Aurten, 1.487 migratzaile artatu ditu Harrera Sareak

Taldeak salatu du Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan poliziek jarraitzen dutela «kontrol arrazistak» eta «legez kanpoko kanporatzeak» egiten

Irungo udaletxeko arkupeetan atzo eginiko agerraldia. GORKA RUBIO / FOKU.
Erredakzioa
Donostia
2019ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Urtarrilaz geroztik, Irungo Harrera Sareak 1.487 migratzaile artatu ditu, eta 3.350 zerbitzu eman. Lagundutakoen artean, 95 dira adingabeak eta 129 emakumeak. Sarea orain dela urtebete sortu zuen herritar talde batek, muga zeharkatzeko helburuarekin Irunera (Gipuzkoa) iristen diren migratzaileei laguntza emateko.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, nabarmen murriztu da aurtengo udan Euskal Herritik igarotzen diren migratzaileen kopurua. Harrera Sareak, baina, salatu du gobernuen jarreran eta haien politiketan ez dela aldaketarik egon. Azpimarratu du Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan poliziek jarraitzen dutela «kontrol arrazistak» eta «legez kanpoko kanporatzeak» egiten, eta migratzaileak egoera «arriskutsuan» uzten dituztela. Era berean, haiek lagundu nahi dituzten talde eta erakundeen «kriminalizazioa» salatu du.

Harrera Sareak gogoratu du uztailean Frantziako Estatuak eginiko Nigeriako bi emakumeren kanporatzea. Poliziak Bordelen (Okzitania) atxilotu zituen, eta Hendaiako atxikitze zentroan (Lapurdi) eduki ostean, «legeak ezarritako tramite bakar bat ere bete gabe» kanporatu zituen eta Irunen utzi. Bi emakumeak sexu esplotazioaren biktima gisa aitortuak zituen Frantziako Estatuak. Horrelako kasuetan migratzaileek izaten duten «babesgabetasuna» azpimarratu dute Harrera Sareko kideek.

Irungo udaletxearen aurrean dute laguntzarako gune nagusia, eta, jakinarazi dutenez, «kalean» jarraituko dute, udalak ez baitie euren lana egiteko espazio egokiago bat eman nahi. Udaletxearen arkupeetan egin zuten agerraldia atzo.

Salaketez gain, Irungo Harrera Sareko kideek iragarri dute abuztuaren amaieran munduko herrialderik boteretsuenek Miarritzen (Lapurdi) egingo duten G7koen biltzarraren aurkako protestetan parte hartuko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.