkarrizketa sustatzea izango du erronka nagusien artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.