Albistea entzun

Aranzadik esan du memoria lanetan «biktima guztiak» dituela aztergai

«Ikerketa integralak eta ez-partzialak» defendatu ditu, udalerriei «lurzoru zientifikoa» eskaintzeko
Galdakaoko memoriaren webgunearen aurkezpena; tartean, Aranzadiko eta Gogora institutuko ordezkariak.
Galdakaoko memoriaren webgunearen aurkezpena; tartean, Aranzadiko eta Gogora institutuko ordezkariak. GALDAKAOKO UDALA Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2023ko apirilak 14

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak biktimen udal txostenak egiteko irizpideak eman zituen 2018ko ekainean, Giza Eskubideen eta Oraintsuko Memoriaren (1960-2018) Udal Txostenak egiteko oinarriak eta irizpideak agirian, eta Aranzadi zientzia elkarteak irizpide horiei jarraitu die Euskal Herriko zenbait udalerrietarako egindako biktimei buruzko lanetan, elkarteak berak ohar batean esplikatu duenez.

Galdakaoko PSE-EEk eta gero EAJk irekitako auziaren harira eman ditu azalpenak Aranzadik. Gogora-ren aurretik ere Eusko Jaurlaritzak biktimen edukian emandako gidak nola izan diren gogoratu du zientzia elkarteak, eta helarazi du egindako lanak «udal erretratuak» direla, «ez dituztenak gai moralak edo etikoak jorratzen». Udalerri guztietan eskema berari jarraituz, «gertaera bakoitzaren deskribapen labur batera mugatzen dira», Aranzadiren esanetan. Informazio horrek «oroitzapenezko ekintzak eta biktimen aitortza» sustatzea erraztuko duela erantsi du.

Besteak beste Azpeitian, Tolosan eta Erandion, baita Galdakaon ere —zeina asteon polemikarako bide izan baita—, «Jaurlaritzak egindako eskema horri jarraitu dio» Aranzadiren lanak, zientzia elkartearen arabera. Gogora-ren 2018ko txostenaren irizpideak «bere egiten ditu» elkarteak: «Ez baztertu, ez legitimatu,eta ez garrantzirik kendu». Elkarteak zehaztu du «nazioarteko estandarrei» erreparatzen diela, eta «adostasunetik» abiatzen direla memoriari buruzko haren lanak, Gogora-k jarritako bidetik.

Azken puntu horri dagokionez, Aranzadik azpimarratu du egindako ikerketen abiapuntua «udal ordezkaritza duten talde politiko guztien aldez aurreko adostasun politikoa» dela. Talde politikoak dira, hain zuzen, elkartearen esanetan, elkarbizitza mahaien bidez «Aranzadirekin harremanetan jartzen direnak proiektu integral bat egin dezan», lehen adierazitako irizpideei jarraikiz.

Lurzoru etikoa eraikitzeko

Aranzadirentzat, ikerketa horietan «funtsezkoa» da beste puntu bat: ikerketek «integralak eta ez-partzialak» izan behar dutela, eskakizuna udalerriaren «adostasun politiko eta sozialetik» abiatu denez gero. «Aztergaia ez da biktima mota jakin bat biktimagilearen arabera, biktima guztiak baizik, biktimagilea edozein dela ere».

Lan horretan diharduten hainbat diziplinatako profesionalak ariko direla hartzen du aintzat kasu guztietan egon den adostasun politiko-sozial horrek, zientzia elkarteak helarazi duenez; «batik bat historialariak, antropologoak eta forentseak» aritzen dira memoriari buruzko txostenak egiten. Alderdi politikoen ika-mika handiaren aurrean zientzia aldarrikatu du Aranzadik: «Metodologia zientifikoarekin lan egiten dugu, Aranzadik 75 urteko historian egin duen bezala. Lurzoru zientifikoa eraikitzen dugu datu objektiboak identifikatuz eta bilduz, erakundeek ahalik eta adostasun handienarekin eraiki dezaten hain beharrezkoa den lurzoru etiko hori».

Eta jakinarazpen argi bat igorri du kontakizunarekin loturik: «Ikerketa horiek eskatu dizkigutenean, ez digute eskatu kontakizun bat eratzeko, baizik eta tokiko erakundeei laguntzeko, tresna erabilgarri baten bidez giza eskubideen bortxaketen biktimak zein motibazio politikoko indarkeriatik eratorritako sufrimenduak izan dituzten pertsonak identifikatzeko». Abisu zehatz bat ere eman du elkarteak esparru horretara iristean: «Azken horiek ezin dira giza eskubideen urraketa larrien biktimatzat hartu». Eta garbi utzi du ez direla horrela sailkatu beren lanetan, nahiz eta hori leporatu dioten zenbait alderdik.

Hala eta guztiz ere, eragile instituzional, politiko, akademiko eta sozialei esan die Aranzadi prest egongo litzatekeela eragile horiekin lankidetzan aritzeko, «irizpideetan eta metodologian egin litezkeen aldaketei edo hobekuntzei buruzko hausnarketa bateratua egiteko beharra balute». Baina betiere «independentzia zientifikoz jardunez» ariko litzatekeela ohartarazi du.

Gogora institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok ere eman du iritzia piztu den polemikari buruz. Haren ustez, «memoria ez dira soilik datuak eta izen zerrendak; ikuspuntu kritikoa eskatzen du, etikoa eta baloratiboa».

Bien bitartean, Tolosako eta Erandioko udalek, biak ere EAJrenak, Aranzadiri eskatu diote bertan behera uzteko beren memoriaren webguneen bilaketa, biktima batzuentzat orri horiek «iraina» direlakoan.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Kartzeletatik irten eta gero datorrena prestatzen laguntzen du Arrats elkarteak. ©IREKIA

Arrats elkartea saritu dute, presoekin egindako lanagatik

Isabel Jaurena

Nelson Mandela Eguna ospatu du Jaurlaritzak Donostiako Tabakaleran. Espetxeetako kudeaketaren transferentziaren bigarren urteurrenarekin bat egin du ekitaldiak
Kanpainaren aurkepena atzo, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Gaitu kanpaina: euskarazko milaka ahots biltzeko «erronka» abian da

Arantxa Iraola

'Gaitu.eus' webgunean sartuta egin daitezke grabazioak. Software librearen emaitza da
Aitor Esteban, alderdi egunean. ©Monika del Valle / Foku

Sanchezek ez du oraindik bermatua jeltzaleen aldeko botoa

Berria

Aitor Esteban EAJko Kongresuko eledunak esan du gaur gaurkoz ez direla baldintzak ematen

Oihanako Etxebarrietak aurkeztu du konferentzia politikoa. ©EH Bildu

EH Bilduk beharrezkotzat jo du lurraldetasun auziaz eztabaidatzea

Iosu Alberdi

Koalizioak larunbatean egingo du Konferentzia Politikoa, urteko plan politikoa hizpide

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...