UDAL MAPAREN LEGEA

2019ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Hiru urteko prozesu baten ostean, Tokiko Administrazioaren Legea erreforma onartu du Nafarroako Parlamentuak. Nafarroako udal egituran aldaketak eragingo ditu antolaketa berriak. Hauek dira legeaz eta prozesuaz jakin beharreko ataletako batzuk:

Zein izango da antolaketa berria?

Legearen erreformak udalez gaindiko erakundeetan eragingo du aldaketarik handiena. Egun, ehun erakunde inguruk osatzen dute mankomunitate sarea, eta hori dena hamabi eskualdetan bilduko dute. Udalak, kontzejuak, elkarte tradizionalak eta mankomunitateak tokiko entitate izango dira aurrerantzean ere. Barrutiek, partzuergoek eta zerbitzu elkargoek, ordea, galdu egingo dute.

Nola osatuko dira eskualdeak?

Udalek aurkeztu ahal izango dituzte eskualdeak osatzeko proposamenak, eta asmoa da prozesuaren amaieran udalerri guztiak egotea eskualderen batean. Lege bidez sortuko dira eskualdeak; bakoitza eratzeko, lege propioa beharko dute. Tokiko entitateek urtebeteko epea izango dute eskualdeak sortzeko, eta, hala egiten ez badute, Nafarroako Gobernuak bere gain har dezake ekinbidea. Hala ere, proposatutako eskualde bateko udalen bi bosten —betiere lurralde horretako hautesleen erdiak baino gehiago bi udal horietan bizi badira— kontra agertuko balira, Nafarroako Gobernuak ezingo du eskualdearen sorreran parte hartu, eta prozedura artxibatu beharko du. Eskualdea sortzeari uko eginez gero, ezingo da eskualde hori eratzeko beste prozedura bat abiatu hurrengo udal hauteskundeak igaro arte.

Zer eskumen izango dituzte?

Eskualdeen eskumenekoak izango dira uraren hornidura sarea udalez gaindiko mailan, lurraldearen antolaketa eta hirigintza, gizarte zerbitzuak, hondakinen kudeaketa eta idazkaritza. Testuinguru horretan, azpieskualdeak osatzeko aukera jasotzen da legean, ezaugarri geografikoek, administratiboek eta ordena sozialekoek hala ahalbidetzen dutenean.

Nola finantzatuko dira?

Udal administrazioak portzentaje finko bat izango du zerga bidezko diru sarreretatik. Nafarroako Gobernuak legebiltzarrera bidali beharko du finantzaketa proposamen bat, abendu aurretik.

Zergatik erreforma?

Gaur egun, 272 udal eta 348 kontzeju daude Nafarroan, eta horietako askok zailtasunak dituzte herritarrei zerbitzuak emateko. XIX. mendetik datorren egitura zaharkituta geratu dela bat datoz parlamentuko alderdi guztiak, baina azken erreforma saioek porrot egin dute.

Nolakoa izan da erreforma prozesua?

2015ean, Nafarroako Gobernua babesten duen laukoak akordio programatikoan jaso zuen udal maparen legea. Harrezkero, indar politikoek Nafarroako Gobernuaren eta udalen esku utzi dute gaia. Ia hiru urteko prozesu batean,117 alegazio aurkeztu dituzte herritarrek eta udalek, eta 500 lagunek baino gehiagok hartu dute parteNafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak martxan jarritako prozesuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.