Frantziako Tourra Euskal Herrian. Ikurrina

Kirolaren zirrikituetan barrena

Bai frankismoan, legez kanpo zegoela, eta bai gero, legeztatu zutenean, ikurrina sarri erabili da kiroletan aldarri ikur gisa. Irudi batzuk ikoniko bihurtu dira, eta beste batzuk ez, baina zenbait jendek ondorioak nozitu ditu.

3. Bixintxo Bilbao. Bilbao eta Peio Larralde Binakako trinket txapeldun izan ziren 2018an, etaikurrinarekin igo ziren podiumera. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko uztailaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ikurrinaren eta kirolaren arteko harremana aspaldikoa bezain estua da, eta, garairik zailenetan ere, euskal ikur horrek hainbatetan aurkitu izan du zirrikituren bat kirolarien eta zaleen eskuetatik argitara irteteko. Gure Esku-k eta erakunde publikoek Frantziako Tourreko euskal etapetan errepidea ikurrinez estaltzeko antolatutako ekinaldia inoizko handienetakoa izan arren, aurretik egon dira ausart edo ikonikoagoak. Era berean, egon zen keinua garesti ordaindu zuen kirolaririk, baita azken urteetan ere.

Ikurrinaren agerraldirik ezagunenak frankismoaren azken garaikoak dira, baina Espainiako gerraren urteetan euskal futbol selekzioak hainbat partida jokatu zituen nazioartean —Mexikoko ligan parte hartu zuen— Euskadiko Gobernuaren berri eman eta dirua biltzeko. Eusko Jaurlaritzako orduko armarria zeramaten bularrean, eta berdez jokatzen zuten, baina garai hartako argazkietan ez da ikurrinik ageri.

LEGEZTATU AURRETIK
1967ko udaberritik1976ko udazkenera

Ikurrinaren eta kirolaren arteko harremana 1960eko hamarkadaren amaieran hasi zen estutzen Hego Euskal Herrian. Frankismoaren azken garaietan ez zen arraroa Hego Euskal Herriko estadio eta kirol ekitaldietako harmailetan ikustea.

Adibide bat: Reala-Sabadell futbol partida Atotxan, 1967ko apirilaren 30ean. 0-2 katalanen alde. La Voz de España-ren orduko kronikak jasotzen du nola bi «bandera nazionalista» jausi ziren zelaira, kanpotik jaurtita. Zehazki, handik gertu zegoen San Antonio ospitaletik, kronikek datua jasotzen ez badute ere. Mikel Irazusta donostiarrak parte hartu zuen orduko hartan, eta 2020an kontatu zion BERRIAri: «Porlanezko hodi bat egiten zen, eta pintura pote bat sartzen zen metxarekin. Soka hori bat jartzen genion, pospolo burua amaieran, eta hiru-lau minutu irauten zuen». «Oso zientifikoa dena», zioen, barrez: «Gero, ikurrina paraxut gisako batekin erortzen zen». Jokalari batzuk ikurrinak hartzekotan egon ziren, baina atzera egin zuten, badaezpada.

Ekintzaren kronika zabalagoa eta irudiak Caracasen editatutako Gudari aldizkariak jaso zituen. Horren arabera, zaleek txaloka erreakzionatu zuten ikurrinak ikustean, eta jokalariek, irribarrez. Bost zale eraman zituzten atxilo, ikurrinei txalo egiteagatik.

1977ko urtarrilaren 19ra arte ikurrina publikoki erakustea debekatuta egon arren, harmailetako zale masen anonimotasuna baliatzen zuten. Ipar Euskal Herrian, aldiz, legezkoa zen hura erakustea.

Hegoaldeko kirolarientzat, baina, ez zegoen anonimotasunik, eta zailagoa zen pausoa ematea. Lehen ikurrina zeinek erakutsi zuen zehaztea ez da erraza, baina grafikoki dokumentatua dagoen lehen kasua Santurtziko (Bizkaia) arraun elkartearena da. 1976ko irailaren 19an, Soterako arraunlariek ikurrin txiki bat erakutsi zuten Bilboko itsasadarrean, Nerbioi sari nagusia irabazi ondoren. Klubak berak atera zuen argitara une hura erakusten duen bideoa, 2020an.

Hiru hilabete geroago iritsiko zen ikurrina eta kirola batzen dituen irudirik ikonikoena. Jose Angel Iribar Athleticeko kapitaina eta Inaxio Kortabarria Realekoa ikurrina eskuetan hartuta zelairatu ziren abenduaren 5ean jokaturiko derbian. Taldekideak atzetik zituztela zelairatu ziren, Atotxa Donostiako estadioa bete zuten zaleen txaloen artean. Keinu hark mugarri bat ezarri zuen.

Ez zen izan legeztatu aurretik kirol ekitaldi batean ikurrina agertu zen azken aldia. 1977ko urtarrilaren 8an, Baskoniak eta Askatuak saskibaloi derbia jokatu uzten Gasteizen, eta bi taldeak ikurrina hartuta kantxaratu ziren. Urte luzez zabaldutako uste oker batek zioen 1976ko urrian irten zirela ikurrinarekin, eta Josean Kerejeta Baskoniako egungo presidenteak data hori emana du publikoki. Juan Ibasque kazetari gasteiztarrak eta Txema Capetillo Baskoniako jokalari ohiak, ordea —partida hura jokatu zuten—, partida datatzeko ikerketa txukun bat egin dute Historias de Vitoria-Gasteiz blogean, eta1977ko urtarrilean izan zela esan dute.

LEGEZTATU OSTEAN
Ez da beti erraza izan

1977an legeztatua izan ondoren, ikurrina ohiko bihurtu zen estadioetan. Lehen urteetan asko zabaldu zen euskal ikurra kirol ekitaldietan publikoki erakusteko ohitura. Hala ere, egon ziren ika-mika sortu zuten kasuak. Horietako bat 1980ko maiatzaren 19an izan zen: Martin Zabaletak eta Pasang Temba xerpak aldeetako batean ETAren ikurra zeraman ikurrina eraman zuten Everesteko tontorrera. Gaur egun, Poloniako mendizaletasunaren museoan ikusgai dago, hango espedizio batek jaso baitzuen.

Herri Torrontegi moto gidariak ere atera zuen ikurrina arrakasta baten ondoren. 1989ko apirilaren 30ean izan zen, Jerezen (Espainia), Espainiako Sari Nagusiko 80 cc-ko lasterketa irabazi ondoren. Keinuak zeresana eman zuen Espanian, eta Torrontegi bera harrituta gelditu zen iskanbilarekin. Urteekin, onartu zuen ez ziola lagundu babesle berriak lortzen, baina berriz egingo zuela.

Txirrindularitzari dagokionez, errepideetan milaka ikurrin ikusi dira, baina Joane Somarriba izan zen itzuli handi bateko podiumera igo zuen bakarra. 2001eko Frantziako Tourra irabazi ondoren, euskal ikurrarekin igo zen. Hiru aldiz irabazi zuen Tourra, eta birritan Giroa. Podiumean ez, baina haren ondoren euskal txirrindulari asko izan dira beren taldeko autobus eta afixa ofizialetan beren izenaren alboan ikurrina jartzea lehenetsi dutenak.

XXI. MENDEA
Trabak ez dira desagertu


Ikurrinaren erabilera normalizatua egon arren, XXI. mendean ere oraindik ez dira desagertu ikurrinaren eta kirolaren arteko gatazkak. Orain, hura erakusteko debekuak dira albiste. Esaterako, 2012ko Olinpiar Jokoetan, Londresen, Maialen Chourraut piraguistaren senideek ikurrina astindu zuten harmailetan, eta antolakuntzako kide batekkendu egin zien —beste hainbeste gertatu zen Bretainiako batekin—. Salaketa bat tarteko izan zen, Olinpiar Batzordeko kide zen lurralde bateko ikurra ez zelakoan. Kasuak hautsak harrotu zituen, eta antolakuntzak hurrengo egunean argitu zuen legezkoa zela ikur horiek erakustea.

Bixintxo Bilbao pilotariari 2018ko Munduko Txapelketan gertatu zitzaiona gaizki-ulertua baino zerbait gehiago izan zen. Bilbao binakako trinket txapeldun izan zen, Peio Larralderekin. Frantziako selekzioarekin izan zen txapeldun, eta Paueko (Okzitania) podiumean ikurrina zabaldu zuen. Hasieran, Nazioarateko Pilota Federazioak urte bateko zigorra ezarri zion Ziburuko atzelariari (Lapurdi), baina Euskal Herriko hainbat kirol erakunderen presioa izan zela medio, bertan behera gelditu zen zigorra.

Ikurrinarekin zerikusia izan duten azken polemikak triatloiaren mundurik iritsi dira. Urrunago joan gabe, aurtengo maiatzean Eivissan (Herrialde Katalanak) jokaturiko beteranoen munduko txapelketan, antolakuntzako kide bat Josetxo Mujikari podiumera igo zuen ikurrina kentzen saiatu zen. Iazko irailean, berriz, Helene Alberdi Europako txapeldun izan zen Bilbon. Azken metroetan ikurrin bat eskaini zion zale batek, eta ez zuen hartu. Ondoren, Twitter bidez zergatia galdetu zioten, eta Alberdik honela erantzun zuen: «Pena, bai, baina hartu izan banu, ez nintzateke Europako txapelduna izango...». Azalpen gehiagorik ez zen eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.