Vandana Shiva. Ekintzaile ekofeminista

«Gaixotasun kroniko gehienak nekazaritza industrialaren eraginez garatzen dira»

Ekofeminismoaren ikurretako bat da Vandana Shiva, eta hiru hamarkada baino gehiago daramatza kapitalismoak lurrean eta giza osasunean eragiten dituen kalteen aurka borrokan.

Donostia
2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Hogeita hamar urtetik gora darama Vandana Shivak (Dehradun, India, 1952) naturaren eta emakumeen eskubideen aldeko borrokan. Fisikan doktore da, eta ekofeminismoko figura garrantzitsuenetako bat da egun; hark sortutakoak dira, besteak beste, Chipko emakume ekologistak, Emakume Pluralak Aniztasunaren Alde mugimendua, Navdanya nekazaritza ekologikoaren programa, Hazien Unibertsitatea eta Zientzia edota Teknologia eta Ekologia Ikerketarako Fundazioa.

Aste honetan Euskal Herrian izan da Shiva. Hitzaldi bat eman zuen asteazkenean Donostiako San Telmo museoan, Cristina Enea fundazioak, Donostiako Udalak eta San Telmo museoak antolatuta. Klima aldaketari buruz mintzatu zen, bereziki. Klimaren krisiaren ondorio ekologiko, politiko eta sozioekonomikoak izan zituen hizpide.

Klima aldaketa planetak duen gaixotasun epidemiko bat dela esan duzu. Zer esan nahi du horrek?

Lurra izaki bizi autorregulatzaile bat da, horregatik deitzen zaio Gaia; gai da bere tenperatura erregulatzeko, eta gai da bere klimaren sistema orekatzeko. Oreka hori apurtzen dugunean, berotegi efektuko gasen oreka hori aldatzen dugunean, Lurraren sistema metabolikoan eragiten dugu, bere erregulatze gaitasuna oztopatzen dugu. [Ekologismoan, gaia teoriak esaten du Lurra izaki bizidun bat dela, funtzio autorregulatzaileak dituena].

Horregatik esaten dut gaixotasun metaboliko bat dela. Diabetesarekin gertatzen denaren antzekoa gertatzen da: jan dezakegu azukrea, ona da, baina gure gorputzaren sistema metabolikoa eteten dugunean, gaixotasuna eragiten dugu.

Esan izan duzu gaixotasun kronikoen %75 janari industrialak sortzen dituela. Zergatik dira alor horretako enpresak gosearen eta gaixotasunen errudun?

Hiru mailatan da enpresa talde bat gaixotasunak eta gosea hedatzearen errudun. Hasteko, Monsanto eta horrelako enpresak daude, haiek eraldatutako haziak patentatzen ari baitira. Patentatu ondoren, hazi horiek produzi daitezen bultzatzen dute, dirua jasotzen baitute produkzio horretatik; horregatik hedatu dira hainbeste artoa eta soja.

Bigarrenik, Monsantoren gisako enpresak goseteak eragiten ari dira; izan ere, landatzen dituzten haziak ez dira elikagarriak, eta, gainera, hazi horien %90 bioerregaietara edo animaliak elikatzera bideratzen dituzte. Beraz, merkataritza eta nekazaritza eredua dira goseteak eragiten dituztenak.

Azkenik, esan dezakegu gaixotasun kronikoak enpresa horiek sortzen dituztela, jakin badakigulako nekazaritzan gai kimikoak erabiltzeak hazietan dagoen elikagai kopurua murrizten duela. Ikerketa ugarik frogatu dute hazi organikoek elikagai askoz ere gehiago dutela eta janarian sartzen ari diren gai kimikoak toxikoak direla.

Gizakion heste floran milioika bakterio daude, bakterio onak. Lan egiten dute gure osasuna mantentzeko, horiek gobernatzen dute gure gorputza benetan. Giza gorputza erregulatu egiten dute; beraz, pozoiez hiltzen dituztenean, haiek betetzen dituzten hainbat funtzio bete gabe gelditzen dira. Hortaz, entzimak edo neurotransmisoreak sortzen dituzten bakterioak, garunak funtziona dezan egiten duten bakterioak, hil egiten baditugu, horrek eragina du gure garuneko funtzioetan.

Horregatik dago gero eta gaixotasun neurologiko gehiago: alzheimerra, parkinsona, autismoa eta abar. Horregatik dago gero eta hesteetako gaixotasun gehiago, gure hesteak zeharo handituta daudelako! Ikerketa ugari dago erakusten duena hesteetako hantura hori eragiten ari dela zelula batzuk gehiegi ugaltzea; zelula horiek, etorkizunean, minbizi bihurtzen dira. Beraz, janariari buruz eta gure gorputzari buruz zenbat eta gehiago jakin, orduan eta hobeto ulertzen dugu gaixotasun kroniko gehienak nekazaritza industrialaren eraginez garatzen direla.

Inoiz baino janari gehiago produzitzen da gaur egun, baina oraindik ere asko eta asko dira gosez hiltzen direnak. Zergatik?

Ez da egia inoiz baino janari gehiago produzitzen dela orain; produktuak dira gero eta gehiago produzitzen. Janari gutxiago dago, eta produktu gehiago. Produktu horiek ez dute elikagairik, hutsik daude zentzu horretan, baina toxikoz beterik.

Produktu horiek ez dira jateko egokiak. Batetik, ez dutelako behar bezala elikatzen, eta, bestetik, gure gorputzak behar ez dituen toxikoak ematen dizkiotelako. Hortaz, ez dago inoiz baino janari gehiago, produktu horiek ez baitute merezi janari deitzea. Jaten ditugun gauzak dira.

Egungo nekazaritza ereduaren kontra egiten duzu, eta beste baten alde. Nolakoa izan beharko luke beste nekazaritza eredu horrek?

Gaur egungo nekazaritza eredu industrialak 50 urte besterik ez du, ez da betidanik existitu. Gerren ondorioz sortu zen, bereziki II. Mundu Gerraren ondorioz. Gerrarako garatutako gai kimikoak erabiltzen dira nekazaritzan gaur egun, Hitlerren kontzentrazio esparruetan erabiltzeko sortu ziren horiek jendea akabatzeko; Zyklon B eta horrelako gasak dira gerran jendea hiltzeko erabili zituztenak. Horiexek dira egun nekazaritzan erabiltzen diren gai kimikoen aurrekoak. Gerra bukatu zenean, horiek garatzen zituzten enpresak itxi ordez, nekazaritzara bideratu zituzten, eta horiek gabe elikagaiak lortu ezin direla dioen istorioa asmatu zuten.

50 urte dituen gezur bat da. Beraz, nola egin dezakegu janaria beste eredu batekin lortzeko? Bada, beti egin izan dugun bezala! Batetik, gai kimikorik erabili gabe; bestetik, orain daukagun ezagutza baliatuz. Lehen baino askoz ere gehiago dakigu Lurraz, bertan bizi diren organismoez, giza gorputzaz... Askoz ere gehiago dakigu, eta jakintza hori balia dezakegu gure heste flora errespetatzeko.

Borroka honetan asko ikasi dut 30 urteotan, neuk sortutako Navdanya mugimenduari esker. Ikasitako horretatik, hiru printzipio nabarmenduko nituzke: lehena aniztasuna da; gure hesteek aniztasun beharra dute. Gizakiokedozein produktu jan dezakegu, eta produktu horiek etiketa politak izan ditzakete, kolorekoak izan daitezke, baina barrutik ustelak dira. Gizakiok engainatzea erraza da; gure hesteetan bizi diren mikrobioak, ordea, ez. Sufritzen ari dira, eta horregatik ari dira hedatzen gaixotasunak.

Jasangarritasuna bermatzeko behar dugun bigarren gauza agroekologia da, birziklatzea. Askok uste dute birziklatzea plastiko kontu bat besterik ez dela, baina ez da hala: karbonoa birziklatu beharra dago, nitrogenoa birziklatu beharra dago. Horiek ez baditugu birziklatzen, emisioak gertatzen dira; horixe da klima aldaketa.

Hirugarren printzipioa justizia da. Nekazariek produzitzen duten horren ordaina jaso behar dute, modu justu batean. Egin ditudan analisi ekonomikoetatik ondorioztatu dut gaur egun produzitzen dutenaren %1 jasotzen dutela nekazariek ordainetan, eta sistema industrial globalizatuak, %99. Horregatik doa behera nekazaritza. Ez bideraezina delako, injustiziak bideraezin egiten duelako baizik.

2017an, Donald Trumpek jakinarazi zuen Ameriketako Estatu Batuek ez zituztela errespetatuko 2015eko Parisko Akordioan adostutako neurriak. Zer eragin izan dezake halako potentzia bateko presidenteak klima aldaketa ukatzeak?

Uste dut jendea ohartarazi egin duela. Esan zuenean ez zela akordioa beteko, hau ari zen esaten: «Nik planeta abandonatu behar dut; orain, zuek ikusi». Horrek argitara eman du demokrazia sakonago bat behar dugula eta herritarrok konponbideetan parte hartu behar dugula.

Horrez gain, Trumpek eragin du AEBetako eskualdeek eta estatuek jarrera aldaketa bat izatea. Kalifornia, New York... bat-batean buru-belarri ari dira klima aldaketaren kontrako borrokan. Orain arte Washington zen neurriak hartzen zituena, eta orain estatuak dira. «Guk ez dugu atzera egingo», esan dute. «AEBak gara, eta estatuek helburuak beteko ditugu».

Komunitate txikiagoen ekintzez ari zarela, pentsatzen al duzu beste demokrazia eredu baten beharra dagoela?

Bai, noski; horri buruz idatzi dut Earth Democracy liburuan [Lurraren demokrazia]. Bertan, giza komunitateez hitz egiten dut Lurreko komunitateen barruan. Izan ere, gu ere bagara Lurreko komunitatearen parte: erle guztiak hilko balira, ez litzateke polinizaziorik gertatuko, eta landareak desagertu egingo lirateke; ozeanoak hilko balira, ezbeharrak gertatuko lirateke eta abar. Beraz, Lurreko komunitatearen parte gara gizakia, eta hori ezin dugu ahaztu.

Demokraziari dagokionez, bai, aldaketa bat gertatu behar da. Nekazaritza ereduarekin gertatzen den modu berean, nazio estatu zentralizatuak ere duela gutxiko asmakuntzak dira, eta sistema hori hausten ari da. Begira Katalunian zer gertatzen ari den: jendea nazkatu egin da eredu horretaz. Bankuek dute boterea, eta herritarrek sentitzen dute bankuek engainatu egin dituztela. Horregatik, uste dut botereak beherako bidea egin behar duela; boterea herriari eman behar zaio, herritarrei, eta Lurrari ere bai.

Gehien kutsatzen duten enpresak garatzeko bidean diren herrialdeetan daude gehienbat. Zer iruditzen zaizkizu herrialde horiei egiten zaizkien eskakizunak kutsaduraren arloan?

1992. urtean Lurraren goi bilera egin genuen, eta ingurumenari buruzko hitzarmenak sinatu genituen. Itun horiek hegoaldeko herrialdeek idatzi zituzten. Garai hartan, industrializatu gabeko herrialdeetako herritarrak ginen gu, eta enpresa gehienak industrializatutako herrialdeetan zeuden oraindik. Gero, 1995. urtean, korporazioek merkataritza librea asmatu zuten, eta industrializatutako herrialdeek fabrikak hirugarren munduko herrialdeetara eraman zituzten, gehien bat oso kutsagarriak zirenak. Gaur egun, Walmartek saltzen duenaren %90 Txinan ekoizten dute.

Duela egun gutxi, hamabi ekintzaile hil dituzte Indian, ozeanoa kutsatzen ari den Erresuma Batuko kobre enpresa baten aurkako protestak egiteagatik. Enpresa hori Erresuma Batukoa da. Zein da globalizazioak eragindako kutsaduraren aurkako konponbidea? Bada, kutsadura horrek dakartzan gastuak ez lituzke enpresa kokatuta dagoen herrialdeak ordaindu beharko, enpresak berak baizik. Klimari eta kutsadurari buruzko eztabaida hau garatu behar dugu ekonomia globalizatuarekin bat etor dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.