Koronabirusa. Indarkeria matxista itxialdian zehar

Instituzioak adi, zerbitzuak prest

Konfinamendua hasi zenetik, beheranzko joera hartu dute genero indarkeriarekin lotutako salaketek. Erakundeek berretsi dute martxan daudela andreentzako arreta zerbitzuak, egokituta.

Puntu more bat Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2020ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Itxialdiak dirauen bitartean, indarkeria matxista jasaten duten emakumeak eta haurrak artatzeko eta laguntzeko zerbitzuak martxan izango dira, telematikoki bada ere. Horixe azpimarratu dute erakunde publiko guztiek egunotan. Hala ere, konfinamenduaren lehen egunek agerian utzi dute andreentzat zailagoa dela orain bere egoeraren berri ematea: salaketak nabarmen murriztu dira. Egoera konplexua dela aitortu du Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendari Eva Isturizek: «Inoiz hartu gabeko neurriak hartzen ari gara, eta koordinatzen ari gara ahalik eta erantzun onena emateko. Gure ardura da». Bat dator Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria: «Oso adi egon behar dugu, eta etengabeko jarraipena egin».

Isturizen hitzetan, «espero izatekoa» zen salaketak gutxitzea: «Zailtasun gehiago dituzte salaketa jartzeko». Nafarroan, itxialdiaren lehen bi asteetan 22 salaketa jaso zituzten indar polizialek: «Egunean bi baino gutxiago; lehen 3,5 ziren egunero». Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere agerikoa da beheranzko joera: Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 43 salaketa jaso zituen martxoaren 14tik 20ra, eta 37 hilaren 21etik 27ra; itxialdiaren aurreko astean, berriz, 90 izan ziren.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak adierazi du goiz dela balorazio sendo bat egiteko, baina andreek erakundeetara jotzeko dauzkaten zailtasunez gain, beste hipotesi batzuk eman ditu: «Batetik, salaketa asko bikotekide ohien erasoak izaten dira; gizon horiek ez dira emakumeen etxean bizi, eta orain etxetik atera ezinda daude haiek ere. Bestetik, ematen du auzokoen kontrol sozial handiagoa dagoela erasotzaileen gainean: auzokideak alboko etxeetan daude 24 orduz, eta gai hauekin gero eta kontzientziatuago daude. Funtsezkoa da gizarteak zaintza aktibo hori mantentzea, areago une hauetan».

Ideia horixe sustatzeko, kanpaina bat abiatu du Nafarroako Gobernuak: larrialdietarako telefonoei buruzko informazioa utziko dute dendetan eta farmazietan, indarkeria jasaten duten andreentzat ez ezik ingurukoentzat ere. «Kontuan izan behar da tratu txarren kasu gehienak ez direla salatzen. Beraz, herritarren kontzientziazioa landu behar dugu, konpromisoa har dezaten eta zerbait sumatzen badute jakinaraz dezaten», azaldu du Isturizek.

Baliabideak, egokituta

Salatzeko edo beren egoeraren berri emateko urratsa egiten duten emakumeek hainbat zerbitzu izango dituzte eskura, Nafarroako Berdintasun Institutuko buruaren hitzetan: «Arreta integralerako zentroak modu telematikoan ari dira, eta harrera etxeak irekita daude». Erantsi du baliabide horiek funtsezko zerbitzuak direla eta, beraz, bermatu egin behar direla, «osasun irizpideetara moldatuta». Harrera etxeak maiz gainezka egoten direla eta, Isturizek esplikatu du azpiegiturak berrantolatzen ari direla: «Espazio berriak sortzea lortu dugu, emakume gehiago sar daitezkeelako, edo batzuk bakartu behar izango direlako».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan pixka bat konplexuagoa da egoera, instituzio askok dauzkatelako eskumenak alorrean: udalak arduratzen dira oinarrizko gizarte zerbitzuez, baina zerbitzu espezializatuak eta harrera zentroak aldundien esku daude, eta laguntza ekonomikoak, berriz, Jaurlaritzari dagozkio. Hori guztia koordinatzeko lanetan ari dira, Landaidaren arabera: «Dokumentu batean bildu dugu erakunde bakoitzak zer zerbitzu dituen eta zer egoeratan dauden. Udal guztiekin harremanetan gaude, informazioa jasotzen». Halere, berretsi du baliabideak eta zerbitzuak egokitzen ari direla: «Denak daude martxan, familia elkarguneak izan ezik, umeen joan-etorriak saihesteko».

Diputazioetan ere «etengabekoa» da etxe barruko zein kanpoko instituzioekiko harremana, Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek berretsi dutenez: «Koordinazio eremuek ongi funtzionatzen dute. Erakundeon arteko komunikazioa indartu dugu, eremu horiek modu eraginkorrean martxan jarrai dezaten eta balizko kasuak detektatzen jarrai dezagun guztion artean. Eta gizarte zerbitzuak prest daude, datozen asteotan biolentzia jasan duten emakumeen kopuruak gora egingo balu, arreta egokia bermatzeko».

Edonola ere, erakundeek ez dute oraingoz ezohiko beharrik antzeman. Jaurlaritzaren 24 orduko telefonoan, dei kopurua berdintsu mantendu da, «baina gora egin dute berehalako premiei eta haurren zaintzari buruzko kontsultek». Hala, datozen asteetan zerbitzuon jarraipena egin beharra nabarmendu du Landaidak: «Behar izanez gero, prest daude neurri osagarriak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.