Irungo aterpetxe aurrean kanpalekua jarri du IHSk

Migratzaileentzako aterpetxean hartu ez dituzten lau lagunek egin dute lo kanpalekuan. Europak Espainiari mugak jarri dizkio kanporatzeetan

Kanpalekuaren irudia, ostiral gauean, Irunen. BERRIA.
Maider Galardi
2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Ipar eta Hego Euskal Herriko mugan harrapatuta daude migratzaile asko berriro ere. Iparraldean, aginduan da Frantziako Gobernuak ezarritako itxialdia, eta Espainiako Gobernuak etxeratze agindua jarria du Hegoaldean. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren neurriek eragina dute Irunen (Gipuzkoa): ezin da herri batetik bestera joan arrazoi jakin batzuengatik salbu. Ez aurrera eta ez atzera gelditu dira, hortaz, berriz ere, hainbat migratzaile. Irungo aterpetxean hartzen dute askok ostatua, baina ate hori ere itxi zaie batzuei. Hala salatu du IHS Irungo Harrera Sareak. Ostiralean, esaterako, lau gazte gelditu ziren aterpetxean sartu ezinik, «irizpideak ez betetzeagatik». Horregatik, kanpaleku bat jarri dute migratzaileentzat aterpetxearen aurrean, «larrialdizko neurri gisa». Hain justu, aterpetxean lo egin ezin izan zuten gazte horiek kanpinetan egin zuten lo, eta, haien egoera bideratu arte, kanpalekuak bertan segituko du.

Etxeratze agindua eta pandemia aintzat hartzeko eskatu die sareak erakundeei, «tratu txar instituzionala eta beste hamaika abusu jasateaz gain, zorigaitz handiagoa eragotzi» ahal izateko. Protokoloak zorroztu dira, eta lehen 50 lagunentzako tokia zuen aterpetxeak hamabost pertsona hartzen ditu orain. Gainera, oroitarazi dute Pausa migratzaileentzako Baionako aterpetxea bi astez itxita dagoela.

Irungo Udalak kanpalekuarekin izandako jarrera «eskertu» du IHSk, kanpin dendak bertan jartzeko baimena eman baitu, baina eskatu diote pauso bat emateko aurrera, eta bere esku diren baliabideak eskaintzeko egoera bideratu ahal izateko. Gainera, salatu dute Espainiako Poliziak bi andre migratzaile atxilotu zituela ostegunean, eta kalean utzi zituela ondoren, aterpetxearen berri eman gabe.

Bestalde, Europako Justizia Auzitegiak Espainiari esan dio ezin dituela migratzaileak kanporatu «egoera irregularrean» egoteagatik. Isunak jarri bai, baina, beste arrazoirik gabe, edo muturreko egoerarik ez bada, debekatuta daude kanporatzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.