Transfusio Zentroko lanuzteak ia erabateko erantzuna izan du

Sindikatuen berbetan, babes «masiboa» izan du asteon egindako lau eguneko grebak

Atzo goizean egin zuten manifestazioa, Bilbon, sindikatu guztiek deituta. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2022ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Manifestazioa egin zuten Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko langileek atzo goizean, Bilbon. Azken greba eguna ere izan zuten, eta ekonomikoa da eskaera: euren soldatak ospitaleko langileen parekoak izan daitezela nahi dute. Guztira 120 bat langile dira Gasteizko eta Galdakao-Usansoloko zentroetan. Sektoreko sindikatu guztiek deitu zuten mobilizaziora: SATSEk, ELAk, LABek, UGTk, CCOOk, ESK-k eta UTESEk.

Lau eguneko lanuztea egin dute asteon, asteartean hasi eta atzo arte, eta erantzuna «masiboa» izan dela adierazi du Aizpea Garcia ELA sindikatuko ordezkariak: «Medikuak eta administrari laguntzaileak kenduta, greba egin dezaketen pertsona guztiek egin dute greba». Garciak azaldu duenez, erizainak, gidariak eta laborategiko teknikariak dira deialdira atxiki direnak, nahiz eta zerbitzu minimoak ia %100ekoak izan. Ordezkariaren arabera, mobilizatzeko joera txikiagoa dute medikuek eta administrari laguntzaileek, eta zuzendaritzatik «hurbilago» daude.

Bilboko Plaza Biribiletik egin zuten manifestazioa, eta maraka, lapiko eta txilibituekin lagundu zituzten beren oihuak, ibilbidean zehar. Besteak beste, lelo hauek errepikatu zituzten maizen protestan zebiltzanek: «Odol barik ez dago ebakuntzarik», «%4ko parekatzea» eta «gobernu honek diskriminazioa onartzen du».

Sindikatuek salatu dute Osakidetzak «ez duela negoziatzeko borondaterik», eta langileak «gutxiestea» ere egotzi diote, ez dituelako lan espezializatu kontsideratzen. Oinarrizko soldataz gain, ospitaleetako langileek %4ko osagarria jasotzen dute, eta hori eskatzen ari dira Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko langileak, eurek ere arreta espezializatua egiten dutela aldarrikatuz.

Osakidetzak atzera egin duela diote sindikatuek. 2021ean soldata igotzeko proposamena egin zuen administrazioak mahai sektorialean: 2021ean %2 igoko zituen soldatak, eta beste %2 hurrengo urtean. Hainbat alegazio aurkeztu zizkioten sindikatuek plan hari, eta, Garciaren berbetan, handik hilabete gutxira atzera egin zuen Osakidetzak. «Kendu egin zuen proposamena mahai gainetik, esanez 'orain ezin da'».

Mobilizazio gehiago

Ordutik aritu dira ospitaleko lankideen soldata bera eskatzen. Iazko abenduan egun biko greba egin zuten langileek, eta orain lau egunekoa egin dute Osakidetzari negoziatzera jesar dadila eskatzeko. Iragarri dutenez, mobilizatzen jarraituko dute, negoziazioak hasi artean. «Langileak oso bero daude», azaldu du ELAko ordezkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.