Ernaik «gazte estrategia» berritu du, 'Ehotzen' txostena onartuta

«Gazte frontea» eratzea, hezkuntza eta naziogintza lehentasun izango ditu gazte antolakundeak

Ernaiko 500 kide baino gehiago elkartu ziren Olatzagutiako kiroldegian (Nafarroa). ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Julen Aperribai.
Olatzagutia
2022ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Datozen urteetarako ekinbide politikorako oinarriak ezarri ditu Ernai gazte antolakundeak, hirugarren kongresu prozesua amaituta. Atzo egin zuten kongresu amaierako ekitaldi politikoa Olatzagutian (Nafarroa), 500 kide baino gehiago bertan zirela.

Ehotzen txostena izango du oinarri gazte antolakundeak datozen lau urteetan. Haren alde egin dute militanteen %93,5ek —%75,5eko parte hartzea izan da—. Bere helburuak berretsi ditu antolakundeak bertan, baina, aldi berean, borroka eraldatzaile berriak mugimendura eramateko konpromisoa hartu du. Honela azaldu zuen zer den Ernai Ainhoa Bueno kideak: «Ezker abertzalearen baitako gazte antolakunde autonomo eta iraultzailea da, eta izaera sozialista, feminista, independentista, euskalduna, ekologista eta internazionalista dauzka».

Helburuak lortzeko, baina, proiektu politiko sendo bat marrazteko beharra azpimarratu zuten. Datorren epealdian, «gazte estrategia» deitu diotena izango da horretarako jorratuko duten bidea. Apustu nagusia «gazte frontearen artikulazioa» izango dela aurreratu zuten; «gazteok bizitza bizigarriak eskuratu ahal izateko eta zapalkuntza oro gainditzeko bokazioak eta borroka horiek eraldaketa sozialaren eta burujabetzaren norabidean kokatzeak ardaztuko duen frontea», Ane Alava Ernaiko bozeramaileak adierazi zuenez. «Aldarrikapen mugimenduak eta proiektu alternatiboen eraikuntza» sustatzen indar berezia egingo dute, helburu horretara bidean.

Hezkuntza eta naziogintza izango dira gazte estrategiaren beste bi ardatzak. Lehenengoari dagokionez, unibertsitateetako lana indartzen jarraituko du gazte antolakundeak, eta, ikastetxe ertainen eremuan, Ikama ikasle antolakundearekin duen aliantza sendotzen. Lanbide heziketan ere lanketak egingo dituztela zehaztu zuen Manu Martinez gazte antolakundeko kideak.

«Pultsu nazionalaren beherakadak» kezkatuta jarri dute arreta naziogintzan, bestalde, Buenok azaldu zuenez. Joera horrek gazte mailan «are dimentsio handiagoa» duela gaineratu zuen. Horregatik, luze gabeko estrategia garatu, eta «Euskal Herriaren eraikuntza proiektu eraldatzaileekin lotzeko ekinbidea indartuko» dute. Beste hainbat borroka eremutan lanean jarraituko dutela ere gaineratu zuten, bost lehenetsita: feminismoa, euskara, gaztetxe eta gazte asanbladak, borroka transmaribibolloa eta bizitza duinen aldekoa.

Gazte estrategia garatzeaz gain, beste bi helburu ere zehaztu ditu Ernaik. Batetik, «belaunaldi berriak ezker abertzalearen proiektura batzea eta kultura militantearen transmisioa bermatzea», eta, bestetik, «gazte independentistak sortzea». Gazte antolakundeak «prozesu independentista eraldatzailea bultzatzeko ardura» duela adierazi zuen Alavak, «haustura momentuak bilatu eta askapen mugimendua azeleratzekoa».

Etxea «feministatzera»

Etxe barrurako lanak ere jarri dizkio gazte antolakundeak bere buruari. Ernai «ezker abertzaleko lehen antolakunde feminista» izan zela gogorarazi zuen Iker Eizagirre kideak, eta duela hamar urte «feminismoa erdigunean jarri eta gazte belaunaldi eta jardun oso bat feministatu» zutela. Alabaina, egungo egoerari erreparatuta, autokritika egin zuen: «Barne mailan gaiarekiko destentsionamendua egon da, arduretan gauden kide gehienok gizonezkoak gara, ahalduntze eta boteretze maila handiegia daukagu, eta ez gara gai izan arazoa identifikatu eta neurriak hartzeko; horrek gure kide feministen lana bikoiztu eta zaildu du».

Horregatik, «urrats feminista berri bat» abiatuko dutela iragarri zuen Itxaso Mimenza Ernaiko kideak, «bi urtez militantzia eraldaketarako subjektu bilakatu, etxe barruak errebisatu eta antolakunde feminista eraikitzeko».

Feminismoak prozesu independentistaren zutabe izan behar duela nabarmendu zuen Mimenzak: «Sinetsita gaude prozesu independentista eraldatzailea feminista izan behar dela eta izango dela. Finean, proiektu politiko feminista erradikal baten alde berresten gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.