Koronabirusa

Beste 161 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

6.981 proba egin dituzte, eta horietatik %2,3k eman dute positibo. Azken bi hilabeteetan zenbaturiko kopururik apalena dago ZIUetan

Jone Bastida Alzuru.
2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Gorabehera txikiekin bada ere, bide ona hartuta ari da pandemiaren bilakaera Hego Euskal Herrian, eta birusaren kutsatze maila neurtzeko aldagaiek beheranzko joera argia erakusten dute uztail bukaeratik aurrera. Asteon ere jaso dira transmisioaren apaltzea berresten duten datuak. Iragan igandean 2020ko udatik erregistratutako kopururik txikiena zenbatu zuten Hegoaldean: 79 positibo atzeman zituzten. Eta herenegun beste mugarri bat erdietsi zen: intzidentzia tasa ehundik behera kokatu zen Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan. Atzo apur bat gora egin zuten hautemandako kutsatuek, aurreko egunetako datuekin alderatuta, baina ez larregi: beste 161 kasu jakinarazi zituzten.

Osakidetzak eta Osasunbideak COVID-19a detektatzeko 6.981 proba egin zituzten ostiralean, eta horien guztien %2,3k eman zuten positibo: hots, 161 pertsonak. OME Osasunaren Munduko Erakundeak %5ean du ezarria izurritea kontrolpean hartzen hasi ahal izateko muga, eta erreferentzia puntu horren barruan sartzen dira asteotako datuak. Hilaren hasieran mugarriaren gainetik zegoen ehunekoa, baina beheranzko joera errotzen ari da.

Datuei lurraldez lurralde erreparatuz gero, 64 positibo atzeman zituzten herenegun Bizkaian, beste 58 Gipuzkoan, hemezortzi Araban, eta 20 Nafarroan. Beste positiboa EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean erregistratutakoa da, Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera.

Ospitaleetan ere, hobera

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuten herenegun 25 lagun ospitaleratu zituztela birusak jota, bezperan bezainbeste: 24 EAEko zentroetara eraman zituzten, eta bat erietxeratu zuten Nafarroan.

Nafarroan 38 pertsona daude ospitalean COVID-19agatik, horietako 13 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. EAEn behera egin du ZIUetako okupazio mailak: 42 lagun daude horietan —46 zeuden bezperan—. Guztira, beraz, 55 daude Hegoaldean ZIUetan: azken bi hilabeteetako zenbatekorik apalena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.