Albistea entzun

Maialen Iñarra eta Olatz Altuna. Soziolinguistika Klusterreko kideak

«Biziberritze prozesuan egiten diren egitasmoak birpentsatu behar dira»

Iñarrak eta Altunak gogorarazi dute euskara erabilia izateko aldeko hainbat faktore behar dituela, egun falta direnak. Ezinbestekotzat dituzte unibertsalizazioa eta, ikerketa soziolinguistikoan oinarrituta, garai bakoitzari egokitutako erabakiak hartzea.
GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Julen Aperribai -

2022ko maiatzak 28 - Andoain

Zeri erreparatzen zaion, aldatu egiten da Soziolinguistika Klusterrak kaleratu berri duen kaleko erabileraren neurketaren irudia. Hain justu, agerian utzi dituen joerak aztertu, eta horien argitan neurri eta erabaki eraginkorrak hartzea izango da erronka orain, Olatz Altuna ikerketaren zuzendariak (Usurbil, Gipuzkoa, 1971) eta Maialen Iñarra landa lanaren arduradunak (Zubieta, Gipuzkoa, 1994) azpimarratu dutenez.

Beherakadaren etenaldia ala geldialdia, zer nabarmenduko zenukete erabilera orokorrari buruz?

OLATZ ALTUNA: Biak. 30 urteko ibilbidea ikusten badugu, erabilerak gora egin du, baina egun baino handiagoa zen 2006an. Bestalde, erabilerak beheranzko joera zuen, eta uste dugu hori eten izanari balioa eman behar zaiola.

Ikerketak erakusten du oraindik ere zein bazterrekoa den euskara. Igoera eta jaitsiera txikiei erreparatzeak errealitate hori distortsionatu dezake?

MAIALEN IÑARRA: Balioa emate hori bizi dugun testuinguruarekin lotzen dugu; lurraldeen arteko harremanak mugitzen eta kulturen arteko harremanak askoz ugariagoak diren garaiotan 2016ko mailari eustea bada zerbait. Aldi berean, etengabe etortzen zaigu burura zenbakia zer ahula den: %12,6; zortzitik bat. Egoera zaurgarri hori azpimarratu eta agerian jarri behar da.

O. ALTUNA: Nik, berriz, nabarmenduko nuke 32 urteko bilakaera horretan bi puntuko gorabeherak ditugula. Oso marjina txikien barruan ari gara. Erabileraren aldagaia mugitzea ez da erraza; hizkuntza ohiturek, aldagai demografikoek eta beste hainbatek eragiten dute. Hala ere, aldaketa handi bat emateko, birpentsatu behar dira biziberritze prozesuan egiten diren egitasmoak, zerk izan duen arrakasta eta zerk ez.

Hiztunen gaitasun maila eta euskaraz hitz egiteko dituzten baldintzak aintzat hartuta, kopurua ez da apala, azaldu zenutenez.

O. ALTUNA: Erabilera egon dadin, baldintza batzuk behar dira, eta bat da solaskidea euskalduna izatea. Heldulekua Txillardegiren eredu matematikoa da: komunitate batean hiztun kopuru bat beharrezkoa da erabilera maila bat lortzeko. Bestela esanda, muga bat daukagu: biztanleriaren %100ek ez dakite euskaraz, eta, beraz, ezinezkoa da erabilera %100 izatea. Badirudi batzuetan hori ahaztu egiten zaigula.

M. IÑARRA: Gainera, kalean %100 entzutea are zailagoa da, mugikortasun askoz gehiago dagoelako, talde itxiez ez garelako ari, zeinetan badakigun nork dakien euskaraz eta nork ez, eta, beraz, kalkulatu ahalko litzatekeen zenbateraino litzatekeen gertagarri euskaraz hitz egitea. Gehienezko muga hori are baxuagoa da.

Gune euskaldunenetako beherakadak ere badu bi aurpegiko irakurketa: trinkotasuna galtzen ari da, baina, aldi berean, eremu gehiagotara heltzen ari da euskara.

M. IÑARRA: Gune erdaldunenetan, 1989tik, gorakada bat sumatzen da. Hortaz, espazioak irabazten ere ari da euskara. Kontua da eremu euskaldunenen funtzio estrategiko hori dagoela arriskuan.

O. ALTUNA: Gune euskaldunena eta arnasguneen estrategikotasuna ezin dugu begi bistatik kendu. Euskara hor modu naturalean garatzen delako, baina beste muturrean, lehen entzuten ez genuen lekuetan ere hasi gara entzuten. Muturretan zeuden herriak desagertzen ari dira, euskaldunenak eta erdaldunenak. Eta erabileran ere hori gertatzen ari da. %0ko herriak bagenituen duela 30 urte, orain ez hainbeste, eta, beste muturrean, gune euskaldunean bagenituen erabilera oso handikoak. Orain ere bai, baino gutxiago.

Euskara gehien entzun den Euskal Herriko bigarren hiriburua da Gasteiz. Ez zenuten lotu soilik hiriburu administratibo izatearekin. Eremu erdaldunen biziberritzeari begira, zer pista eman ditzake?

O. ALTUNA: Aztertu beharrekoa, behintzat, bada. Datuak ikusita, galdetzen genion geure buruari irabazia nondik etorri den, eta etorri da gazteengandik. Are gehiago: Gasteizen gazteen arteko erabilera haurren artekoa baino handiagoa da. Gure datuak aintzat hartuta esan dezakegu belaunaldi gazteek hartu dutela protagonismoa, gutxienez erabileran eta herri dinamikan. Eta emakumezkoek ere gehiago egiten dute gizonezkoek baino.

M. IÑARRA: Besteak beste, gainera, beste hizkuntzen presentzia handi xamarra den hiriburu batean. Puzzle hori guztia hiriburuan nola osatzen den ikustea oso interesgarria da.

Gaztetu egin da euskararen erabilera, baina profila aldatu egin da, eta haur eta gazte gehienak erosoago mintzatzen dira erdaraz. Hizkuntzaren transmisioa zertan uzten du horrek?

M. IÑARRA: Uste dut horretan datzala egungo erronka soziolinguistikoa: belaunaldi berrien artean geroz eta hiztun gehiago daude, eta horiek benetan erabilera erosoa egin dezaten, baldintzak eta neurriak pentsatu behar dira.

O. ALTUNA: Erraztasuna oso lotua baitago erabilerarekin. Gaitasunaz ari gara, baina, batez ere, zer hizkuntzatan moldatzen diren hobeto, hori izango da hizkuntza hautua gehien baldintzatuko duena. Orduan, hiztun berriak eskolatik sortu bai, baina nahikoa trebetasun, jario nola lortu, hor badaukagu erronka garrantzitsu bat.

Haurretatik gazteetara alde nabarmena dago. Zer erakusten du horrek?

M. IÑARRA: Gazteen mundua konektatuago dago helduenarekin, eta mundu hori, erabat edo nagusiki, erdalduna da. Orduan, gazte horiek izan behar dituzte, helduen mundurako jauzia egiterakoan, euskara erabiltzeko aukerak eta baldintzak, izan lan munduan, izan kultur eta kirol eskaintzan, hedabideetan edo ingurune digitalean... Gune horietan guztietan erabiltzeko aukerak izanez ere lortuko dute trebetasuna eta erosotasuna.

Bi bide har ditzake euskarak, nabarmendu duzuenez: hiztunak galdu eta galbidera eramango duena ala Europako hizkuntza ertainena. Zeren arabera gertatuko da bata edo bestea?

O. ALTUNA: Globalizazioa, digitalizazioa... Gaur egungo gizarteko fenomeno horiek hizkuntza hegemonikoen alde egiten dute, eta hizkuntza hegemonikoak geroz eta hegemonikoagoak dira. Horregatik, biziberritze prozesuan orain arte hartu diren erabakiak eta egin diren egitasmoak berraztertu behar lirateke. Oso erronka potoloak ditugu aurrean, eta, horiei aurre egiteko, ikerketa soziolinguistikoa oinarri hartuta, beharko dira erabaki berritzaileak eta ilusioa sortzen duten egitasmoak, erabileran aldaketa nabarmena izateko.

M. IÑARRA: Bestalde, hizkuntza kontuak gizarte auzia ere badira, eta funtsezkoa da, taldeen elkarbizitzaren gaineko erabakiak hartzean, hizkuntzarenak ere hartzea. Ausardiaz eta erabakimenez hartu behar diren erabakiak dira, eta, erronka berri hauetan, hizkuntza eskubideak bermatuko dituzten politikak eta euskara erabiltzeko aukera emango duten politikak beharko dira.

Euskararen ezagutza unibertsalizatzea tarteko helburu gisa markatu duzue. Oinarrizko baldintza da?

O. ALTUNA: Bai. Erabilera erabat baldintzatzen du hiztun kopuruak, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu unibertsalizazioa. Horrek ekarriko du, benetan, erabilerari eustea eta gora egitea.

M. IÑARRA: Azkenean, beste norbaiten beharra dago hizkuntza bat erabili ahal izateko. Solaskideak euskalduna izatea behar du, edo ulertzea sikiera, zuk erabili ahal izateko.

Euskara diskurtso berriez jantzi eta beste mugimendu eraldatzaileekin kontaktuan jartzeko beharra nabarmendu duzue. Zertan lagunduko luke?

M. IÑARRA: Duela 30 urtetik hona gizartea aldatu da, eta iruditzen zaigu testuinguru berri honetan diskurtsoak berritu beharko direla, oraindik ere gure hizkuntzaren espazioa gehiago irabazteko. Besteak beste, feminismoa edo bestelako mugimenduak egiten ari diren lanak, norbanakoen eskubideen bueltan-eta, lagun dezake hizkuntza eskubideen aldarrikapen hori elikatzen eta hauspotzen.

O. ALTUNA: Diskurtsoa berritzea eta kultur eta hizkuntza aniztasunaren eskubidearen defentsan jartzea iruditzen zaigu badela aipatzea hizkuntzaren babesa justiziazko gauza bat dela, demokrazia irizpideetan planteatu behar dena. Interesgarria eta beharrezkoa ikusten dugu kontzeptu eta ideia horiek gure diskurtsora ekartzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ertzaintzaren auto bat, artxiboko irudi batean. ©Monika del Valle / Foku

Adingabe baten heriotza ikertzen ari dira Santurtzin

Berria

15 urte zituen gazteak, eta litekeena da jasotako kolpeen ondorioz hil izana.

Zezenketen aurka egin duten agerraldia, gaur, Iruñean ©endika portillo/ foku

Iruñeko zezenketak behin betiko amaitzeko eskatu du ‘Zezenketarik ez!’ sareak

Irati Urdalleta Lete

Sanferminak «inor zapalduko ez duten jaiak» izan daitezela galdegin dute 56 taldek eta norbanakok. Agiri bateratu bat aurkeztu dute

Eva Isturiz, Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendaria, Iruñeko Sarasate pasealekuan. ©Idoia Zabaleta, FOKU

«Sexu erasoetan, biktimak bere buruari egotzi ohi dio errua»

Uxue Rey Gorraiz - Nafarroako Hitza

Festetako sexu erasoen kontrako aurtengo kanpaina aurkeztu du berriki Nafarroako Berdintasun Institutuak, Berridatz ditzagun jaiak lelopean. Erasoen gaineko aurreiritziak hautsi beharra nabarmendu du erakunde horretako zuzendari Eva Isturizek.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...