Koronabirusa. Felix Zubia. Zainketa intentsiboetako medikua

«Ez du abisatzen: ez dakigu arin hasi denak gaizki bukatuko duen»

COVID-19 gaitzaren izurriari aurre egiteko aparteko zeregina dute, oro har, osasun arloko profesionalek, eta bereziki zainketa intentsiboetakoek, pazienterik larrienak artatzen baitituzte. Felix Zubia medikua zurrunbilo horretan ari da. Bideoa, albistearen amaieran.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2020ko apirilak 10

Felix Zubia (Zarautz, Gipuzkoa, 1974) zainketa intentsiboetako sendagilea da Donostiako Ospitalean. Arta mota horiek behar izaten dituzte COVID-19 gaitzak gogorren erasandako pazienteek, eta, hain justu, epidemia osoan kezka nagusietako bat izan da zaintza klase horietara bideratutako baliabideek ez gainezka egitea. Asteotako lan martxan ikusitakoei eta ikasitakoei buruz jarduteko tarte bat hartu du Zubiak; orain, egun zail askoren ostean argi izpi bat ikusten hasi direnean, emozioak loretan. Izan ere, osasun arloko profesionalek sentimendu nahasmendu handia dutela onartu du. «Alde batetik, poza». Izan ere, ikusten ari dira zenbait paziente sendatzen ari direla. «Beste aldetik, arindua». Ez da gutxiagorako: kasu kopurua apaltzen ari da. Arrasto ilunagoak ere badira, ordea, sentipenetan: «Nekea ere pilatzen ari gara: neke fisikoa eta emozionala». Horra, atalka, esandakoen bilduma:

ESTU ETA LARRI IBILI DIRA

«Egun batzuk pasatu ditugu larrialdietara 200-300 lagun iristen zirela; ospitaleratutakoak egunean berrogei baziren; guri, zainketa intentsiboetara egunean sei-zortzi paziente zetozkigun: gaixotasun ezezagun batekin, bakartu beharrarekin». Zubiaren arabera, COVID-19ak ospitaleko martxa guztiz itxuraldatzeko moduko datuak ekarri dizkie asteotan, eta estu eta larri ibili dira maiz horren ondorioz: «Jakin gabe benetan hurrengo egunean zer gertatuko zen». Onartu du gaixoen datuak hain hanpatuta nola zeuden, zerbitzuak «gainezka» egiteko kezka airean ibili dutela, modu artegagarrian: «Alde horretatik, oso egun gogorrak izan dira».

Epidemia kontrolatze aldera hartutako bakartze neurrien ondorioz pazienteen familiekin usu harremana telefonoz bideratu beharrak ere «emozioak» ongi astindu dizkiela adierazi du, eta kudeatzeko egoera oso minberak izan dituztela: «Etxe batean hildako bat izanda, esaterako, gero beste guraso bat gureragana etortzen ikusi dugu. Edo bi guraso batera ospiletaratzea: alde horretatik, gogorra izan da». Donostiako Ospitaleko jardunean estu ibili badira ere, adierazi du «erantzuna eman ezinik» ez direla inoiz izan. «Kezka izan dugu, baina ez gainezka egiteko moduan».

IKASTEN ARI DIRA

Gaixotasun berria da COVID-19a, eta ikasten ari dira oraindik osasun arloko profesionalak eta zientzialariak: haren ezaugarriei begira. Izan ere, askotariko bilakaerak izan ditzake. «Kasu gehienak arinak dira, eta kasu arin samarrak direnek ez dute ezer berezirik behar; beste batzuk ertainak dira, eta beste batzuk, larriak. Eta ez du abisatzen: ez dakigu arin moduan hasi denak gaizki bukatuko duen. Gainera, oso ordu eta egun gutxitan egiten du txarrera, eta biriketako kalteak ere ordu gutxitan egiten ditu. Hortik dator bere zailtasuna», esplikatu du Zubiak. Oro har, osasuna erkinduago duten pertsonei gaitzak bortitzago erasaten diela onartu du: «Baina norberaren sentiberatasuna jakiterik ez dago, eta izan ditugu pertsona gazteak ere: gutxi, baina izan ditugu. Adinekoek okerrago daramate, gaixo kronikoek ere bai; baina norberaren sentiberatasun bat ere badago, eta hori aurreikusten oso-oso zaila da».

Eta nahi baino esku hutsagoekin ari dira, gainera, lanean: «Tratamendu eraginkorrik ez izateak ere sortzen du kezka, ezinegona». Horiek horrela, gaitzaz zer ikasia franko dagoela onartu du: «Ikaragarri. Eta nik uste dut ezuste asko izango ditugula. Alde batetik, ez dakigu benetako kutsakortasuna zein duen. Hemen egon den planifikazio arazorik handiena hori da: Txinako datuek zioten pertsona batek beste bi kutsatzen zituela, baina gero ikusi da gutxienez sei direla; espero zen baino hiru aldiz kutsakorragoa da. Sintomarik gabeko jende horren guztiaren kutsakortasuna ere hor dago», ohartarazi du. Izan ere, gero eta argiago dago sintomarik gabeko paziente asko ere badirela, eta hori aparteko zailtasuna izango dela gaitz honi aurre egiteko. Aurrez aurre hilabete askotako lan handia dagoela-eta, zientziaren eta ezagutzaren aldeko hautua egiteko eskatu du, eta gaitzaren zurrunbiloa apur bat baretuta ere, eusteko horri: «Ez ahazteko».

«USTEKABEAN» HELDU DA

Epidemiaren oldarkortasuna, oro har, gizarte osoarentzat «ustekabean» heldu dela onartu du Zubiak. «Martxoaren hasieran esaten zen kasuak bakartu eta horrela kontrolatuko zela gaitza. Hori zen estrategia hemen eta mundu guztian; OME Osasunaren Mundu Erakundeak hori zioen». Ikusiak ikusita, «estrategia akats bat» izan zela argi du orain, eta uste du hastapen oker horiekin lotu behar direla, esaterako, osasun arloko profesionalak ere babesteko egon diren gabeziak. Kritika ugari izan dira, hain justu, hainbat langilerengandik.

Zainketa intentsiboetan lehendik ere muturreko egoeretarako prestatuta egon ohi direla azaldu du Zubiak, eta ondo moldatu direla:«Guk material faltarik ez dugu izan». Baina onartu du «hornidura» oso handia beharko litzatekeela izurriak hartu duen neurriari taxuz erantzuteko, eta gaitzaren lehen faseetan bederen ez zirela kontuan hartu ere egin babes neurri egokiak. Beraiek artatu behar izan dituzte, esaterako, berez COVID-19a artatzen jardun behar izan ez duten profesionalak, baina gaitzaren gaineko kezka gordintzen hasi aurretik pazienteak artatu zituztenak orain biluzitzat ere jo daitezkeen babes neurriekin: «Oftalmologoak, errehabilitazioan diharduten profesionalak... Orain, hau dena pasatu eta gero, erraza da ikustea eman beharko litzaiekeela horiei guztiei ere materiala eta trebakuntza: neurri unibertsalak, guztientzat». Asteotan ikasitakoei atxikita, ohartarazi du gaitzari aurre egiteko neurriei oso adi jarraitu beharko dela, zeren eta bolada batean izurriaren arriskua hor egongo baita: «Eta bigarren olatu bat izateko arriskua ere badago. Ez dakigu neguan zer gertatuko den».

MASKAREN MUGEI BURUZ

Maskaren erabilera orokortzearen aldeko mezuak gero eta ozenago entzuten dira. Mugak badituztela ohartarazi nahi du, ordea, Zubiak: «Maskarek ez dute balio nork bere burua babesteko. Maskara baten helburua da geuk besteak ez kutsatzea, eta ez alderantziz». Eraginkortasun erabatekorako, gainera, edozein maskara klasek ez duela balio nabarmendu du: «Ebakuntza gelan erabiltzen diren motakoak izan behar dute. Eta milioika beharko genituzke Euskal Herrian bakarrik. Ez dakit horrenbesteko hornidura izango den». Adierazi du, gainera, maskarak erabilita er bestelako neurriak ezin direla bazterrean utzi. «Neurririk garrantzitsuena distantzia da: bi metroko distantzia». Eta garbitasuna: «Eskuen garbitasuna, eta inguruarena».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Proben %9,8 positiboak izan dira azken zenbaketetan

Proben %9,8 positiboak izan dira azken zenbaketetan

Arantxa Iraola

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kutsatutako 1.689  pertsona gehiagoren berri eman dute

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua, atzo eginiko agerraldian. ©BORJA PUIG DE LA BELLACASA / EFE

Larrialdi egoera ezartzea erabakiko du Espainiako Gobernuak bihar

Edu Lartzanguren

Ministro kontseilu berezia egingo dute bihar dekretua sinatzeko, Madrilgo Gobernuko iturrien arabera.

Ezinbesteko arrazoiengatik ez bada, ezin da Nafarroatik irten edo hara sartu. Irudian, foruzainen kontrola, atzo, Beran. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Erkidegoen menpeko alarma egoera eskatu dute Urkulluk eta Txibitek

Joxerra Senar

Jaurlaritzaren arabera, Auzitegi Nagusiaren azken erabakiak agerian utzi du neurriak hartzeko muga juridikoak dituztela. Espainiako Gobernuak etzi aztertuko du eskaria erkidegoetako presidenteekin

Metroko lanak Zubieta kalean, geldirik. Ekainaren 5ean zulo bat sortu zen soto batean. ©JON URBE / FOKU

Donostiako metroko obren kapitulu korapilatsu bat 

Lander Muñagorri Garmendia

Lanak geldirik daude Kontxako zatian. Egitasmo gorabeheratsua eta eztabaidatua izan da hasieratik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna