AEBetako hauteskundeak. Posta bidezko botoa

Gutun azal baten garrantzia

Aurten, pandemia dela eta, inoiz baino herritar gehiagok bozkatuko dute posta bidez. Donald Trumpek sistema horren aurka jo du, eta ohartarazi du «iruzurra» egiteko modua ematen duela.

Gizon bat gutun bat botatzen Los Angelesko postontzi batean. CHRISTIAN MONTERROSA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
AEBetako hauteskundeetan ere zeresana emango duCOVID-19ak; izan ere, normalean baino jende gehiagok egingo du posta bidez bozkatzeko hautua. Aukera hori ez dute denek izango, estatu bakoitzak bere araudia baitu: Oregonen, esaterako, postaz bozkatzen da, aurrez aurre egiteko arrazoi bat aurkeztu ezean; aldiz, AEBetako erdialdeko eta mendebaldeko estatu gehienek aukera ematen diete hautesleei nahi duten moduan bozkatu ahal izateko, arrazoitu beharrik gabe; azkenik, hegoaldeko estatuetan justifikatu egin behar da posta bidez bozkatzea.

Pandemia dela eta, duela lau urte baino estatu gehiagok erraztu dute posta bidez bozkatzea, eta, horietan, gobernuak hautesle guztiei bidaliko dizkie azaroaren 3rako boto paperak, eskatu beharrik gabe. Hala egingo dute aurten Coloradok, Hawaiik, Utahk eta Washingtonek. Aldiz, Nebraskan postaz jasoko dituzte boto-paperak 10.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan.

Horrek ez luke arazo berezirik sortu behar Donald Trump hautagai errepublikanoak sistemaren inguruko susmoak zabaldu izan ez balitu. «Posta bidezko botoa oso arriskutsua da. Iruzur handia dago horren atzean», esan zuen estatuburuak irail amaieran, Wisconsinen egindako agerraldi batean.

Ez da lehen aldia halako salaketarik egiten dutena. 2016an ere egin zituzten iruzur salaketak, eta haietako hainbat ontzat eman zituen Hauteskunde Batzordeak. Baina 2018an Trumpek berak izendatutako batzorde berezi batek ondorioztatu zuen ez zegoela «iruzur sistematikorik», nahiz eta onartu iruzurra egitea «errazagoa» dela posta bidezko botoaren kasuan. Bestetik, Trumpek berak posta bidez bozkatu zuen Floridan, agintaldi erdiko hauteskundeetan, nahiz eta bere kasuan absentee vote deritzon sistema erabili zuen, hau da, hautesleak berak bere datuak emanez boto papera eskatzen duenean. ,

Segurtasun neurriak

Estatuburuak bestelakorik esan arren, iruzurra egitea ez da horren erraza. Posta bidezko botoen kasuan, estatu bakoitzak ditu bere segurtasun neurriak. AEBetan ez dago nortasun agiri nazionalik, eta normalean bestelako identifikazio txartelak erabiltzen dira halakoetan. Baina, ikerketen arabera, 21 milioi herritar dira gobernuak emandako identifikazio txartelik ez dutenak. Ondorioz, bestelako sistemak baliatu behar izaten dituzte bozkatzeko, esaterako boto papera daraman gutunazala sinaraziz.

Identifikazio sistemarik ez edukitzeak, baina, zaildu egiten du botoak berresteko lana, eta, gutxitan gertatzen bada ere, batzuetan hautesleei itzuli egiten diete boto papera, botoa atzera botatzeko arrazoi argirik eman gabe. AEBetako Hauteskunde Batzordearen esanetan, hautesleen %1 inguruk salatu zuten hori agintaldi erdiko bozetan, 2018an. Baina estatu zenbaitetan kopuruak handiagoak izan ziren. Georgian, adibidez, herritarren %3k salatu zuten ezin izan zutela bozkatu. Gehienak gutxiengo etnikoetako kideak ziren.

Baina hauteskundeen emaitzak jakiteko garaian izan dezake ondorio esanguratsurik posta bidezko botoa ugaritu izanak. Errepublikanoek ez bezala, demokratek kontu handiz jokatzeko eskatu diete herritarrei pandemia garaian, ahal dela etxean geratuz, distantziak errespetatuz eta abar. Hala, litekeena da hautesle demokratek posta bidezko botoaren alde egitea, kutsatze arriskuak gutxitzeko. Beraz, kontuan izanik posta bidezko botoen kontaketa luzatu egiten dela, besteak beste, iruzurrak saihesteko, gerta liteke hauteskunde gauean ematen diren behin-behineko emaitzek errepublikanoei abantaila ematea, demokraten aldeko botoetako asko postaz bidaliak izango direlako, eta lehen emaitza horiek hauteslekuetan egindako inkestetatik estrapolatzen direlako.

Zer gerta liteke egoerarik txarrenean? Bi hautagaien arteko tartea txikia bada, eta aurrez aurreko botoen zenbaketak garaipena Trumpi ematen badio, hark ontzat eman dezake emaitza, eta posta bidezko boto kontaketa iruzurtzat jo. Adituek ohartarazi dute: hautagai errepublikanoak Joe Biden presidentegai demokrataren garaipena onartu ezean, baliteke istiluak piztea AEBetan zehar. Eta Trumpek behin baino gehiagotan egin dio uko emaitzak onartuko dituela esateari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.