«Tratamendu asimetrikoa» amaitzeko eskatu du Foro Sozialak

Estatuaren biktimen errekonozimenduari «inpaktu sozial handiagoa» eman behar zaiola nabarmendu du Foro Sozial Iraunkorrak

Iosu Alberdi.
2023ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Foro Sozial Iraunkorraren ustez, «ukaezina» da azken urteetan biktimen eskubideak bermatzeko «dinamika positibo bat» izan dela. Halere, aurrera begirako zenbait erronka jaso ditu Biktimen arteko diskriminazio egoerak gainditzea. Aurrerapenak eta erronkak dokumentuan. Hartan, ezinbestekotzat jo du «berdintasunezko tratamendu batera» igarotzea, eta estatuaren biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari «inpaktu sozial handiagoa» ematea. Izan ere, foroaren iritziz, biktima hitza erabiltzean oraindik ere ETAren biktimetan soilik pentsatzen da.

Dokumentuan, gure biktimak kontzeptuaren «erabilera murriztailea» gainditzeko beharra ere adierazi du, biktima guztiek «gizarte osoarenak» izan behar dutela argudiatuta. Azkenik, generoak biktimen gaian duen eragina aztertu behar dela azaldu du.

Elementu zehatzetara jota, estatuaren partetik «giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten pertsonen» eskubideak aitortzeko erreformak eskatu ditu. Besteak beste, 290/2010 dekretua eta 12/2016 legea aldatzea, estatuaren biktimak ere kontuan hartzeko. Lehenak «terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen du»; bigarrena «motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketen biktimen errekonozimendurako eta erreparaziorako» legea da.

Atzera begira, biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa eskuratzeko duten eskubidea jarri du erdigunean Foro Sozialak, eta uste du urratsak egin direla estatuaren biktimek sufritzen duten «tratamendu asimetrikoa» gainditzeko. Besteak beste, Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak onartutako legeak, eta Kriminologiaren Euskal Institutuak torturaren inguruan egindako ikerketak nabarmendu ditu.

Egindako urratsak kontuan hartuta, foroak uste du badaudela tresnak «egia sozialetik egia instituzionalera» igarotzeko, baina zail ikusten du, besteak beste,egiaren batzorde bat abiatzeko adostasun politikoa lortzea: «Gizarteak eta erakundeek orain arte baino berritzaileago izan beharko dute egia bilatzeko orduan».

Zailtasunen artean, estatuaren biktimek «justizia penala» eskuratzeko duten ezintasuna ere aipatu du. Izan ere, salatu duenez, ETAren biktimek Auzitegi Nazionaleko Terrorismoaren Biktimentzako Informazio eta Laguntza Bulegoa badute ere, estatuaren biktimek ez dute antzeko tresnarik: «Ez da bide horretan sakontzeko borondate handirik ikusten».

«Irain larriak»

Foro Sozial Iraunkorrak iaz jazotako zenbait gertakari salatu ditu. Salatu du «ahots propioarekin» eta «bakea eta bizikidetza eraikitzearen alde» aritu diren ETAren biktimek «eraso eta irain larriak» pairatu dituztela sare sozialetan. Bide beretik, esan du GALekin eta torturekin lotutako buruzagi politikoak «negazionismotik» jarrera «autojustifikatzaileetara» igaro direla, «horrek dakarren birbiktimizazioarekin».

Foro Sozial Iraunkorrak hilabete honetan amaituko du bere lan zikloa, VI. Foro Sozialarekin. Topaketa hura iritsi bitartean, bere ibilbidea aztertzeko eta egoeraren balantzea egiteko bilera sorta bat egiten ari da zenbait eragileekin. Atzo, estatuko biktimen ordezkaritza batekin elkartu ziren foroko kideak. Jakinarazi dutenez, antolatu gabeko ETAren biktimei ere gutun bana bidali diete, eta haietako zenbaitekin bilerak ere egin dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.