Mina biziagoa izan ez dadin

Onkologikoak bizirik jarraitu behar duela aldarrikatzeko manifestazioa egin dute Donostian

Onkologikoaren aldeko manifestazioa, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
«Onkologikoak bizirik jarrai dezala, guk bizirik jarraitu ahal izan dezagun». Olatz Mercaderrek hitz gutxitan laburbildu zuen atzo Donostian Onkologikoaren alde egin zuten manifestazioaren arrazoi nagusia. Onkologikoko pazienteen eta erabiltzaileen elkarteko presidentea da Mercader, eta «erabat bikaina» izan den Onkologikoaren eredua galbidean ikusten duela esan zuen protesta hasi aurretik egindako adierazpenetan: «Onkologikoko eredu bikain hori ez galtzea eta berreskuratzea nahi dugu». Aldarri berarekin, ehunka pertsona bildu ziren Onkologikoa bizirik. Monografikoa leloa zeraman pankartaren atzean.

Mercaderri berari Onkologikoan artatu diote minbizia; beraz, gertutik bizi du egoera. Onkologikoko arta aldatuta dagoela ikusi du, eta zentroaren izaera monografikoa defendatu: «Erabat bikaina izan den arta eredu bat ezagutu dugu Onkologikoan, gertukoa, azkarra, goxoa, ondo programatutakoa; orain, osasun zentroetan sakabanatuta gaude». Zentro batetik bestera gaixoek «ginkanak» egin behar dituztela gaitzetsi du: «Benetan ez dakit norbait gure lekuan jarri den eta gai diren baloratzeko horrek zein kalte dakarkion gure osasunari».

Baina pazienteak ez daude bakarrik: langileek ere bat egiten dute eskaerekin. Jon Galfarsoro da enpresa batzordeko idazkaria, eta hark xehatu ditu manifestazioaren helburu nagusiak: Onkologikoaren erabilera areagotzea, onkologian erreferentziazko zentroa izatea eta Osakidetzan erabat integratzea.

Egun ospitalea «gain behera» dagoela nabaritzen du Galfarsorok. Lehen, Kutxa fundazioarena zen Onkologikoa, baina, Galfarsorok azaldu duenez, lau urte igaro dira Osakidetzan integratu zenetik. Ez guztiz, ordea: «[Eskatzen dugu] erabateko integrazioa izan dadila, estrukturala eta organikoa. Orain arte, integrazio funtzionala bakarrik egin da». Esaterako, langileak Kutxa fundazioarenak dira oraindik.

Ez da hori arazo bakarra. Onkologikoa gutxiegi erabiltzen dutelakoan dago: «Ospitaleratzeen solairuaren erabilera txikiegia da, %10-15ean baitago beteta, eta ez daukagu ia aktibitate kirurgikorik. Hiru-lau ebakuntza gela dauzkagu, eta ia ezer ez da egiten». Eta tratatzen dituzten paziente horiek «beren osotasunean» tratatu behar lituzketela uste du: «Izan dadila ospitale bat tratatuko dituena pazienteak beren osotasunean, patologiaren hasieratik amaieraraino: diagnostikoa, kontsulta, tratamendu terapeutikoa, kirurgia eta alta». Haren hitzetan, lehen hala egiten zuten; orain ez, ordea.

Behin manifestazioa hasita, oihu bat izan da nagusi: «Onkologikoa bizirik». Bulebarretik Zuloaga plazara egin duten ordubete pasatxoko ibilbidean, baina, Kutxa fundazioari ere mintzatu zaizkio oihuka: «Kutxa, entzun: Onkologikoa borrokan». Baita Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari ere: « [Gotzone] Sagardui, gezurrik ez».

Bere begiz ikusi du azken urteetako aldaketa manifestazioan pankartari eusten joan den Axun Totorikaguenak. Orain zortzi urte atzeman zioten gaitza, eta azkar tratatu zuten: «Hilabetean ebakuntza eginda nengoen, erradioterapia hartuta...». Tratamendua «ti-ta» jaso izana eskertu du, baita eskaini zioten babesa ere. Oraindik ere joaten da kontsultara, eta aldatuta ikusten du: «Ikusten da ez dabilela jenderik lehengo moduan, eta, alde horretatik, pena izugarria da».

Mattina Etxeberriak, berriz, egungo eredua baino ez du ezagutu bertatik bertara. Urtarrilean ebakuntza bat egin behar izan zioten, bularreko minbizia zeukalako, eta hiru astez jaso zuen erradioterapia tratamendua. Bere kasua «ondo» joan dela esan du, baina ospitaletik Onkologikora eta Onkologikotik ospitalera ibili behar izan du: «Ebakuntza ospitalean egin zidaten, eta beste gauza batzuk Onkologikoan egin dizkidate». Argi dauka manifestazioan egon beharra daukala: «Lehendik ere entzuna nuen murrizketak egiten ari zirela Onkologikoan, eta, nola gertuagotik sentitu nuen, pentsatu dut babestu behar dela».

Erakundeei zehaztasun eske

Pazienteen hitzak berretsi ditu manifestazio amaieran gaixoen eta langileen ordezkariek irakurri duten oharrak. Onkologikoa 2019an Osakidetzarekin lotu zutenetik «gutxiegi» erabiltzen dela nabarmendu dute: «Baliabideak gutxiegi erabiltzea lotsagarria da itxaron zerrenda onartezinak pilatzen dituen osasun egoera batean». Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Kutxa fundazioari galdegin diote, lau urteko prozesua igaro den honetan, zehaztu dezatela Onkologikoaren «asistentzia eredua» eta langileen jarraitutasuna, «estilo monografikoa errespetatuz eta langileak organikoki Osakidetzaren egituren barruan integratuz». Langileen eta pazienteen ordezkariek ez ezik, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k ere bat egin dute manifestazioarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.