Independentzia ikusmiran

«Jauzi bat» emanda, euskararen normalizazioa lortzeko Euskal Herriaren independentzia galdeginen du Euskal Herrian Euskaraz-ek hemendik aitzina. Taldearen oinarri berriak azaldu dituzte Usurbilen

Euskal Herrian Euskaraz-eko kide zahar eta berriak, atzo, Usurbilen, Ikusmira adierazpena eskuetan dutela. ARITZ LOIOLA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Usurbil
2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Berrogei urte baino gehiago dira EHE Euskal Herrian Euskaraz taldea sortu zela; izenak dioen gisan, Euskal Herria euskalduntzeko xedez. Eta, gibelera begira hausnarketa eginda, mugimenduaren oinarriak berritzea erabaki du orain taldeak: «Jauzi bat» ematea. Independentziaren aldeko aldarriak zedarrituko du salto hori: izan ere, orain arte ez bezala, euskalgintzako eragileak erabaki du Euskal Herriaren independentzia «argi eta garbi» galdeginen duela hemendik aitzina.

«Diglosia egoeraren oinarrian dagoen hizkuntza asimilazioari» aurre egiteko egin du urrats hori Euskal Herrian Euskaraz-ek, uste baitu horretarako beharrezkoa dela Euskal Herria bere buruaren jabe izatea. Baina independentzia ez du helburu gisa aldarrikatuko, euskararen normalizaziorako «bitarteko» modura baizik. Horrela adierazi zuten atzo Usurbilen (Gipuzkoa) Euskal Herrian Euskaraz-eko kide zahar eta berriek aurkezturiko Ikusmira adierazpenean: «EHEk Euskal Herriaren independentzia eskatzen du, euskararen lehentasunezko estatusa eraikitzeko, eta normalizazio osoa erdiesteko beharrezko duen hizkuntza politika burujabea bultzatu ahal izateko». Independentzia aldarrikatzea ez ezik, beharrezkotzat jo dute Euskal Herriko biztanleen «deskolonizazioa», «euskaldun eta burujabe» izanda, «mendeko hizkuntza praktika gainditu eta euskaraz bizitzearen aldeko hautua» egiteko. Ikusmira-n jaso dituzte bi ideia horiek eta gehiago biltzen dituzten oinarri berriak, eta atzo aurkeztu zuten testua jendaurrean.

Kontxi Erro EHEren sortzaileetako batek eta Ane Aizpurua gaur egungo EHEko kideak azaldu zuten dokumentua Usurbilen, eta ondoren argazkia atera zuten EHEko kide zahar eta berriek, Jose Luis Zumetaren muralaren aitzinean, Mikel Laboa plazan. 1979an euskararen aldeko taldea sortu zutenean zituzten «kezka eta ametsak» oroitu zituen Errok: euskararen egoera «larria» zuten arrangura iturri, eta Euskal Herri euskalduna «berreskuratzea» iparrorratz. Aizpuruak aitortza egin zien taldearen hastapenetan euskararen aldeko borroka abiatu zutenei: «Ziur gaude euskararen egoera askoz ere larriagoa litzatekeela EHE existitu ez balitz, EHEtik igaro diren ehunka euskaltzaleren ekarpen zintzo eta eskuzabalik gabe».

Aizpuruak nabarmendu zuen, ordea, oraindik «bidea» dagoela «Frantziako eta Espainiako estatuen inposizio linguizidari aurre egiteko». Hain justu horregatik erabaki dute taldea «garai berrietara eguneratzeko ariketa» egitea, «lehenengo urrats gisa» EHEren sorrerako agiria «gaurko egunera» ekarrita. Taldeko kideek aurreratu dutenez, datozen aste eta hilabeteotan hainbat dinamika garatuko dituzte dokumentua oinarri hartuta.

Euskalduntzea helburu

Independentziaren aldarria gehitzea izan da berritasun nagusia, eta, hortik harago, bat egin dute EHEren orain arteko oinarriekin: euskaldun eleaniztunez osaturiko Euskal Herri euskalduna lortzea eta euskararen erabilera lehentasunezkoa izatea izanen ditu helburu nagusi taldeak, orain arte gisan. EHEren ustez, hain zuzen, «ezinbestekoa» da euskarak lehentasuna izatea, eta, horretarako, «bai ahozko erabileran, bai eremu funtzional eta geografiko guztietan hegemoniko» bilakatu behar du.

Adierazi dute, halaber, ikuspegi intersekzionala duela EHEk, euskarak jasaten duen zapalketa «estatu linguiziden, Europaren eta patriarkatu kapitalistaren ondorio» baita: «Horregatik, EHE solidarioa da nolabaiteko zapalketa jasaten duen norbanako eta kolektibo ororekin». Instituzioei dei egin diete hizkuntza politika «eraginkorra» egitera, haien «ardura» baita. Eta, azkenik, jakinarazi dute EHEren jardueraren «bereizgarri nagusiak» desobedientzia eta aktibismoa izanen direla aurrerantzean ere, jakinik «euskaldunok egin dezakegun ekintzarik desobedienteena ahaldundu eta ukazio eta bazterkeria guztien gainetik euskaraz bizitzea» dela.

Aurkezturiko puntuekin bat egiten duten euskaltzaleei EHErekin bat egiteko deia egin diete: «Euskal Herria berreuskalduntzeko prozesuak beharrezko duen jauzia egiteko, EHE indartsu bat behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.