Hezkuntza Lege berrirako ituna berretsi du EH Bilduk

Babes zabalarekin onartu dituzte akordioaren oinarriak. Egoera ekonomikoari aurre egiteko neurriak proposatuko ditu koalizioak bihar

Europa biltzar jauregian egin zuten EH Bilduren Batzar Nagusia, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2022ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
EH Bilduko kideek EAEko Hezkuntza Lege berrirako akordioa berretsi dute. Babes zabala eman dio, gainera, koalizioak EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU-rekin Eusko Legebiltzarrean egindako itunari. Zehazki, batzarrean parte hartu duten EH Bilduko kideen %81ek babestu dituzte lege berrirako adostutako oinarriak; %8k bozkatu dute ezetz, eta botoen %11 izan dira zuriak. Ohiko Batzar Nagusian egin dute bozketa.

Aktualitate politikoa eta ikasturteko erronka nagusiak izan zituzten hizpide, besteak beste, atzo Gasteizko Europa Bbiltzar jauregian egindako batzarrean. Koalizio subiranistako kideen zeregin nagusia, baina, hilaren 18an Gasteizko parlamentuan egindako hezkuntza hitzarmena eztabaidatu eta bozkatzea izan zen. Aldeko emaitza izan zuen bozketak, gehienek lege berrirako oinarrien alde bozkatu baitzuten, alde handiz gainera.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren hitzetan, batzarrak balorazio ona egin du koalizioak hezkuntza proiektu baten alde egindako «ahaleginaren eta lanaren» inguruan, eta uste du bozketaren emaitza egindako «ekarpen» horren adierazgarri dela, proiektu hori soilik Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako bada ere. Hala eta guztiz ere, uste du agerian geratu dela, «beste behin», nolako garrantzia duen koalizio subiranista funtsezko akordioetan izateak. «EH Bildu akordioetan dagoenean, herritarrek irabazten dute», adierazi du.

Ukrainarako negoziazio eske

Ukrainako gerrak sortutako egoera sozial, politiko eta ekonomikoaz ere jardun dute batzarrean. Horri lotuta, hain zuzen, Errusiaren erasoak gaitzetsi ditu Otegik ostera, eta berretsi du koalizio subiranistak «inbasioaren» aurkako jarrera erakutsi duela hasieratik. «Inbasioaren guztiz kontra gaude, eta argi eta garbi adierazi dugu hori. Baina ez gaude ados, halaber, armak bidaltzearekin eta lasterketa armamentistikoa areagotzearekin ere, horrek gatazka nuklearra piztu dezake eta».

Bada, bide horretan, diplomaziaren eta «nazioarteak babestutako» negoziazio prozesu baten alde egiteko eskatu du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. «Gernikako seme-alabak gara, eta baita NATOri ezetz esan zion herri bateko kideak ere», gogorarazi du Otegik.

Ukrainako gerraren ondorioz Europan izaten ari diren albo kalte sozial eta ekonomikoen inguruan, bestalde, Otegik esan du EH Bilduk egoerari aurre egiteko neurri sorta bat proposatuko duela bihar, koalizioaren mahaiak egoera aztertu ondoren. «Salbuespeneko egoera berri batean gaude. Lehenagotik zetorren egoera hori, baina orain areagotu egin da», azpimarratu du. «Argi eta garbi ikusten da hori energiaren prezioarekin, elikadura katean produktu jakin batzuekin dauden arazoekin, edota bizitzaren garestitzearekin. Eta uste dugu egoera aztertu behar dela, zeren gerrak eliteek egiten dituzte eta jendeak sufritzen ditu». Proposamen «zehatzak» hitzeman ditu Otegik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.