Mobilizazio ziklo bat iragarri du etxebizitzaren aldeko egitasmoak

Zenbait eragilek loaldia egin dute Gasteizko Plaza Berrian. Hiriko udal gobernua egin dute gaur egungo egoera «onartezinaren» erantzule

Iosu Alberdi.
2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Etxebizitzaren Aldeko eta Bazterkeria Sozialaren Kontrako Gasteizko Ekimenak deituta, zenbait herritarrek hiriko Plaza Berrian igaro zuten ostiral gaua, gizarte larrialdietako zerbitzuen «eskasia» eta etxerik gabeko pertsonen egoera salatzeko. Antolatzaileen esanetan, gaur egungo egoera Gasteizko Udalak «hitzetatik ekintzetara pasatzeko duen borondate politikorik ezaren» ondorio da, eta horri aurre egiteko mobilizazio ziklo «bizi» bat iragarri dute: «Ez gara isilduko injustizien aurrean».

Ostiral arratsaldean ekin zioten, eta ehun lagun inguru batu ziren gaueko batzarrean; tartean, hiriko zenbait gizarte eragiletako kideak. Antolatzaileen arabera, bileran behin eta berriz esan zuten udal gobernuak ez diela erantzun beren eskaerei. Egoera «onartezina» dela salatu zuten, eta egoera horren adierazgarri diren zenbait adibide eman. Besteak beste, udalari leporatu zioten «txiroak hiritik irtetera bultzatzeko» autobus txartelak ordaindu izana eta larrialdi zerbitzuetara eskatzera joaten direnei aterpea eta janaria ukatu izana.

«Tratu txarrak»

«Ezin ditugu ahaztu azken urteetan gertatutako hainbat egoera, etxerik gabeko pertsonak lo egiten zuten tokietatik botatzeko helburua zutenak», azaldu zuten atzo goizean egindako prentsaurrekoan. Besteak beste, udalari gaitzetsi zioten Arriaga ermitan eta hiriko musika kontserbatorioan hesiak jarri dituztela, etxegabeei bertan egotea eragozteko: «Praktika horiek, zalantzarik gabe, tratu txar instituzionalak dira».

Azken finean, eragileek uste dute gaur egungo politikek «bai prekaritatea eta bai baliabide falta» betikotzen dituztela: «Gizarte kapitalista honetan, etxebizitza negozio bihurtu da, non espekulatzaileak biztanleriaren gehiengoaren kontura aberasten diren». Kritikatu zuten oraingo gizarte ereduan «bizitzak hipotekatzea» dela etxebizitza bat lortzeko bide bakarra, eta aldaketak eskatu zituzten hala izan ez dadin. Bide horretan, iragarri zuten atzokoa «mobilizazio dinamika baten hasiera» izan zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.