ESK berrasmatzeko biltzarra

ESK sindikatuak «egiturazko aldaketak» proposatuko ditu bihar egingo duen bosgarren Biltzar Nagusian, ahalik eta afiliatu gehienek parte har dezaten sindikatuaren eguneroko erabakietan.

ESK sindikatuaren manifestazio bat, Maiatzaren Lehenean. JON HERNAEZ / FOKU.
xabier martin
2019ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Konpromiso handiko militante historikoak erretiroa hartzen ari dira. Ez da soilik ESK sindikatuan gertatzen ari, baina han ere jazotzen ari denez, sindikatuak «egiturazko aldaketa garrantzitsuak» egingo ditu ahalik eta afiliatu gehien egon daitezen parte hartze aktiboan, «sindikatu horizontalagoa egiteko». Bihar onartu beharko dituzte aldaketa organiko horiek, hainbat ponentziaren bidez, Errenterian (Gipuzkoa), ESKren bosgarren Biltzar Nagusian. 250 militante elkartuko dira Niessen aretoan (09:30), eta «prozesu parte hartzaile luze baten ondoren» ateratako ondorioak mahairatuko dituzte biltzarkideen oniritzia lortzeko.

«Militatzeko modua aldatu egin da azken urteotan», esan dio BERRIAri Sergio Ortega ESK-ko ekintza sindikaleko arduradunak. «Erronka handia daukagu biltzar honetan, eta gure sorrerarekin dago lotua. Bizitza militantziari emaniko belaunaldi oso batek erretiroa hartu du gutxika, eta, atzean segitzen duten arren, jakintsuen kontseilu bateko kide balira bezala, aldaketak behar ditugu aurrera egiteko, militatzeko modu berriak ez baitira sindikatuari hain emanak».

ESKren aspaldiko apustua eta lelo nagusia da bizitza gizartearen erdigunean, eta, horrekin batera, «egitura klasikoa» aldatu nahi du zuzendaritzak, batzorde nazionalaren lekua koordinakunde batek hartuta. «Sindikatuaren egunerokotasuna kudeatuko du talde horrek, eta haren inguruan sare bat eratuko dugu, lantalde sendoekin; ESK-ko ordezkariek osatu dituzte lantaldeak». Batzorde Nazionalak «ia dena» erabaki behar zuen lehen, eta orain sindikatu «horizontalagoa» izango dela uste du Ortegak, ordezkariek zuzenean parte hartuko baitute erabakietan. Gainera, kudeaketa «azkarragoa» egiteko modua izango dela dio ESK-ko bozeramaileak.

Finean, sindikatuak beste urrats bat egin nahi du parte hartzean, eta egiturak inoiz baino baino gehiago ireki. Idazkari nagusirik jarraituko du; «talde bat egongo da, bost kidekoa, eta lau herrialdeen ordezkaritza egongo da han. Haiek izango dira erreferentzia kanpo harremanetarako, betiere biltzarrak oniritzia ematen badie aldaketei».

ESK osasun onean iritsi da bere bosgarren biltzarrera. Sergio Ortega pozik dago afiliatuen kopuruak gora egin duelako berriro krisi handiaren ostean. 5.395 afiliatu dauzka, azken bost urteetan %12 gora egin ondoren, eta horrek %1,5eko ordezkaritza eman dio. «Sektore publikoan, ososendo gabiltza Osakidetzan;oposizioen harira egin ditugun salaketak hor daude, eta egiten ari garen lana hori bezain garrantzitsua da mediku zaintzaz besteko zerbitzuak pribatizatu ez daitezen». Alor pribatuan, Bizkaiko metalgintza, Sidenor, Arcelor eta CAF enpresak ere aipatu ditu ESK-ko kideak, sindikatuaren sendotasunak zerrendatu dituenean.

DSBEa eta lan banaketa

«Sindikatu gardena gara, gatazkari muzin egiten ez diona, etalan arloa baino kezka gehiago dituena», dio Ortegak. «Kapitalismoa ezbaian jarri nahi duen sindikatu feminista bat izan nahi dugu, eta Errenteriako biltzarrean helburu horretarako oinarriak jarri nahi ditugu».

Ekonomiak gehiago moteltzeko joera duela dio ESK-ko arduradunak, ziurgabetasuna gero eta handiagoa dela, eta «lehenbailehen» ekin behar zaiola aberastasuna «hobeto» banatzeari, «prekaritatea eta miseria oso zabalduak daudelako gizartean»; «galga jarri behar diogu egoera bidegabe horri». Langileek «erein» egin behar dutela dio, «galdutako eskubideak berreskuratzeko».

ESK-k uste du lana bizitzaren erdigunean jartzea «akats larria» dela. «Hego Euskal Herria inoiz baino aberatsagoa da, eta jasangaitza da gehienon pobretzea gertatzea aldi berean». Sergio Ortegak uste du egoera hori irauli egin behar dela, eta DSBEa oinarrizko tresna dela horretarako, aberastasuna banatzea ahalbidetzen duelako. Lana banatzea ere ezinbestekotzat jotzen dute sindikatuan; «etxekoa eta lan zentroetakoa, dena da lana, eta ongi aztertu behar da soluzioa, gerta ez dadin emakume galtzaileak eta gizon irabazleak egotea ariketa horretan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.