Moldaketa «garrantzitsuak» egingo dituzte Donostiako ospitaleko eremuan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Euskadi Irratian azaldu duenez. Bi proiektu nagusi dituzte martxan: bata, Onkologikoaren ondoan azpiegitura berri bat egitea, protoi bidezko terapia edo teknika erradioterapiaren antzekoa garatzeko. Sagarduiren esanetan, «aurreratuenetakoa» da onkologian gaur egun dauden tekniken artean. Beste eraikina Donostia ospitaleari batuta egingo dute. Sailburuak esan duenez, kanpo kontsultak «hobeto» bermatzeko balio izango du eraikin horrek.
Protoi terapiak eskatzen dituen baliabideak «oso bereziak» direla ere azaldu du. Ondorioz, eraikin horrek lau solairu izango ditu: horietako bi lurpean egongo dira. Bata «bunker berezi bat» izango dela esan du: «Protoi terapiak segurtasun neurri handiak behar ditu, erabiltzen diren materialek erradiazioa eragin baitezakete». Hurrengo pisuan aparkaleku bat egongo da, Onkologikoan gaur egun dagoenarekin eta kanpo kontsultetako eraikin berrian egingo denarekin bateratua. Hartan, pazienteen eta anbulantzien joan-etorria bideratu ahal izango da. Aparkalekuaren gainean, beste bi solairu egongo dira: arretarako gunea, kontsultak eta administrazioa egongo dira batean; bestean, profesionalek lan egiteko esparru bat izango dute, eguneroko jardunerako. Ikerkuntzarako esparrua ere hor egongo da. Proiektuaren garrantzia azpimarratu du Sagarduik: «Badakigu protoi terapiako zerbitzuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoko eta inguruko erkidegoetako zerbitzua bermatuko duela». Minbizia tratatzeko eraikina 24 milioi euro kostatuko da. Aurreikusten dutenez, datorren urteko lehenengo seihilekoan hasiko dira lanekin, eta bi urte barru bukatua egotea espero dute, 2026. urterako.
Aparkalekua non egongo den, horixe da proiektuaren harira sortu diren kezketako bat. Sagarduik azaldu duenez, aurreikusia dute zer egin aparkalekuarekin: «Hor gertu dauden lursail batzuekin gabiltza lanean, eta espero dugu obrak hasi orduko aparkalekua eginda egotea».
Udako erabakiak
Uda honetan, Osakidetzak etengabeko arretako guneetan lan egiten duten erizainentzat aurkeztu duen gidaliburuak zeresana eman du. Osasun sailburuak, ordea, azaldu du gidaliburuak frogatzen duela erizainei ez zaiela beren lanaz bestelako ezer egiteko eskatzen.
Bestalde, osasun etxeen udako ordutegi murrizketari dagokionez, Sagarduik azaldu du udan eskariak «behera» egiten duela, eta baliabideak egokitu dituztela, baina asistentzia «bermatuta» dagoela.
Aurtengo udan beste kontu batek ere izan du oihartzuna: lan eskaintza publikora aurkeztu diren hautagaiek ilarak sortu dituztela erietxeetako atarietan. Horri dagokionez, Sagarduik adierazi du kontuan izan behar dela Osakidetzaren egoera: «11.000 lanpostutik gora egonkortzeko prozesuetan sartuta gaude».
Osasuna
Minbizia tratatzeko eta kontsultetarako bi eraikin egingo dituzte Donostian
Eraikinetako batek lau solairu izango ditu, eta 24 milioi eurotik gorako gastua ekarriko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu