21. Korrika

Herri bat Korrikarako bildua

Antolaketan dabiltzanek diotenez, Korrikaren hasiera Garesen egiteak ilusioa eragin du herrian, eta jende asko bildu du euskararen inguruan. Ezinbestekotzat jo dute bultzada baliatu eta aurrera begira jartzea.

2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Buru-belarri dabiltza lanean Garesen (Nafarroa), bihar dena prest egon dadin, eta Korrikaren hasiera inolako arazorik gabe eta festa giroan egin dadin. Egun bakarra falta da, baina bi urte dira Korrika Garestik aterako zela jakin zutela. «Poza hartu genuen berria jakin genuenean; baina, aldi berean, argi genuen ardura handia izango zela», adierazi du Ane Azkonak. Azkona garestarra da jaiotzez, lau urte daramatza AEKn lanean, eta orain Izarbeibarreko euskaltegiko arduraduna da; dioenez, euskaltegiko ikasle eta irakasleez gain, ia herri osoa inplikatu dute egun berezi horren antolaketan.

Ion Ziriza da horietako bat. Garesera duela zortzi hilabete joan zen bizitzera, Barañaindik, eta Korrikaren hasiera ekitaldia koordinatzearen ardura hartu zuen bere gain. «Kezka eta bertigoa» sentitzen du, eta ez da gutxiagorako. Berrehun boluntario inguru ariko dira bihar lanean, eta 5.000 lagunentzako aurreikuspenak egin dituzte. «Horrek herriko biztanleria bikoiztea esan nahi du», dio Zirizak.

Goizetik hasiko da jai giroa Garesen, 08:30ean, dianekin, eta egitarauari 12:00etan emango diote hasiera: kale animazioa, erraldoiak, kontzertuak, DJak, herri bazkaria, txosnak... 16:30ean, Korrikaren hasierako ekitaldia izango da. Eta, 17:00etan, herritarrek hain luzaroan itxarondako momentuairitsiko da: Korrikari hasiera emango zaio. «Herriari buelta handi bat emango zaio; ez da izango beste ekitaldietan bezala, justu-justu ematen baitzuen ikusteko aukera. Garesen Korrika egiten duenak herria ezagutzeko aukera izango du», azaldu du Zirizak.

Aukera bat

Korrika Garesen hasteak herrian eragin duen ilusioaz hitz egin dute Azkonak eta Zirizak. Baina hori baino gehiago izatea nahi dute. Aukera gisa ikusten dute, Garesen euskarari beste bultzada bat emateko aukera gisa. «Korrikaren hasiera soilik hogei herrik ezagutu dute, eta gu izango gara 21. herria. Hori oso kontuan hartzekoa da», esan du Zirizak, «baina, 'zein ondo Korrika hemen hasiko da' esatetik harago joan behar dugu; hori da, behintzat, gure filosofia».

Korrikaren hasierak herrian utziko duen «ondareari» erreparatu nahi diote biek. «Lehenengo Euskaraldiarekin eta orain Korrikarekin, ari da osatzen euskararen aldeko talde bat, euskarak biltzen duen komunitate bat. Eta hori ere bada asmoa, Korrikaren bidez sare bat sortzea», gehitu du Azkonak. Inertzia hori baliatu, eta euskararen aldeko dinamika transbertsal bat martxan jartzea nahiko luke Zirizak: «Pentsamendu, joera eta adin guztietako jendea bilduko duena, eta epe luzeago batera begira jarriko dena».

Garesen euskarak duen egoerari dagokionez, Azkona baikor dago. «Hezkuntza publikoan 1983-1984 inguruan jarri zen D eredua. Beraz, ezagutza aldetik asko aurreratu da. Gainera, orduan D ereduan hasi ziren umeen guraso batzuk ere euskara ikasteari ekin zioten, seme-alabei laguntzeko. Orain, D ereduko lehen belaunaldi haiek guraso dira, eta seme-alabak D ereduan dituzte. Ume horien gurasoak euskaldunak dira, eta hainbat kasutan baita aitona-amonak ere».

Erabileran eragitea da orain erronka. Horretan Euskaraldiak eragina izan duela aitortu du Azkonak, eta Korrikak eragin hori indartzea espero du. «Garesen denok elkar ezagutzen dugun arren, batzuetan ez dakizu nork dakien euskaraz eta nork ez. Euskaraldiak lagundu zigun hori identifikatzen, eta nik espero dut Korrikak sakontzen laguntzea».

Barañaindik Garesera joan zenean sorpresa hartu zuela dio Zirizak. «Garesen, non mugitu baldin badakizu, posible da euskaraz bizitzea, ia erabat. Ez da Lesaka bat, baina...». Ideia bera berretsi du Azkonak ere: «Zerbitzu ia denak jaso ditzakegu euskaraz; orain dela gutxi arte, medikua ere bai. Aspalditik dago eremu mistoan, eta hori nabari da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.