EAJren Euzkadi Buru Batzarrak adierazpen bat onartu du igandeko Aberri Egunari begira. Mireia Zaratek eta Xabier Barandiaran burukideek atzo aurkeztu zuten agiria, Sabin Etxean, Bilbon. «Garai politiko berriak» erabakitzeko eskubidean oinarritutako «autogobernu esparru berria» behar duela adierazi dute jeltzaleek beren adierazpenean. «Nazio guztiok behar dugu gure egituraketa instituzional propioa etorkizuna eraikitzeko, kultura eta ekonomia sustatzeko eta gizartea indartzeko».
«Garai politiko berri batean sartu gara: autogobernu marko berri bat exijitzen digun aro berri batean (...); erabakitzeko eskubidea aldebikotasunean instituzionalizatuko duen esparru batean », dio EAJren adierazpenak. EAJrentzat, autogobernu marko berria alderdi politikoen arteko akordioek soilik ahalbidetu dezakete. Hain justu ere, jeltzaleek «akordio zabalak» aldarrikatu dituzte «autogobernu esparru berri bat» eraikitzeko, betiere euskal gizartearen babesarekin egiten bada eta eraikuntza nazionaleko «estrategia demokratikoa» baldin bada.
Gure izaera. Gure aberria lelopean ospatuko dute jeltzaleek Aberri Eguna igandean, Bilboko Plaza Berrian, 11:30ean. Ospakizunaren hainbat zertzelada eman zituzten atzo: 180 metro koadroko agertokia izango dute ekitaldian, 4.000 lagun inguru batzea espero dute, eta Iñigo Urkullu lehendakariak eta Andoni Ortuzar EBBko presidenteak hartuko dute hitza.
EH Bildu, Iruñean
EH Bilduk Iruñean egingo du Aberri Eguna, Maite dugun herria goiburu hartuta. «Mundu globalizatuan» herri txikiek aurrera egiteko duten eskubidea aldarrikatuko dutela adierazi zuen atzo Mertxe Aizpuruak, EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaileak. Radio Euskadi irratiari eskainitako elkarrizketan, burujabetza bultzatzeko eta herri modura aurrera egiteko konpromisoa eskatu zituen, bai eta mundu globalizatu batean «pertsonak eta herriak zaintzearen» alde lan egitea ere. «Herri hau zaindu behar dugu batez ere mundu globalizatu honetan, non herri txikiek zailtasunak dituzten herri bezala irauteko». Aizpuruak «konpromiso kolektiboa» eskatu zuen burujabetzan aurrera egiteko.
Aberri Egun bateratu baten inguruan galdetuta, EH Bilduko diputatuak esan zuen bideragarria dela baldin eta «gutxieneko konpromiso batzuk» adosten badira. Gogora ekarri zuen Euskal Herria Baterak biharko egindako deialdia bide horretatik doala.
Hain justu, Aberri Egun bateratua ospatzera deitu du Euskal Herria Batera-k biharko, Aberri Egunaren bezperan, Bagara, badugu lelopean. Horretarako, ekitaldi bat egingo du Donostiako Miramar jauregian; sindikatu, alderdi eta eragile ugari batu nahi ditu bertan.
Jardun koordinakundeak, berriz, bere aldetik antolatuko du Aberri Eguna igandean, Gernikan (Bizkaia), «Euskal Herri langilearen identitatea» aldarrikatzeko.
EAJk «akordio zabalak» nahi ditu autogobernu esparru berri baterako
Aberri Egunari begira, EH Bilduk burujabetzarako «konpromiso kolektiboa» galdegin du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu