Txernobyl, 30 urte. Elkarrizketa. Santiago Vilanova. Kazetaria

«Beste Txernobyl baten zain egon behar al dugu garapenaren norabidea aldatzeko?»

Kezkaz bizi du Vilanovak Txinan, Indian eta Errusian energia nuklearra zabaltzen ari delako. Haren iritziz, 'lobby' nuklearra herrialde horiei begira dago, Europako gainbeherari aurre egiteko.

inaki petxarroman
2016ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Kazetaria, ekologista, energia nuklearraren arriskuez ohartarazteko hamaika egitasmotan zaildua. Munduan izandako hiru istripu nuklearren inguruan idatzi du hiru liburutan Santiago Vilanovak (Olot, Herrialde Katalanak-1947). Els Verds-Alternativarensortzaileetako bat izan zen; orain, Una Sola Terra erakundeko presidentea da. Kataluniako Errepublikaren konstituzioa idazten ari den aditu taldeko kidea da.

30 urte betetzera doaz Txernobylgo istripu nuklearra gertatu zela. Zer eragin izan zuen gizateriaren historian eta nola aldatu zuen munduaren ikuspegia energia nuklearrari buruz?

1974ko Rasmussen txostenean aipatzen zen «energia guztiz seguruaren» mitoa erori egin zen. Txosten hura enpresa elektrikoen biblia zen, eta, zioenez, erreaktore batean nukleoa fusionatzea Parisko erdialdean meteorito bat erortzea bezain zaila zen. 1970eko hamarkadan Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak [OIEA] hutsezintasun hori bihurtu zuen bere defentsarik onena, baina ezkutatu zuen, Sobiet Batasunarekin batera, Uraletan, Kasliko erregai nuklearra tratatzeko zentroan [Errusia] 1957an gertatutako hondamendia, zeinak aintzira eskualde zabal bat kutsatu zuen, oraindik ere itxia. Txernobylgoak Hiroshima eta Nagasakiko bonbek bezainbesteko eragina izan zuen gizaterian arrisku erradioaktiboaren inguruan.

Hiru istripu nuklear larrienei buruz idatzi duzu: Three Mile Island, Txernobyl eta Fukushima. Zer azpimarratuko zenuke haietako bakoitzari buruz?

Hirurek dute ezaugarri komun bat: hidrogeno leherketa batek nukleoaren fusioa eragin zuen— Fukushimaren, hiru—. Zirkaloy-aren aleazioak, uranio barretako zorroak estaltzen dituenak, ur beroarekin erreakzionatzen du hidrogenoa sortuz, eta, %6-8ko kopuruetara iristean, dinamitaren pareko indarrez lehertzen da. Horrek nukleoa hoztea galarazten du, eta fusioa hasten da. Istripu hori, larriena, 7. mailakoa, meltdown deitzen da, eta industria nuklearrak «ezinezkotzat» zuen. Lobby atomikoak ez du aitortu nahi zirkaloy-a segurtasun nuklearraren Akilesen orpoa dela, eta hura ordezkatzeak—zientzialariek sizilio karburoaren aleazio alternatibo bat aipatzen dute— tekonologia nuklearraren eraldaketa zail eta oso garestia lekarkeela. Hiru istripuak garapen teknologiko handia duten herrialdeetan gertatu dira: AEB, Sobiet Batasuna eta Japonia. Azkenik, aipatuko nuke guztietan informazioaren manipulazio eta zentsura bortitz bat egon dela herritarrengan eta nekazaritzan izandako eragin biologiko eta erradiologikoari buruz. Kasu guztietan, Osasunaren Mundu Erakundea [OME] OIEAreninteresen azpian geratu da.

Ezberdintasunak ere izan zituzten. Zeintzuk?

Esaterako, ingurumen eragina ezberdina izan zen. Three Mile Islanden erreaktorea euste egitura batek babestuta zegoen, eta istripuaren eragina gutxitu zuen. Txernobylen, laino erradioaktiboa apirilaren 26tik maiatzaren 4ra hedatu zen Europa osoan, Mediterraneoraino, eta Euskal Herritik oso gertu iritsi zen, Der Spiegel-ek argitaratu zituen US Air Forceren argazkien arabera. Fukushiman erradioaktibitateak Ozeano Barean izan du eragin gehien, AEBetako kostalderaino.

Fukushimakoa da azkena. Uste duzu lobby nuklearrari kalte gehien egin diona dela?

KGB eta CIAren arteko ezkutuko itunak, Gorbatxoven eta Reaganen artekoak, galarazi zuen Txernobylgo istripuaren eragina handiagoa izatea. Fukushiman zentsura hori zailagoa izan zen, baina han ere gertatu zen. Lobby nuklearra blindatuta dago hedabide handietan. Espainiako Forum Atomikoak, esaterako, badu nolabaiteko kontrol bat El País-en energia nuklearrari buruz agertzen diren informazioen gainean. Endesak, Iberdrolak eta Gas Natural-Fenosak publizitatearen bidez baldintzatzen dituzte telebista kate handiak. Nuklearren aurkako ahotsakisiltzen dira, eta soilik nukleokratak entzuten. Kontrol mediatiko horrengatik ez balitz, Txernobyl eta Fukushimako istripuek energia «merke, oparo, seguru eta garbiaren» mitoa lurperatuko zuten.

Erreaktore kopurua eta sortutako energia kopurua gutxitu da azkenaldian. Uste duzu energia nuklearrak desagertzeko joera duela, edo burua altxatuko du?

Lobby nuklearra ahaleginduko da Europako gainbehera ordezkatzen Latinoamerikan (baita Bolivia iraultzailean ere), Asiako hegoekialdean eta Afrikan hirugarren eta laugarren belaunaldiko zentralak eraikitzen, aprobetxatuz hango agintarien ustelkeria, herritarren desinformazioa eta mugimendu anti-nuklearren zapalketa. Baina kezkagarriena Txina, India eta Errusia dira. Izan ere, mende honetarako 64 zentral egiteko plana dauka Txinak, 22 Indiak eta 31 Errusiak. Europan mugimendu anti-nuklearrak eta iritzi publiko sentsibilizatuak egiten dituen aurrerapen guztiak hondora doaz proiektu horiekin.

Zein da egoera Txernobylen?

Egoera kontroletik at dago oraindik. Sarkofagoak —mendebaldeko teknologia eta kredituekin eraikia— ez du bermatzen etorkizunean 4. erreaktorean erreakzio gehiago ez gertatzea. Estatuek abantaila fiskal eta erraztasun guztiak ematen dizkiete enpresei, baina aseguruek ez dute sartu nahi zentral hauetan; istripu larrien kasuan, diru publikoak atera behar izaten ditu babak eltzetik. Txernobylgo erreaktorea babesteko operazioek 235.000 milioi dolarreko kostua izango dute hurrengo 30 urteotan.

Bielorrusian ere eragin handia izan du. Zein da egoera han?

Bitxia da. Txernobyldik 25 kilometrora, kalte handienak jasan dituzte han, baina, hala ere, agintariak energia nuklearraren aldekoak dira. Aleksander Lukaxenko presidentea bultzatzen ari da hainbat zentral Grodnoko eremu kutsatuan. Atomstroyexport enpresa errusiarrak eraikiko ditu, Putinek eskainitako 10.000 milioi dolarreko maileguekin. Lukaxenkok dio zentral nuklearrek arinduko dutela Errusiako gasarekiko menpekotasuna. Badago dirua zentralak eraikitzeko baina oso gutxi 1,7 milioi umek pairatzen dituzten osasun arazoei aurre egiteko. Tartean, 360.000 ume daude Txernobylgo istripuaren ondorioak zuzen-zuzen jasaten. Duela gutxi Valentina Smolnikova Txernobylgo Haurren elkarteko ordezkariak esan du hori posible dela buruzagi antinuklearrak espetxeratu dituztelako, eta hedabideak Lukaxenkoren kontrol zorrotza pairatzen dutelako.

Bazirudien Japoniak, munduko herrialderik nuklearizatuenetako batek, lurperatu behar zuela energia mota hori Fukushimako hondamendiaren ostean. Ez dirudi hortik doala orain ezta?

Harrigarria da. Sumendi, lurrikara eta tsunamien arrisku bizia duen herrialde batek zentral nuklearrak eraikitzeko apustua egiten du bere burua horni dezakeenean energia berriztagarriekin (eguzki, itsas, haize eta geotermia). Nola ulertzen da Nagasaki eta Hiroshimako bonben eragin erradioaktiboa herritar babesgabeen gain pairatu duen herrialde batean? Patronal elektrikoak finantzatzen dituelako hedabideak eta gobernuan txandakatzen diren bi alderdiak. Japoniako mafiak, merkataritza ganbera eta enpresa elektrikoetan lotura handiak baititu, eskaini zituen erreaktoreen lanik arriskutsuena egin zuten «ezabatzaileak». Gizarte sektore baztertuenetakoak ziren. Orain,mundu osoko zentralen eraikuntzan parte hartu nahi dute frantses, britaniar eta errusiarrekin. Eta Tepcoko zuzendaritza epaituko dute. Garbiketa operazio horrekin, konpainia elektrikoaren ardura itxi egin nahiko dute.

Europan bi eredu daude aurrez aurre: Frantziakoa eta Alemaniakoa. Zein irtengo da garaile?

Ekologista gisa Alemaniako ereduaren aldekoa naiz. Eta hori posible da, eguzki eta haize energiaren alde egiten ari diren itzeleko inbertsioengatik ez ezik, baita gizarte zibila ehunka proiektutan parte hartzen ari delako autokontsumoa oinarri hartuta ere. Kontzientzia ekologikoa oso handia da Alemanian. Zortzi milioi lagunek ekoizten dute elektrizitatea autokontsumorako instalazio fotovoltaikoen bidez, eta 130.000 baino gehiago kooperatiba energetikoetako kide dira. Energia berriztagarriek BPGaren %11 osatzen dute. Frantzia, berriz, Klub Atomikoko kide den artean, oso zaila izango da eguzki energiara trantsizioa egitea. Luzera begira,espero dut Alemaniako eredua gailentzea eta energiaren kudeaketa demokratizatzea. Baina hori gizarte zibilaren mobilizazioaren araberakoa izango da. Gizarte mobilizazioari esker —Greenpeaceren eskutik—, Chirac presidenteak bertan behera utzi zituen Mururoa eta Frangataufako leherketa atomikoak. Antzeko mugimendu bat bultza liteke Europan paradigma energetikoa aldatzen laguntzeko.

Espainian zer eredu ezarriko dela iruditzen zaizu, Frantziakoa edo Alemaniakoa?

Ezkerreko gobernu bat badago, eta boterean hamar urte egiten baditu, Alemaniako eredua nagusituko da. Akats larria litzateke Podemos eta PSOEk zentral nuklearren jarduera 60 urtera luzatzea. Hala ere, aitortu behar dizut ez alderdi batek ez besteak ez dutela sustatzen eztabaidarik eredu energetikoari buruz euren proposamenetan. Oligarkia elektrikoa lasaiegi uzten dute.

Katalunian ere eztabaida dago energia nuklearrari buruz indar subiranisten artean?

Bai, eta oraindik ez da iritzi publikora zabaldu eztabaida hori. Independentismo antinuklear bat dago, apustua egiten duena energia berriztagarrien alde ehuneko ehun. Beste sektore bat, ANCrekin lotua, desinformazioan kokatuta, Alemaniako ereduaren onurez konbentzitua izateko itxaroten ari da. Eta, azkenik, Convergenciaren inguruko independentismoa dago, energia nuklearra ezinbestekotzat jotzen duena. Haren babesleak frankismoak ezarri zigun nuklearizazioaren alde egon ziren. Endesa, Gas Natural-Fenosak eta Iberdrolak presioa egiten dute subiranismo katalanak ez diezaiela kalte egin beren interesei. Aurrerakoien helburua da hautesleak mugitzea Asco i Vendellosen itxieraren alde jartzera eta ANCk apustu egin dezan estatu ekologiko baten alde. Errepublika Katalan Ez-Nuklearra izendatuko lukeen konstituzio baten alde nago.

Garoña aipatu da berriro aste honetan. Uste duzu betiko itxiko dutela?

Garoña ez dute berriro irekiko. Errentagarritasun arazo bat dauka. Izan ere, 2031ra arte luzatzeko inbertitu beharko lukete 200 milioi euro baino gehiago, eta zaila deritzot Endesa eta Iberdrola horretarako prest egoteari. Bestalde, uste dut Euskadi, Nafarroa eta Aragoin hura berriz irekitzeko aurkakotasun tinko bat dagoela. Horien artean daude nekazari ureztatzaileak, Jose Allende bezalako ekologista historikoak edo Mario Gaviria bezalako soziologoak, lan handia egin dutenak informatzeko —hedabide nagusien laguntzarik gabe— Garoñan istripu batek hondamendira eramango lukeela Ebroren ertz osoa, iturburutik deltaraino.

Arma nuklearren arriskuaz kontzientea da oraindik mundua edo erlaxatu egin da?

Iritzi publikoaren zati handi batek jarraitzen du ikusi gabe txanpon bereko bi aldeak direla energia nuklear zibila eta militarra. Banaezinak; teknologikoki eta finantzaketa aldetik ezin dira ulertu bata bestea gabe. Munduko mugimendu eko-bakezalearen helburua da planeta hustea bai arma nuklearrez bai zentral nuklearrez. Gainera, ezin dugu ahaztu terrorismo nuklearraren mehatxua, eta hori larrituko da erregai nuklearren eta erreaktoreen zikloa handitzen jarraitzen badute. Plutonio 239 apur bat Estatu Islamikoaren zelula baten esku erortzen bada, tragedia latza gerta daiteke hiri handi batean. Baina politikariei eta zentral elektrikoei ez zaie interesatzen horretaz hitz egitea. Areago, Fukushimako istripuaren ostean zentral nuklearrei egiten zaizkien erresistentzia testetan ez da aintzat hartzen faktore hori.

Batzuek babesten dute esanez garrantzitsua dela klima aldaketaren errealitateari erantzuteko. Zer erantzungo zenieke?

Hori nukleokraziaren beste gezur bat da. Energia nuklearrarekin klima aldaketa geratu beharko balitz, 1.000 megawatteko bi erreaktore eraiki beharko lirateke astero, eta, hala ere, %30 gutxituko genuke bakarrik berotze globala. Erregai nuklearraren zikloak eragin handia du CO2 kutsaduran: uranio meategiak, garraioak,uranioa aberasteko eta berriz tratatzeko lantegiak, zentralen eraikuntza eta hondakindegiak... Arrazoizkoagoa da berriztagarrietan inbertitzea, eraginkortasun eta aurrezpen energetikoari ekitea, etxebizitzen sektorean, hirigintzan, garraioan eta eraikuntzan, haiek baitira CO2 isurketen %70aren arduradunak. Hori litzateke etorkizun iraunkor baterako benetako formula. Beste Txernobyl bat gertatzeko zain egon behar al dugu garapenaren norabidea aldatzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.