Bilgune Feministak emakumeak elkarren artean babestera deitu ditu

Nabarmendu du gizonek erasotzeari utzi behar diotela, eta konponketan inplikatu behar dutela

Indarkeria matxistaren kontrako protesta bat, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
«Kezkatuta eta haserre». Horrela agertu da Euskal Herriko Bilgune Feminista azken egunotako gertakarien inguruan; izan ere, COVID-19aren pandemiaren ondoren, kaleko indarkeria «are oldarkorrago» itzuli da. Egoerari aurre egiteko, baina, elkar babestera eta autodefentsa feministara deitu du: «Aske izateko dugun armarik zorrotzena emakumeon artean elkar babesteko sareak dira».

Gero eta ziztada gehiago salatu dira jai giroan, eta, horrekin batera, indarkeria matxistari lotutako beldurra elikatzen duten alarma mezuak zabaldu dira gizartean. Hedatu den alarma sozialak, gainera, beldurra hauspotzen duten diskurtsoak zabaltzen dituela ohartarazi du Bilgune Feministak, eta horiek emakumeen askatasuna «mugatzen» dutela.

Haren esanetan, ziztadak beldurra «zuzenean» andreen gorputzetan sartzeko tresna bilakatu dira: «Substantzia kimikorik eduki ez arren, kide bat ziztatzea beldurraren birprodukziorako, hori indarkeria da». Gaiari ikuspegi feministatik heltzeko eskatu du, hori egin ezean eztabaida «despolitizatzeko», emakumeen hitza zalantzan jartzeko eta indarkeria matxista «betikotzeko» aukera baitago.

Egoera aldatzeko, gizonek erasotzeari utzi eta konponketan inplikatu behar dutela ohartarazi du Bilgune Feministak, eta horretarako jarrera «ez-protagonistei» eutsi behar dietela.

Itaiak ere adierazi du erasoon aurkako jarrera «irmoa», eta protestak antolatu ditu abuzturako. Atzo egin zuten lehenengoa, Gasteizen; 13an Donostian egingo dute, eta 19an, Bilbon.

Instituzioen erantzuna

Gasteiz, Donostia eta Bilboko festak ate joka dauden honetan, Eusko Jaurlaritzak jarduera protokolo koordinatu bat ondu du, ziztada kasuei erantzun «uniforme eta berehalakoa» emateko. Kasu bakoitzaren inguruan, Justizia, Segurtasun eta Osasun sailak elkarlanean arituko dira, «arinago eta azkarrago» erantzuteko.

Festa eremuetan, gainera, polizia gehiago jartzeko asmoa dutela iragarri dute, kaleko jantzita zein uniforme jantzita, «emakume bati eraso egin diezaiokeen edozein pertsona susmagarri» detektatzeko helburuz.

Euskal Herriko Bilgune Feministak jakinarazi duenaren arabera, ordea, Poliziaren presentzia handitzea ezin da izan egoerari aurre egiteko erantzuna. Izan ere, mekanismo polizial horiek, emakumeen askatasuna mugatzeaz gain, gehiago biktimizatzen dituela ere adierazi du: «Poliziak gorpuzten duen maskulinitate ereduak eta iraunarazten duen menderatze sistema berberak jotzen gaituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.