Maria Naredo. Espainiako Berdintasun Ministerioaren aholkularia

«Zigorrik txikiena jartzeko joera ez da berria: hortik gatoz»

'Soilik baietz da baietz' legea irmo defendatu du, zigor asko fiskaltzaren irizpideen aurka murrizten ari direlakoan. Arauak biktimentzako laguntzak areagotu dituela nabarmendu du.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Durango
2023ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Jurista da Maria Naredo (Madril, 1970), eta indarkeria matxistan aditua. Espainiako Berdintasun Ministerioaren aholkulari dihardu egun, eta bete-betean aritu da Sexu Askatasunaren Berme Integralerako Lege Organikoa lantzen. Euskal Herrian izan da berriki, hainbat talde feministak eskatuta, sexu erasotzaileen zigor berraztertzeekin eta murrizketekin gertatzen ari dena azaltzen.

Hilabeteak dira legea indarrean sartu eta kondenak berraztertzen hasi zirela. Denboraz aztertuta, zer analisi egin du ministerioak zigor murrizketez?

Guk uste dugu legea inplementatzen utzi behar dela, zigor arloan ere bai. Sexu delituetan, legeak paradigma aldaketa sakona dakar, baina errebisio asko aurreko eskeman pentsatuta egin dira: orduko elementuak buruan edukita —abusu eta eraso delituak, indarkeriaren eta larderiaren zentraltasuna— ari dira oraingo arkitektura eta zigorrak aplikatzen. Beraz, uste dugu zigor murrizketa asko ez zirela gauzatu behar. Baina, bestalde, aldarrikatu nahi dugu legea ez dela bakarrik zigorra, ezta arlo penalean ere. Aurrez ere bazeuden arazo nabarmenak: indarkeria matxista gutxi salatzen da, kasu asko artxibatzen dira, eta sarri ez da kondenarik ezartzen ez dagoelako froga nahikorik, ez delako ikerketa sakonik egiten... Eta legeak neurri oso garrantzitsuak dakartza eremu horretan, hala nola eragile juridiko guztien espezializazioa, ofiziozko txanda eskuragarriak...

Denbora gehiago behar du legeak, beraz?

Bai. Legea integrala da, eta osorik martxoaren 7an sartu da indarrean; urriaren 7an zigor arloa baino ez baitzen indarrean sartu. Hortaz, orain hasiko gara, adibidez, biktimen arreta integrala edo krisi zentroak martxan jartzen, eta azeleragailua zapaltzen saiatuko gara. Eta aldi berean, ondo ulertu eta aplikatu behar da zigor arloko paradigma aldaketa.

Zertan datza paradigma aldaketa hori?

Onespenean jartzean arretagunea, eta ez azpiratzean: argi uztea onespenik gabeko jardunak sexu eraso direla; beste elementuak —bortxarik edo larderiarik izan al zen, adibidez— garrantzitsuak izan daitezke zigorrari neurria ematean, baina ez dira zentralak, onespena delako zentrala. Hala, arretagunea biktimatik kenduko dugu, ez baitugu aztertuko zer egin zuen erasoa geldiarazteko. Horixe zen azpiratzearen paradigma, eta legeak gainditu egin du: ezetz beti da ezetz esaten zen, eta soilik baietz da baietz da orain.

Nola islatu da zigor kodean?

Sexu askatasuna ondasun juridikotzat hartuz: sexu askatasuna urratzea bera indarkeria da, ez du zertan berekin ekarri integritate fisikoa edo psikikoa urratzea. Baina eragile juridikoek ere hala ikus dezaten denbora behar da, espezializazioa, pedagogia... Egia da zigor tarteak orain zabalagoak direla, jokabide gehiago biltzen dituztelako, baina, aldi berean, larrigarri asko txertatu dira: bikotekidea edo bikotekide ohia izatea, borondatea baliogabetzea —besteak beste, sumisio kimikoaren bidez—, muturreko indarkeria erabiltzea, taldean eraso egitea...

Aditu askok diote legean xedapen iragankorrak falta direla.

Zigor kodearen beste erreforma batzuek ere ez dituzte jaso, eta ez da debate hau egon, zuzenbide iragankorra aplikatu delako, baita jurisprudentzia ere. Horiei jarraikiz, argi adierazi zuen azaroan Fiskaltza Nagusiak: kondena zigor-tarte berriaren barruan badago, ezin da murriztu; eta bi kondena alderatzean, zigor kodea osorik hartu behar da kontuan, ezin da aurrekoarekin nahastu. Hau da, ez da zilegi aurreko eskemarekin sei urte ezarritako kasu batean orain laura jaistea automatikoki; eta zigor tarte berrien barruan egon arren jaitsitako kondena guztiak ez ziren jaitsi behar.

Fiskaltzaren arabera, kondenak berraztertu daitezke soilik ez badira sartzen zigor tarte berrietan, hau da, ezingo balira jarri egungo zigor kodearekin. Irizpide horiek ez dira betetzen ari?

Ez, eta fiskaltza helegiteak jartzen ari da irizpideak betetzen ez dituzten errebisioen aurka; izatez, auzitegi nagusi batzuk jada hasi dira zigor murrizketak baliogabetzen. Eta uste dugu halako baliogabetze gehiago etorriko direla. Halere, alde handiak daude auzitegi probintzial batetik bestera, baita auzitegi nagusien artean ere.

Adibide bat: Gipuzkoako Auzitegiak sei urtetik laura murriztu zuen zigor bat, 18 urteko gizon bati jarria, 16 urteko neska bat bortxatzeagatik, biktima alkoholaren ondorioz ia borondaterik gabe zegoela. Zigor murriztua ez dator bat eskema berriko irizpideekin, baina jatorrizko epaia bera eztabaidagarria da.

Bai, ematen du debatea urrian hasi zela, baina zer gertatzen zen lehen? INEren datuen arabera, adindun andreen aurkako sexu delituengatik jarritako kondenen %80 abusuengatik ziren, ez erasoengatik, eta oso gutxi bortxaketengatik. Hau da, zigorrik txikiena jartzeko joera ez da berria: hortik gatoz. Eta orain ere kezkagarria da epaitegi batzuk propio ari direla arrakalak bilatzen. Adibidez: ebazpen batzuetan, zigorrak jaitsi dituzte argudiatuz autoritate abusua destipifikatu dela, lege berrian nagusitasun egoeraz abusatzea esaten zaiolako. Jurisprudentziak dio legegilearen izpirituari begiratu behar zaiola: autoritate abusua destipifikatu nahi zuen, esan bazuen onespenik gabeko jardun oro erasoa dela?

Ministerioan ez zenuten errebisioen auzia aurreikusi?

Legea lantzen ari ginenean, eskuinek egotzi ziguten gizonak kriminalizatzea; eta feminismo jakin batek, lege punitibista bat egitea. Baina inork ez zuen ohartarazi dozenaka kondena murriztuko zirenik. Justizia Ministerioak, lege aurreproiektuaren memorian, errebisio posibleen kalkulu bat egin zuen: %2 inguru. Gure asmoa zen zigorrak proportzioan jartzeko tresnak ematea epaileei, zigorgabetasuna gutxitzeko, eta salaketa aurkezten duten emakumeen ibilbidea erraztea. Baina gobernu osoan inork ez zuen errebisioez ohartarazi, ezta Justizia Ministerioak ere, zigorren koadro berria onartu zuenean; eta ez zen xedapen iragankorrik proposatu. Segur aski, alarma sozial hau lotuago dago erresistentziekin, legearen zulo posibleekin baino: uste dut feminismoaren aurrerapenen aurkako jazarpenaren parte dela errebisio gehienekin gertatzen ari dena, epaitegi batzuen—ez denen, ezta gehienen ere— eta, batez ere, talde politiko eta mediatiko batzuen aldetik.

Alarma horrek diskurtso punitibistak elikatu ditu?

Fokua soilik zigorrean jartzea, biktimen eskubideetan eta estatuaren obligazioetan jarri ordez, ez da eragingabea: kontakizun antifeministak gailentzen dira, eskuin muturrarenak sarri, indarkeriak testuingurutik ateratzen dituztelako, bortxa matxistek beste errorik ez balute bezala, eta indarkeria indibidualizatzen dutelako. Aldiz, begirada feministak, giza eskubideen ikuspegitik, egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzen ditu, eta hor, zigorra elementu bat da, ez beti zentrala. Eta begirada horretan, funtsezkoa da bortxa egiturazko elementuekin eta diskriminazioekin lotzea. Era berean, punitibismoak erabat fokutik kanpo uzten du zer geratzen den andreekin justizian: bakardadean egin izan duten bidea baliabideez hornitu nahi du legeak, laguntzen eta zerbitzu publikoen bidez. Hori guztia funtsezkoa da, baina alarma hau ozendu duenak ez du nahi legearen parte hori ikus dezagun.

Kondena murrizketa asko txikiak dira kuantitatiboki, baina biktimentzat esanguratsuak dira kualitatiboki.

Badakigu murrizketek inpaktua dutela biktimengan, baina, aldi berean, azpimarratu nahi diegu legeak asko ekarriko diela: hutsune asko beteko ditu ibilbide judizialean, erasoak egiaztatzeko prozeduretan, erreparazio eskubidea garatzean... Horrek guztiak justizia lortzen lagunduko du kontu kuantitatiboez harago. Izan ere, diskurtso punitibistan ez dago ezer zigorraren ondoren, baina gure diskurtso feministan, zigorraren ostean erreparazioa dator, eta legeak eskubide hori aitortzen du. Iruditzen zait alarma punitibista horrek ez duela nahi gizarteak ikustea indarkerien kontestua, legearen aurreko gabeziak eta legeak ekarri duena.

PSOEk lege proposamen bat erregistratu du Kongresuan, aurreko zigor tarteak berreskuratzeko, eta delituen azpimota gisa txertatzeko indarkeriaz, larderiaz eta borondatea gabetuz egindako erasoak. Ministerioa ez dago ados. Zergatik?

Berekin dakarrelako aurreko paradigmara itzultzea: ulertzea onespena makurrarazteko modua onespenik eza bera bezain garrantzitsua dela. Eta guk kontrakoa diogu: onespenik ez izatea da garrantzitsua, ez erasoa nola gauzatu den. Gure ustez, legean doikuntzarik egin behar bada, ezin da egin zigor paradigma berriaren oinarrian, baizik eta larrigarriak hobetuz, zigor txikienerako joera gerarazteko. Egia da, adibidez, muturreko indarkeria larrigarrietan sartu genuela, baina ez bortxa ez-muturrekoa; beraz, uste dugu indarkeria eta larderia larrigarri gisa sar daitezkeela. Baina sistema berriaren funtsa da onespenik gabeko edozein jarduera eraso bat dela: hortik aurrera, erasoaren inguruabarrak egiaztatu behar dira, eta berdin frogatu behar da nagusitasun egoeraz abusatu den, senidetasunik baden, armarik erabili den, edo larderia egon den, beste elementu bat bezala. Indarkeria eta larderia ezin dira zentralak izan.

Frogen kalbarioa amaitzeaz hitz egin izan duzue, baina zigor zuzenbidean frogak behar dira. Onespenik eza ere ez al da frogatu behar?

Noski. Zigor zuzenbidean, salaketek frogak eskatzen dituzte, errugabetasun ustekizuna sakratua delako, baina ez da gauza bera frogatzea biktimak nola egin zion aurre erasoari, edo frogatzea onespenik izan al zen. Nazioarteko erakundeak aspaldi ari dira esaten sexu delituak beste modu batera frogatu behar direla: ez biktimari galdeketa erdeinagarriak eginez, baizik eta aurretiazko froga erabiliz, hau da, deklarazioa hartuz instrukzioaren hasieran, forentseak trebatuz, eta froga indiziario gehiago erabiliz —lekukoak, analisi psikologikoak...—. Istanbulgo Hitzarmenak berak dio: erasoaren inguruabarra da garrantzitsua, ez biktimak zer egin duen. Beraz, frogen mosaiko bat eduki behar da, eraginkorragoa delitua demostratzeko, eta abegikorragoa biktimekin. Ikertu egin behar da, eta egiaztatu, baina bestela, arretagunea andreen jarreratik eta bizitza sexualetik kenduta.

PSOEri hainbat proposamen egin dizkiozue. Zertan dira?

Abendutik negoziatzen aritu gara Justizia Ministerioarekin. Gure lehen proposamenean ez genuen aipatu zigor arloa aldatzea, baizik eta espezializazioa azkartzea. Gerora, PSOEren proposamena ikusita, onartu genuen zigor arloa aldatzea, larrigarrietan txertatuz indarkeria eta larderia. Hainbat planteamendu jarri ditugu mahai gainean, baina PSOE ez da mugitu. Gu prest gaude akordioak lortzeko eta ukitu batzuk egiteko, baina ez atzerapausoak emanez. Oso serioa baita gai hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.