Koronabirusa

Etxeratze aginduak ez du karismarik

COVID-19ren kontrako manuek ezinegona eragin dute hainbat herritarren artean. Hiru ostatuk ezin dute ireki Maulen. Zabal dezaketenek ez dakite norat buruz doazen

Jaten emateko lizentziarik ez duten ostatuetako bat, Maulen, estadioaren parean, halabeharrez hetsirik. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Maule
2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Normaltasun berriak hartu du Lextarreko plaza zinez luzea: merkatu eguna baita, badabil jendea, gutiz gehienak maskaraturik. Bakana den mozkina esku hutsena da. «Ei! Porrua galdu duzu!», joan zaio saltzaile bat besoak gaindika dituen emazte baten gibeletik. Trafikoaren arauei muzin eginik, bisitarien elkar gurutzamenduek jantzi dute ausazko mozorroa: ez baita zirkulazio norabiderik, ez legerik, mugimendu libertatea da nagusi.

Alta, kantoiko Europe ostatuan kafe bat hartzearekin, askatasun horren hegaletan paisaia errotik aldatzen da. Atea ireki orduko, eskuak ikuzteko gel hidroalkoholikoaren ondoan kaiera baita zabalik, sartzen den orok bere izen, deitura eta telefono zenbakiak utz ditzan. Ostiralaz geroztik, etxeratze agindua ezarri dio Frantziak Ipar Euskal Herriari: 21:00etatik 06:00etara, hain zuzen ere.

Ostatua betea da, hiru zerbitzarik gobernatzen dute eremua, urrats labur eta zaluz zirrimarratzen dute zola: oinak arkatzak balira, zuriune guti luke zoruak. Hamar langile ditu Europe ostatuak. COVID-19aren kontrako neurri berriak ez du Beñat Queheil kudeatzailea inolaz ere bozkariatu. Kontatu du nola itxialdiko hiru hilabeteetan 50.000 euro galdu dituen. Gero, ekaina ez da usaiakoa izan: %30eko apaltzea ukan baitu. Uztaila eta agorrila «abantzu iaz bezala» izan badira ere, Mauleko bestak eta agorrilaren 15eko espartinaren eguna «beste gisaz» egin dutenez, hor ere bezero kopuruaren % 30 gutiago ukan dute. Gainera, usaiako adineko jendea ez da berriz ere jin, %40ko apaltzea senti dute. Ortziralaz geroztik plantan ezarri duten etxeratze manuaz mintzatu da: «Zinez gaizto da. Ez dut ikusten nola jinen den jendea 19:30ean afaltzerat eta 21:00etarako etxean izan. Entseatu ginen iragan maiatzean apairuak etxeetarat eramatea. Baina neguan, bi langile gutiago izanagatik ere, ez da aski izanen ostatuaren ibilarazteko. Libertatea kaltetua duzu, ez baitzaio uzten jendeari bizitzen nahi bezala, behar baitituzte izenak eta zenbakiak markatu... Erregimen totalitario batera arra jin gaituzu!». Hala ere, mezu baikorrarekin bukatu du: «Esperantza dugu etxeratze manutik landa gazteak jinen direla».

Kanpoko terrazan eki izpiez gozatzen ari da Maioi Basterreix: «Berri tristea da. Zaila da. Sartzen gara larrazkenean, neguan, giroa tristea da. Neurri hauengatik bizitzako plazerak galtzen ditugu, kulturak ematen dizkigunak. Itxialdiaz beldur naiz, nahiz eta hemen baldintza onetan bizi garen. Inkiet nauzu kulturarendako. Inkoherentziak ikusten ditut, nahiz eta entelegatzen dudan neurriak hartu behar direla. Kirol gelak hetsi dituzte, baina errugbia haizu da, kanpoan baita. Non da logika?». Kulturaren beharra azpimarratu du. Oroitu da haurrak Atabalerat eraman dituela Miarritzerat [Lapurdi] kontzertu baten entzutera: «Lehen edo azken kontzertua balitz bezala, bazen halako apokalipsi giro bat!». Hogei urte dituztenak urrikari ditu, adin horretan elkar ezagutzea eta gurutzatzearen garrantziaz jabeturik. Azkenik, Korrika urte batez gibelatzeak «sekulako zartakoa» eman diola kontatu du: «Bizia da, dinamika bat, energia bat... Sinbolo bat da enetzat».

Bilguneak soildu

Lextarren barnatuz, PMU ostatuak badu usaia mauletarren biltzeko. Beñat Idiart jabea kexu da, baina hein batean, bera baino kalte haboro pairatzen dituztenez inguratua baita: «Dena egiten dute jendea ez dadin elkar. Baina berdin-berdin eginen dute: Peirahoradara [Landak] joanen dira, han ez baitituzte zerratuko ostatuak. Afera konplikatua da. Egia da jendea lotsa dela, aise gutiago ateratzen dela. Gure kasuan, arratseko aperitifan dugu galduko, zeren eta eguerditan baitugu jaten ematen». Edaten emateko bakarrik lizentzia duten lankideez oroitu da, haiek ez baitute irekitzeko eskubiderik: «Hiru dira Maulen. Estadioaren pareko ostatuan, bart [ostiralean] sostengu-gaualdia antolatu diote errugbilariek. Ez dakit nora goazen, baina Eguberriz hola segitzen badu, katastrofikoa izanen da».

Ganbetta karrikan berean, Etxola jatetxeak itxura berezia du: baitirudi dutxaz betea dela. Izan ere, osagarri neurriei aitzi egiteko, segurtasun tartea baino gehiago, mahaien artean plastikozko oihal gardenak txilintxau ezarri dituzte. Gisa hortaz, bi mahai bakarrik ilki behar izan dituzte. Mixel Uhalt kudeatzailea arrangura da: «Begi hutsez nabigatzen ari gara. Neurriaren berri hartu bezain laster, irratian, webgunean eta Facebooken egin dut gure eskaintza: etxeetara eramateetan %20ko prezio apaltzea egiten dugula. Ikusiko zer gertatuko den. Mementoko nehork ez du deitu. Jendea lotsa duzu; adineko horiek ez dituzu haboro jiten». Ezjakintasuna du berme bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.