Artiach, bi hilabetez borrokan

«Lan hitzarmen duin baten alde», azaroaren 22az geroztik greban daude Orozkoko Artiach galleta fabrikako langileak; erantzun bat espero dute, baina «oraindik ez da ezer mugitu»

Artiacheko grebalariak, beren eskubideak aldarrikatzen. LAB SINDIKATUA.
Miren Mujika Telleria.
2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Lan hitzarmen duina nahi dute, soldata duineko eta prekaritaterik gabeko fabrika bat izateko. 2019tik berritu gabe dago enpresaren eta langileen arteko hitzarmena. Baina oraingoz ez dago erantzun egokirik beste aldetik. Bi hilabete pasatxo egin dituzte dagoeneko greban Orozkoko (Bizkaia) Artiacheko langileek.

Langileek aho batez salatu dute zuzendaritzaren jarrera. Grebalarien arabera, fabrikak milioika euroren etekinak izan arren, zuzendaritzaren asmoa inbertsioetarako dirua langileen patriketatik ateratzea ei da. LABek, ELAk, ESK-k, UGTk eta talde independente batek osatzen dute langile batzordea, baina LAB, ESK eta ELA sindikatuak dira grebarekin bat egin dutenak. «Lan hitzarmen duin bat eskatzen dugu», dio LABeko Juan Andres Larrinagak.

Kexu dira langileak, ez baitaude ados enpresak proposatutako baldintzekin. Larrinagak azaldu duenez, enpresak lan baldintzak okertu nahi ditu: «Lanaldiak luzatzeko eskatzen digute, antzinatasuna murrizteko, malgutasuna handitzeko... Ez dauka ezer onik». Gainera, ezarritako baldintzak bete ditzaten, «mehatxua» egin die enpresak langileei: «Esan digute baldintza horiek sinatzen ez badira ez direla egingo fabrikak egoki funtzionatzeko eta hura modernizatzeko beharrezkoak diren inbertsioak».

Espero dute enpresak erantzunen bat emango diela halakoren batean, baina oraindik ez du hala egin. «Badakigu nolakoak diren enpresak horrelakoetan, baina oraindik ez dute ezer mugitu». Larrinagaren hitzetan, «bada garaia» Galletas Artiachen lan baldintzak nabarmen hobetzeko: «Badago horretarako aukera ekonomikoa, eta handia, gainera. Enpresaren etekin ekonomikoak oso handiak dira». Grebalariek diote pandemiak ez diola kalte ekonomikorik eragin fabrikari, azken hiru urteetan hogei milioi euroren etekinak izan baititu. «Fabrikak 18 milioi euro inbertitzen ditu zein diren ere ez dakigun beste negozio batzuetan. 10 milioi euro ditu bankuan epe finkoan, eta beste 20 milioi diru funts batean». Gainera, grebalarien arabera, Galletas Artiachen jabe Adams Foodsek, irabazi handiak izan ditu azken urteotan. «Urtetik urtera enpresak handitu egin ditu irabaziak, eta 2019an zazpi milioi eurotik gorakoak izan dira».

Kezkatuta daude egoerarekin Artiacheko langileak: «Kezkatzen gaitu enpresak erakutsitako diru goseak eta egiten ari denak, argi eta garbi adierazten baitute langileongan eragin nahi dutela, eta presio egin».

«Helburua lortu arte»

LABeko ordezkariak dio enpresak etekin handiak lortzen dituela langileen eguneroko jardunarekin: «Orain da garaia langileek egunero egiten duten ahalegina konpentsatzeko».

Lan hitzarmen duin bat lortu arte borrokan jarraituko dutela adierazi du: «Oso argi daukagu enpresa honek gure eskubideak ez lapurtzeko modu bakarra antolakuntza eta borroka dela. Beraz, horrela jarraituko dugu, gure helburua lortu arte».

Bi hilabete daramatzate Artiacheko Orozkoko fabrikaren aurrean protestan. Egunero eteten dute ekoizpena, goizean 10:00etatik 14:00ak arte,eta arratsaldean, berriz, 14:00etatik 18:00ak arte. Gauean ere aldarrikapenerako tartea hartzen dute, 02:00etatik 06:00etara elkartzen baitira fabrikaren atarian. «Planteamendu berari eutsiko diogu», azaldu dute grebalariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.